SARRERA
SARRERA
Blog honen bidez nere helburua Berastegi eta bere inguruko natura eta historia jorratzea izango da.
2020(e)ko otsailaren 11(a), asteartea
2020(e)ko otsailaren 5(a), asteazkena
Berastegiko inauteriak duela 70 urte.
Garizumaren aurreko hiru egunetan ospatzen ziren Berastegiko inauteriak, Zaldunita, Astelenita eta Asteartita, Igandea, Astelena eta Asteartea izenekoak, hurrenez hurren. Zaldunitan ez ziren mozorrotzen.
Inauteriak baino bi igande lehenago, gazteak bi despensero izendatzeko biltzen ziren. Izendapen horrek urtebeteko balioa zuen. Despenseroek festetan gastatzen zuten dirua administratzen zuten; txandako dantzariaren lehentasunaren arabera,neskak dantzara gehitzeaz arduratuko ziren. Inauterien garapen normala ere zainduko zuten.
Despenseroak izendatzeko, udaletxean biltzen ziren, eurekin batera txistulari eta danbolin jolea ere. Parte hartu nahi zuten gazte guztiak agertzen ziren, Berastegi ibaiaren alde bateko eta ibaiaren beste aldeko despentsero bana aukeratzen zen, eta 12 gazte gehiago, despenseroekin elkarlanean jarduteko. Jaiak antolatzeko gazteak izendatu ondoren, anis botila bat ateratzen zuten, eta txistulariak piezaren bat jotzen zuen.
Ostegun gizen goizean, mezetara joaten zen. Irteeran, txistularia eta danbor jolearekin, bi zaldi,txintxarrizko lepokoa eta koloretako zapiez apaindurik bere zaldizkoekin, herrian zehar doaz jaiak iragarriz. Zato erraldoi batekin ardoa gonbidatuz jendeari. Plazan berriz, haurrek dantza-soka dantzatzen zutelarik.
Larunbat arratsaldean, despenseroak,Ameraun, Kamineros eta baserri apartekoenetara eskatzera joaten ziren.
Igande goizean, Aiztunalde, Izotzalde, Eguzkialde eta Urdinarrain auzoetako bi ordezkarik gainontzeko gazteekin eskean ibiltzen ziren herrian zehar, eta biltzen zutena inauterietan aprobetxatzen zuten. Udaletxetik irten eta lehen bisita errektore etxean izaten zen, txistuaren musikak laguntzen zuen, eta gero herriko gainontzeko lekuetatik. Gazte batzuk, gauez, ez ziren etxera joaten lotara, eta udaletxean gazteentzat zegoen gazte-gelan pasatzen zuten.
1910ean argitaratutako udal-ordenantzen 14. artikuluan, eskaera horiei buruz honako hau irakurtzen dugu: «Los bailarines llamados de «San Juan» y jóvenes postulantes, los días de carnaval y cualquier otro día, obtendrán para exhibirse, bailar, cantar, tocar y pedir limosna, la correspondiente autorización del Alcalde».
Zaldunita, Astelenita eta Asteartitako arratsaldetan gazteek dantza-soka dantzatzen zuten plazako agertoki berean. Zuriz jantzitako despenseroek dantzariak eskatutako neska ekartzen zuten, bata neskaren aurretik eta bestea atzetik jartzen zirelarik. Dantza-soka amaitzean, parte-hartzaileak plazako eserlekuetan eseri eta gailetak eta ardoa zerbitzatzen zieten.
Inauterietako jantziak honako hauek ziren: abarketak, artilezko galtzerdi zuriekin, mahoizko galtzak, txilaba bat lepotik belaunetaraino, marrak goitik behera eta eskuak poltsikoetan sartzeko irekigune batzuekin. Buruan, lastozko txanoa, eta honi alanbrearekin kono itxura emanez papertxo eta lumez apaindua. Aurpegian, kareta bat sudurreraino. Poltsatxo bat ere eramaten zuten botatzen zituzten papertxoak eramateko.
Aipatutako ordenantzen hamaseigarren artikuluari dagokion "inauterietako maskarak eta dantzak" izeneko atalak honela dio: «En los días de Carnaval no se permitirá sacar el baile llamado aurresku o soka-dantza con disfraz o careta, pero se permitirá andar disfrazado por la calle desde las nueve de la mañana hasta el oscurecer, exceptuando el tiempo que duren las funciones de la iglesia, siempre que se presenten sin atacar a la moral pública y buenas costumbres. Las autoridades o sus agentes serán los llamados en todo caso para quitar la careta o pañuelo al hombre o mujer que no guarde el decoro correspondiente, cometiendo alguna falta u ocasione disgustos al público o a los particulares».
2019(e)ko abuztuaren 7(a), asteazkena
BERASTEGIKO ARGIZTAPEN PUBLIKOAREN HASTAPENAK
Kale nagusia ...... inguruan, argindar-kablez inguratuta. |
Mende
bukaerako bi hamarkadetan Elberdin, Danboliñenea, Igeralde,
Uraundia, Urrezti eta Intxaurrondoko iturri eta harraskak eraiki edo
berritu zituen udalak, auzotarren mesedetan. Eta argiztapen publikoa,
berriz, 1902. urtea hasi berritan iritsi zen gurera. Donostiako
kaleek 1899an ezagutu bazuten argiztapen elektrikoa, handik hiru urte
eskasera martxan zituen udalak herriko lehen kale-argiak Berastegin,
herritarren gozamenerako. Hala, bizitzaz jantzi ziren kaleak, nahiz
eta etxeetan oraindik petroleozko kinkeak eta olio-lanparak erabili.
XIX.
mende amaierarako, Tolosaldean paperaren industria zen nagusi
ekonomia-indarren artean; burdinola eta errota zaharrak paper-fabrika
moderno bilakatuak zeuden.
Tomas
Mujika Amiano enpresa-gizon lasartearraren egitasmoa ere garaiko
joerari lotu zitzaion. 1895ean Plazaolako burdinola erosi zuen,
bertan paper-orezko fabrika jartzeko asmoz. Frankiko eta Leitzarango
erreketan hainbat zundaketa-lan egin zituen, eta ohartu zen lehorte
garaian ez zuela ur eta, beraz, energia nahikorik izango bere
paper-ore fabrika berriko makineria mugiarazteko. Ondorioz, 1895eko
irailaren 24an, Eluts Handi inguruko 6 edo 7 areako lursail batean,
zentral hidroelektriko berria eraikitzeko baimena eskatu zion
Berastegiko udalari. Handik eta kable bidez, beharrezko zuen
argindarra eramango zuen Plazaolako fabrika berrira. Udalak begi onez
hartu zuen Mujika Amianoren eskaera eta baimendu egin zuen zentral
berriaren proiektua.
1897ko
irailaren 12an, eskaera berri batekin etorri zitzaion Mujika Amiano
udalari; Aintzergatik Plazaolara errepide bat egiteko baimena zen
eskatzen zuena. Eskatzailea prest agertu zen, gainera, lanen
kostuaren herena ordaintzeko. Ez zuen, ordea, agindutakoa beteko.
1900eko
urrian, hilabeteko epea eman zion udalak Mujika Amianori, egindako
lanetan hondatutako eta puskaturiko bideak konpontzeko.
1901eko
urtarrilean, berriz, enpresagizonaren bete gabeko agindu eta promesez
asperturik, ultimatuma bidali zion udalak: 15 eguneko epean ubideari
eta kableentzako posteei zegozkien zenbait auziri irtenbidea emateaz
gain, makinekin hondatutako bideak konpondu beharko zituen, paper
fabrika martxan jarri nahi bazuen, behintzat.
Eta,
hala, hilabete beranduago, 1901eko otsailean, jarrerak bateratu eta
bost puntuko hitzarmen bat adostu zuten bi aldeek:
1.
Mujika jaunak 1.795 pezetako kalte-ordaina eman beharko zion udalari,
Leitzarango urez baliatzeko Plazaolan bi kanal irekitzeagatik.
2.
Mujika jaunak, bere kontura, argindar-sarea eta 20 kale-argi ezarri
beharko zituen herrian, hartarako izendatutako udal-batzordeak
erabakitako puntuetan.
3.
Udalak, bere aldetik, instalazio elektrikoa egiteko beharrezko ziren
zutoinak ahalbidetuko zizkion Mujika Amianori.
4.
Udalak Bizkotxen zegoen herriko hariztia Mujika Amianoren eskura
jarriko zuen, hark Plazaolako makina-etxea eraikitzeko beharrezko
egurra bertatik har zezan.
5.
Mujika jaunak itxitura on batekin babestu beharko zituen kanalak eta
mantendu, abereak bertara ez erortzeko.
Argindar-zutoinak Ariztun auzoan |
1901eko
abenduaren 1ean, Mujika Amianok jarri beharreko kale-argientzako 20
puntu edo kokalekuak zehaztuz, zerrenda prestatu zuen udalak:
-
Kale-argi 1 Miguel errementariaren etxeko bidegurutzean.
-
Beste 1 Maitoneko bidegurutzean.
-
Beste 1 Elberdingo iturrian.
-
3 kale-argi plazan: bat Juan Labaienen etxe ondoan, beste bat
Txankanea etxearen ondoan, eta bestea Kontzeju eta
Gaztainondo-Berriren artean.
-
Beste 1 Apeztegiako bidegurutzean.
-
Beste 1 Danboliñeneko iturrian.
-
Beste 1 Martintxoneko bidegurutzean.
-
Beste 1 Zugui-Zabaletan.
-
3 kale-argi elizan: bat atarian, beste bat sarrera nagusian eta
bestea beste sarreran.
-
Beste 4 udaletxean: bat sarreran, beste bat eskaileretan eta beste
biak udaletxeko geletan.
-
Eta 3 azkenak Kontzejuko maizterrarentzat.
Hauexek
izan ziren lehenengo 20 argi-puntuak Berastegin, eta hauen ondotik
joan zen herriko argindar-sarea pixkana-pixkana urteetan zabaltzen
gainerako eraikin eta herri-bideetara.
VICTORIANO ETXABE YABEN “CHIQUITO DE BERASTEGI”
VICTORINO ETXABE, zutik eta eserita RAMON ZARAKAIN |
1877ko
maiatzaren 22an jaio zen, Berastegiko Salbadorenea etxean. Jose Cruz
Etxabe Arregi eta Mª Bernarda Yaben Esnaolaren semea zen, hamar
senidetatik seigarrena.
Esan
bezala, zesta-puntako pilotaria izan zen, "chiquito de
Berastegi" ezizenaz ezaguna. 1892ko abenduaren 26an egin zuen
debuta, 15 urte zituela, Madrilgo frontoietan.
Apustua
tarteko, aparraldian, unerik gorenean zegoen zesta-punta orduan,
frontoietako "euskal kirola" ("sport vasco")
deitzen zitzaiona, eta horrek pilotari euskaldun askok Madrilgo eta
Bartzelonako frontoi berrietan jokatzea ekarri zuen.
1892ko
gabonetan, esate baterako, 8 egunez jarraian jokatu zuen Victorianok
Madrilgo San Francisco frontoian.1893ko azaroaren 12an ere Madrilen
zen berriro, hango Euskal Jai frontoian jokatzeko, hurrengo urteko
martxoaren 30era arte.
1895eko
martxoaren 9an, Bartzelonara joan zen, han 8 hilabetez Barcelones
frontoian jokatzeko. Tarrasako frontoiaren inaugurazioan ere hartu
zuen parte Victorianok, baita Colon frontoiarenean ere 1896an.
Geroago,
artean oso gazte zela, Ameriketara joan zen, eta garaipen edo lorpen
handiak eskuratu zituen Mexiko, Kuba, Brasil eta Argentinako
frontoietan.
Bere
lehengusu Ramon Zalakain Yabenekin batera, Egiptoko Kairo eta
Alejandriako frontoietan ere jokatu zuen.
Gerora,
pilotari izateari utzi zionean, artekari-lanetan ibili zen Barcelones
frontoian.
Azkenik,
61 urte zituela hil zen, Bartzelonan bertan.
2019(e)ko abuztuaren 6(a), asteartea
IBARROLA ITURRIA
Ibarrola iturria |
Andres Ibarrola, bere arreba Mª Dolores, Joaquina Antonia eta Mª Bautistarekin. |
Oparoaldia
bizi izan zuten Argentinako lurretan eta dirutza ere egin zuten.
Berastegira eginiko bisita batean, Bulatzi-erdi auzoan (leku-izen
hori dator informazio-iturri izan dugun testuan) iturri bat
eraikitzea erabaki zuen Andresek, bere arrebekin batera.
Gizarte-ekintza edo dohaintza bat egin zuen, beraz, auzotarrek ur
garbiaz goza zezaten.
Gauzak
horrela, 1913ko urtarrilaren 19an, Juan Martin Iparragirre lagun eta
auzotarrak Bulatzi-erdiko iturri berrirako ura eskatu zion
Berastegiko udalari, Andresen izenean. Udalak, bere aldetik, honako
baldintzekin onartu zuen Iparragirreren eskaera: ura Urandiko
depositutik hartu beharko zuten, eta hodien kanpoaldeko diametroak
ezin izango zuen 26 eta 33 mm arteko neurria gainditu. Hala, uda
hartarako funtzionamenduan izan zuten iturria auzoan.
Hala dio harri gaineko inskripzioak; ESTA FUENTE FUE COSTEADA POR DON ANDRES IBARROLA MARICHALAR Y Hnas EL AÑO 1913 |
1918ko
ekainean, alkateak herriko kale nagusiari Andres Ibarrola izena
jartzea proposatu zuen, iturriak herriari ematen zion zerbitzuagatik
esker ona adierazi eta omenaldia egin nahian Ibarrola jaunari. Baina,
azkenean, ez zen bete alkatearen asmoa, eta urte gutxitara hil zen
Andres.
1929ko
apirilean, Joaquina Antonia Ibarrolaren heriotzaren ostean, haren
albazea edo testamentu-betearazlearen jakinarazpen bat iritsi zen
Argentinatik, esanez Joaquina Antoniak bere ondasunen %7 Berastegiko
herriarentzat utzi zuela.
Hala,
1934ko otsailean, testamentu-betearazlearekin eta Ogasunarekin
hainbat izapide izan ondoren, 50.057,35 pezeta kobratu zituen udalak,
Joaquina Antonia Ibarrolak iturria mantentzeko eta zaintzeko
lanetarako utziak.
1934ko
apirilean, berriz, hilabete batzuez iturria urik gabe egona zela eta,
udal-batzak Urandiko hoditeria aldatzea erabaki zuen, eta Ibarrola
iturrirako eta Izotzalde auzorako ura Ollokoko manantialetik hartzea,
hoditeria berria erabilita. Inbertsio garrantzitsua izan zen hura
iturriaren funtzionamendu egokirako; eta lanen kostua finantziatzeko
ere, Joaquina Antonia Ibarrolaren ondasunak erabili zituen udalak.
1935eko
otsailean, lanak bukatu ostean, 17.362,20 pezetako soberakina geratu
zen Joaquina Antonia Ibarrolak utzitako diru-funtsetan. Haietatik
12.000 pezeta epe finkorako aurrezki bezala jarri zituen udalak, eta
gainontzekoa kontu korronte batean gorde zuen, behar berrietarako.
2018(e)ko urriaren 17(a), asteazkena
2018(e)ko abuztuaren 8(a), asteazkena
PEDRO MUÑAGORRI OBINETA
PEDRO MUÑAGORRI OBINETA |
Apezpiku
eta misiolari, 1865eko ekainaren 29an jaioa Berastegiko Gorrinea
etxean. Felix Pedro Muñagorri Loidi zuen aita eta ama Mª Dolores
Obineta Zaldua, bederatzi anai-arrebatan seigarren senidea zen.
1880ko
irailaren 12an, 15 urterekin, dominikar abitu-hartzea egin zuen Ocaña
eskolan, eta han eman zuen urtebete ikasten.
Boto
handiko profesioak hartu zituen 1884ko irailaren 14an Avilako Santo
Tomas komentuan. Ikasketak burututakoan, eta subdiakono
izendatutakoan, Manilako Santo Domingora destinatu zuten, eta han
jaso zuen diakonotza 1887ko irailaren 24an. Aitor-entzule izanik
misiolari joan zen, 1888ko ekainaren 14an, Tun-King zentralera.
1888ko
uztail hasieran Manilatik atera zen, eta hil horretan Oñate jaunaren
eskutik presbiterotza jaso zuen Phú Nhai herrian. Uztailaren 20an,
Manilako Santo Domingon apaiz izendatu zuten, eta misiolari ibili zen
lur haietan zehar. Jende asko kristautu zuen, ospitaleak eraiki
zituen eta Tun-Kingen egundoko tenplua ere eraiki zuen, Jesusen
Bihotz Sakratua. 1903an hasi ziren tenplu hori eraikitzen, eta 3
urteren buruan amaitu zuten.
1907ko
abuztuaren 13an, bikario izendatu zuten Vietnamko Tun-King bikariotza
apostolikoan. Handik urtebetera baino lehen, 1908ko urtarrilaren
5ean, gotzain izendatu zuen Maximo Velascok Pitsunda herrian,
Valentin de Berrío-Ochoa dohatsuaren oinordeko.
1924ko
martxoaren 12an, Vietnamko elizbarrutiei izena aldatu zien bertako
administrazioak, eta Pedro Muñagorri Bui Chu bikario apostoliko
izendatu zuten.
Hona
hemen El
Pueblo Vasco
egunkarian agertutako gertaera, 1926. urteko Berastegiko jaietan,
bertako seme eta gotzain zen Pedro Muñagorriri egin zioten ongi
etorria, 40 urtez Indotxinan ibili ondoren hangoak kristautzen.
Abuztuaren 9an, astelehena, arratsaldeko zortzietan egin zuen sarrera Berastegira. Herriko mugaraino ibilgailuan joan zitzaizkion harrera egitera udaleko ordezkariak: alkatea, idazkaria eta zinegotziak.
Arrosiko errota inguruan, errepidearen alde batetik bestera, pankarta bat jarri zuten: <<Berastegui postutzen da zure etorrera kin>>; herri sarreran, berriz, beste bat: <<Zure erriyak ongi artu zaitzala>>; eta herriko enparantzan lore uztai dotore bat idatzi honekin: <<Erri ontako seme agurgarriyeneri ongi etorriya>>. Etxe guztietako balkoi eta leihoak apainduak ageri ziren, ikusgarri zeuden.
Herriko enparantza jendez gainezka zegoen. Bertan, gurutzea altxatuta, gotzaina, hainbat apaiz eta Saturraran apaizgaitegiko ikasleak ere zain zeuden. Handik pixka batera, auto-ilara bat sartu zen herriko enparantzan, eta haietako auto batetik Pedro Muñagorri jaitsi zen aita dominikar bat lagun zuelarik. Herriko erretorea aurreratu zitzaion ongi etorria ematera eta bertako ordezkariak aurkeztera.
Javier Arregui apaizak zuzendutako abesbatza misto batek euskaraz abestu zuen gotzain jauna goraipatzeko. Geroago, batzorde guztia elizalderantz abiatu zen Tolosako danbolin-jole taldearen atzetik. Bide guztian abesbatza abesten joan zen. Elizaren sarreran, hostoz eginiko arku bat jarria zeukaten idatzi hau zuela: <<Filium episcopum salutat natalis ecclesia>>. Eliza ikusi ondoren, berriro ere plazara joan ziren denak batera. Plazan, haurtzaroko lagun eta familiartekoak aurkeztu zizkioten Pedro Muñagorriri. Ilunabarrean, gotzaina familiarteko zuen Juan Labayen apaizaren etxera erretiratu zen, bertan hartu baitzuen ostatu.
Asteartean, San Lorenzo patroiaren egunean, udalbatzarra eta gainerako agintariak Tolosako danbolin-joleen atzetik, Pedro Muñagorri buru zela, elizara joan ziren, meza pontifikala ospatzera.
Andres Viquendik zuzendu zuen meza, Javier Arreguik abesbatza eta organoa Norberto Almandozek jo zuen, Sevilla metropoliko katedraleko organo-jolea zen bera. Meza amaitu ostean, fededun guztiek erlikiari eta gotzain misiolariaren eraztunari musu eman zieten.
Zeremonia amaituta, plazako frontoian esku-pilota partidu interesgarria izan zen. Bertan, Azkoitiko Chiquito anaiek, Berastegiko Miguel Mari eta Andoaingo Saroberen aurka jokatu zuten. Gotzainak ere ikusi zuen partidu hartan Azkoitiko anaiek 25 eta aurkariek 20 tanto egin zituzten.
Ondoren, udaletxeko batzar-aretoan, otordu ofiziala egin zuten Pedro Muñagorriren ohorez. Bere inguruan berrogeita hamar mahaikide eseri ziren, eta menua Kako jatetxekoek zerbitzatu zuten. Bazkalostean, giro ezin hobean, esker oneko hainbat hitzaldi zuzendu zitzaizkion gotzainari, eta aretoan bertan zegoen haren erretratua sinarazi zioten P. Muñagorriri. Azkenik, gotzainak, eserlekutik altxatuta, eskerrak eman zituen omenaldi harengatik.
Jaioterrian
hiru egunez egon zen, eta urtebete eman zuen Espainian zehar bere elizbarrutirako baliabideak eskatzen hainbat agintariri, tartean,
Alfonso XIII.ri ere bai.
Pedro
Muñagorrik bideratzen zuen Bui Chu elizbarrutia izugarri handitu
zen, eta berak bakarrik eramateko lan handiegia zela-eta, bi zatitan
banatzea erabaki zuten. Hala, 1934. urtean, Pio XI. Aita Santuak bi
zatitan banatu zuen elizbarrutia. 1935eko martxoaren 3an, Ho Ngoc
Aita dominikarra Bui Chu-ko gotzain izendatu zuen Aita Santuak,
Pedro Muñagorriren ordezko; Thai Binh elizbarrutia, berriz,
gehienbat misiolari espainiarrez osatua geratu zen.
1936ko
ekainaren 17an hil zen Pedro Muñagorri 70 urte zituela, Vietnamko
Tun-King herriko Jesusen Bihotz Sakratua katedralean lurperatu zuten.
LONTXO ERASO OTXANDORENA
Lontxo
Erasorekin aritu gara berriketan, hainbat lan egin eta egiten ari den
herritarrarekin. Gure mendi, txoko eta inguruak oso ondo ezagutzen
dituen mendizale amorratua da, eta berak eginiko lanez hainbat
mendizaleri erosotasuna eskaintzea eta haiek urez hornitu izana
eskertzekoa da.
-
Noiztik edo nola sortu zaizu iturriak egin edo berreskuratzeko
afizio hori?
Nirea
beti mendia izan da. Kanpoko herrietara joaten naizenean, han ikusten
ditudan aterpe eta iturriak ikusita, nire buruari galdetzen nion:
Berastegin, zergatik ez?
Eta horrela mendian iturburu bat ikusten badut, hari begira egoten
naiz udazken aldera arte, ea lehortu edo agortzen den, iturri bat
egiteko.
-Lehendabizi
eginiko iturria zein izan zen ?
Autobia
azpitik pasa eta Gorosmendiko bidean egin nuen 2001. urtean, bere
askarekin eta guzti, abereek ere bertatik edan zezaten. Baina denbora
gutxira puskatu egin zuten, kanila konpondu zitzaion, baina aska ez
nuen konpondu.
-
Zenbat iturri berreskuratu eta zenbat sortu dituzu zaletasun honekin
hasi zinenetik?
Denera
hamarren bat momentuz. Hauek eginak: Gorosmendi bidekoa, Urdelar
azpikoa, Leitzarango bi, Plazaola bidekoa, Muga-Gorosmendi bidekoa.
Eta konponduak: Franko iturria, Errotakoa, Amasa bidekoa, Urepel
azpikoa.
-Egin
dituzun lan guztiak Berastegiko eremuetan izan dira ala herri
inguruetatik kanpo ere egin dituzu?
Herriko
eremuetatik kanpora ere egin ditut, Urdelar azpikoa eta Amasa
bidekoa; bi horiek Elduaingo mugetan daude.
-
Iturriez aparte, aterpeak, bideak eta bidezidorrak garbitu, idatziak
egin… Nondik lortzen duzu lan horiek denak egiteko materiala?
Kontrabandoko
bidea ere garbitzen dut: Ameraundik Abade Gurutzerako bideari San
Fermin inguruan ematen diot garbiketa, garorik gehien dagoenean, eta
Plazolatik Guardetxera Olizar aldera doanari ere bai; bide horiek
garbitu ezean galdu egingo lirateke eta.
Material
gehienak jendeari mesedeak eskatuz lortzen ditut, ijitoen moduan.
Hala ere, beti sortzen zaizkit gastuak: kanilak, porlana, erremintak,
horien matxurak...
-
Laguntza ekonomikorik jasotzen al duzu lan hauek aurrera eramateko?
Eskuz
bai, baina ekonomikorik ez. Esate baterako, Etxordeko Ildefonsok
mugako aterpearekin lagundu zidan. Gorosmendiko aterperako materiala
Antsoneko Luisitok eta nire anaia Luisek jarri zuten, eta gu hiru
anai, Torreko Juanito Rubio,
Elberdingo Eugenio, Zamargingo Aitor eta Jose Luis Saizar aritu ginen
lanean; agian, norbait ahaztu zait... Hori bai, bukatu genuenean
afari bat antolatu genuen geure artean bertan, eguraldi zoragarria
egin zigun, bertan afaldu, muturrak berotu eta goizeko hiruretan
oraindik inork presarik ez erretiratzeko! Ederki inauguratu genuen!
-
Iturri bat eraiki edo berritzerakoan dudaren bat sortzen bazaizu, ur
hori analizatzera eramaten duzu kontsumorako egokia den ikusteko.
Analitika hori garestia izaten al da? Nora eramaten duzu?
Analizatzera
eraman izan ditut bai, eta nahiko garesti ateratzen da. Amasako
iturrikoa, adibidez, burdin asko du eta nire baitan esaten nuen: Nik
hau egin det, baina norbaiti zerbait gertatzen bazaio? Erruduna ni!
Eta mesfidantza horrekin Tolosan, Nafarroa Etorbidean, dagoen
laborategira eraman nuen ur hori analizatzera. Bertan anekdota txiki
bat gertatu zitzaidan:
Laborategian
datuak hartzen ari zitzaidan, eta iturria non zegoen argibideak
ematen ari nintzaiola, bata txuridun gizon bat gerturatu zitzaidan,
eta honela esan zidan:
- Zein iturri da, azkena eginiko hori? Hor...horrela eta horrela?
- Bai.- erantzun nion.
- Baaaa...txarra ez da izango, lehengo igandean edan nuen hortik eta
oraindik bizirik nago!
-
Kalitate oneko ura al daukagu inguruetan?
Bai,
nahiko kalitate ona daukagu. Ur burdindu hori edan litekeela esan
zidaten laborategian, baina ez kantitate handia edo egunero.
-
Egin duzun lanetatik, zein da harroen sentiarazten zaituena? Edo zein
lanengatik goraipatu zaituzte gehien?
Nik
egina izan balitz Franko iturria izango zen gustuen geldituko
nintzena, baina ez da nik egina, lehendik han zen, berritu bakarrik
egin dut. Baina, halere, oso gustura geratu naiz.
Mugako
aterpea ere nahiko praktikoa geratu da, jende asko ikusten da bertan
atseden hartzen, eta askok esan didate oso ondo dagoela.
2017(e)ko abuztuaren 16(a), asteazkena
GERRA ZIBILAREN HASIERA BERASTEGIN
Berastegin
eta inguruetan gertatukoaren kontaketa da idatzi hau, hasi Iruñeko
estatu-kolpetik eta altxatutako gudarosteak Tolosa hartu zuen bitarte
artekoa. Errepublikarren aldeko informazio gutxi dago oso, horregatik
dira datu gehienak kolpea eman zutenen bandotik jasotakoak.
Gerra,
edo altxamendua, 1936ko uztailaren 18an hasi zen Espainian, ofizialki
behintzat; hurrengo egunean, uztailaren 19an, hartu zituen armak
Nafarroak. Iruñeko Gaztelu plaza pixkanaka-pixkanaka jendez betetzen
hasi zen; erreketez betetako autobusak iristen ziren Nafarroako
bazter guztietatik, baita falangista batzuk ere. Eguna bukatzerako,
milaka gerlari zeuden frontera abiatzeko prest, Espainiako bi
koloredun banderak, eta karlisten eta falangisten ikurrak hartuta.
Egun hartan, hiru urte iraungo zuen gerrarantz abiatu ziren
soldadu-ilarak Iruñetik. Ilara haietako batek Tutor zuen Komandante,
eta haren helburua Leitzara iristea zen Imaz Kapitainaren agindupean
zeuden 99 erreketerekin batera; gehienak Olite, San Martin de Unx eta
Beirekoak ziren. Arratsalde hartan bertan iritsi ziren helmugara.
Hilaren
20an, Leitzako Baleztena etxean ezarri zuten agintarien postua, eta
goizetik gehitu zitzaien San Miguel tertzioaren bigarren
kontingentea. Tolosatik joanak, 32 lagunek osatzen zuten taldea eta
Pantaleon Zabala zuten agintari. Handik ordu batzuetara beste 18
soldaduko talde bat iritsi zen Donostiatik Leitzara, Loiolako
kuartelean izandako altxamenduak porrot egin ondoren. Egunean zehar
Leitzako bertako erreketeak ere gehitu zitzaizkien. Egun horretan
bertan banatu zizkien Baleztenak txapel gorriak. Arratsaldean, hiru taldetan banatuta,
Uitzirantz eta Betelurantz abiatu ziren.
Hilaren
21ean, Tutor Komandatea, 150 gizonekin batera, Urtoko mikeleteen
postua hartzen saiatu zen. Baina Tolosatik etorritako gizon
asko zeuden postu hartan, eta bi bandoen arteko tiroketatik harago ez
zen besterik gertatu. Kolpistak Leitzara itzuli ziren.
22an,
erreketeen beste eraso baten beldur, Urtoko postuan mikeleteak,
errepublikarrak eta Batzokitik ateratako EAJren afiliatuak elkartu
ziren Juan Antonio Castroren agindupean; Tolosatik eta inguruko
herrietatik joanak. Kolpistak Urto zaintzen eta miatzen
egon ziren, baina Leitzara bueltatu
ziren erasorik egin gabe.
Uztailaren
23an, goizeko 11:00etan, kolpistek eskoletan gurutzeak jartzeko
agindua eman zuten eta plazan errepublikar bandera erre zuten.
Errekete nafar eta gipuzkoarrak plazan elkartuta, Tutor Komandanteak
honakoa esan zien lehen batailara abiatu aurretik: “Erreketeok,
mendi hauek distiraz bete zituzten heroi karlisten ondorengoak
zarete. Laster izango duzue haien seme duinak zaretela erakusteko
aukera”. Txistuaz lagunduta
Oriamendiren Himnoa
eta Gernikako Arbola
kantatu zituzten, eta “Viva España!”,
“Viva Navarra!”,
“Viva Cristo Rey!”
oihuak entzun ziren.
Arratsaldeko
ordu batean atera ziren Urtorantz, errepidean barrena, eta Aresora
doan bidegurutzera iritsitakoan, hiru taldetan banatu ziren:
lehenengoa, Tutor Komandantearen agindupean; Villanuevarenean,
bigarrena; eta, Zavalak aginduta, hirugarrena. Villanueva eta harenak
mikelete-postura zuzendu ziren, gainerakoek mendira jo zuten: Tutor
Uli aldera; Zabala, berriz, Gazpillo-txikiko parajeetara, Gorri
tenientearekin batera.
Gorri
Tenientearen esku zegoen sekzio bat Mikelete-etxea erasotzera bidali
zuen Tutorrek. Menditik azkar batean jaitsita egin zuten eraso, eta
mikeleteak zeuden postutik eusten saiatu baziren ere , mikeleteen
postutik Joakin Muruzabal kolpista hil zuten.
Errepublikarren bandoan 5 lagun hil ziren, frontean bertan batzuk,
ospitalean besteak, Urton zaurituta eramanak (Jesus Murua, Polikarpo
Izaeta, Balentin Arregi, Juan Goenaga eta Nikolas Bahon). Mikeleteen
eta Tolosako Nazionalisten artean 5 lagun hartu zituzten preso;
horietako bat, EAJko Pedro Ignazio Gonzalez tolosarra, Iruñean egon
zen preso eta, ondoren, fusilatu egin zuten. Etxea defendatzen zuten
gainerakoek Tolosara egin zuten ihes errepidean barrena. 12 Mauser
mosketoi, 9 pistola, 2 errifle eta hainbat eskopeta harrapatu
zituzten kolpistek. Lehenengo oztopoa gaindituta, Berastegirantz jo
zuten; baina gaua mendian eman zuten badaezpada, herrian topatuko
zituzten gorrien beldur.
Hilaren
24an, goizaldera, Gorospe eta Villanueva aurretik zituztela,
Berastegi hartzera abiatu ziren mendian behera. Udaletxetik bandera
batekin egin zieten seinale bidea libre zutela, eta halaxe sartu
ziren herrian, inongo oztoporik gabe, kafesnea ere eskaini zieten
udaletxeko tabernan. Tutor Komandanteak agindu hau inposatu zuen:
“Hiru orduren buruan herri honetako
udaletxean entregatuak behar dute suzko arma guztiak, eta
jakinarazten da, denbora-tarte hori pasata, etxebizitza guztiak
miatuko direla eta, bakarren batean armarik aurkitzen bada, jabea
erahila izango dela Militarren Batzar Gorenak hala aginduta”.
Arratsaldean erreketez betetako beste kamioi bat etorri zen
Iruñeatik, Imaz zutela kapitain. 280 gizonezko baziren ordurako
Berastegin, halaxe osatu San Miguel tertzioa.
Hilaren
25ean, Santiago Patroiaren egunean, erreketeek meza entzun zuten San
Martin Parrokian, eta Gipuzkoako Karlisten buruaren ordezkariak, Juan
Mª Gorospek, agindu hau eman zuen: “Goizeko
11:00etan, iraultza sektarioak kendutako Kristo Gurutziltzatuaren
irudiak berriro jarriko dira herri honetako ikastetxean. Boluntario
nafar eta gipuzkoarrei agintzen zaie ordu horretan herriko plazara
azaltzeko Kristo Erregea gurtzera eta herriko bizilagunak ere
gonbidatuak daude halako ekintza ikusgarrian parte hartzera”.
Eguerdian
Tutorren zutabea bitan banatu zen. Talde batek, Tolosako errepidean
barrena jaitsita, Elduain eta Berrobi hartu zituen, inolako
erresistentziarik gabe; besteak, berriz, mendiz joanda, Belauntza
hartu zuen. Han eman zuten gaua, kanposantuan, mendian eta baserri
batzuetan postuak hartuta.
26an
Belauntzan eta Leaburu inguruan zabaldu ziren kolpistak,
errepublikarrek hartua baitzuten Leaburu. Izaskungo ermita ere hartu
nahi izan zuten, baina lortu ez zutenez, inguruetan geratu behar izan
zuten.
Belauntzan
Tutorren soldaduak eta Bezerrenarenak elkartu ziren, azken horiek
Lizartza hartzetik etorriak. Bi talde horien agintari Rafael Latorre
jarri zen, eta errekete, falangista eta goardia zibilez osatutako
bando hartan 386 lagun zeuden.
Hilaren
28an Leaburu hartu zuten eta hurrengo helmugatik, Tolosatik,
kilometro gutxira geratu ziren.
Uztailaren
29an Salterainen txaletean jarri zen Latorre, eta Belauntzan,
Leaburun, Gaztelun eta Ibarra inguruan zaintza-lanak egiteko agindua
eman zuen.
Bataila
Tolosara hurbiltzen zihoan bitartean, Berastegin zaintza-puntu
estrategikoak jarri ziren. Lan horretan aritutakoak errekete
boluntarioak ziren.
30ean
kolpistek Belauntzako elizan entzun zuten meza. Talde hura indartuz
joan zen:120 falangista gehiago, 18 karabinero eta Zaragozatik
etorritako 18 goardia zibil. Berastegitik hasi eta Tolosa ingururaino
kolpistak ziren nagusi, eta miaketek eta errepideetako kontrolek ez
zuten etenik..
Abuztuaren
3an, arratsaldeko 16:00etan, Berastegi inguruetan 28 urteko mutil
gazte bat , Atarrabiako Pablo Perez de Osada, tiroka hila agertu zen.
Abuztuaren
6an Gipuzkoako Karlisten Batzarretik agindu bat iritsi zen
Berastegira: Martin Arregi Artola, Jose Mª Maiz Irigoien eta Jose Mª
Intxaurrondo Danboreneak euren zinegotzi-karguak utzi behar
zituztela, eta haien lekua beteko zutenak Ursino Aranalde Esnaola,
Jose Joakin Azpiroz Lasarte eta Jose Placido Domintxin Zuloaga izango
zirela. Horrela, Karlisten Batzarraren nahira osatua geratu zen
Berastegiko Udala: Alkate, Luzio Etxeberria; alkateorde, Domingo
Labaien; bigarren alkateorde, Luis Garziarena; eta zinegotziak,
Miguel Joaquín Olaetxea, Gabino Lizarza, Jose Antonio Azpiroz, Jose
Joaquín Azpiroz, Ursino Aranalde eta Jose Plazido Domintxin.
Hilaren
8an Tutorren gudalostea atseden hartzera eta indarrak berritzera
Berastegira etorri zen Tolosa menpe artu aurretik.
Gau hartan Pio Etxeberriaren tabernan eta Arregi Etxean 415 afari
eman zituzten.
Belabieta
aldera atera ziren abuztuaren 9ko goizaldean, eta 09:30erako iritsi
ziren gailurrera,
ordurako alde eginak ziren errepublikarrak handik. Uzturre aldera
jarraitu zuten eta, bitartean, Leaburutik Izaskungo ermitara eta
Orieta baserrira artilleria-erasoa egin zuten, han zeuden
errepublikarren aurka. Uzturrera iritsi zirenek, hango gurutzea hartu
ondoren, ermitari egin zioten eraso, eta errepublikar batzuk preso
hartu zituzten.
San
Lorentzo eguna mugitua izan zen oso bi bandoentzat eta baja asko izan
ziren bi alderdietan, punturik estrategikoenak hartu nahian,
tiroketak etengabeak baitziren. Kolpisten esku zeuden postuetara
bonbak bota zituzten hegazkin errepublikarrek.
11n
kolpisten ejertzitoak, erreketeak gehienak, Tolosa hartu zuen fronte
batetik baino gehiagotatik sartuta.
Gerra
Zibilak iraun zuen hiru urteetan, Berastegiko 144 bizilagunek egin
zuten borroka frankisten alderdian, gehienak behartuak eta boluntario
gutxi batzuk; 12 hil ziren, frontean batzuk, ospitaleetan besteak.
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)