SARRERA

SARRERA

Blog honen bidez nere helburua Berastegi eta bere inguruko natura eta historia jorratzea izango da.

2018(e)ko abuztuaren 8(a), asteazkena

LONTXO ERASO OTXANDORENA


Lontxo Erasorekin aritu gara berriketan, hainbat lan egin eta egiten ari den herritarrarekin. Gure mendi, txoko eta inguruak oso ondo ezagutzen dituen mendizale amorratua da, eta berak eginiko lanez hainbat mendizaleri erosotasuna eskaintzea eta haiek urez hornitu izana eskertzekoa da.



- Noiztik edo nola sortu zaizu iturriak egin edo berreskuratzeko afizio hori?

Nirea beti mendia izan da. Kanpoko herrietara joaten naizenean, han ikusten ditudan aterpe eta iturriak ikusita, nire buruari galdetzen nion: Berastegin, zergatik ez? Eta horrela mendian iturburu bat ikusten badut, hari begira egoten naiz udazken aldera arte, ea lehortu edo agortzen den, iturri bat egiteko.

-Lehendabizi eginiko iturria zein izan zen ?

Autobia azpitik pasa eta Gorosmendiko bidean egin nuen 2001. urtean, bere askarekin eta guzti, abereek ere bertatik edan zezaten. Baina denbora gutxira puskatu egin zuten, kanila konpondu zitzaion, baina aska ez nuen konpondu.



- Zenbat iturri berreskuratu eta zenbat sortu dituzu zaletasun honekin hasi zinenetik?

Denera hamarren bat momentuz. Hauek eginak: Gorosmendi bidekoa, Urdelar azpikoa, Leitzarango bi, Plazaola bidekoa, Muga-Gorosmendi bidekoa. Eta konponduak: Franko iturria, Errotakoa, Amasa bidekoa, Urepel azpikoa.

-Egin dituzun lan guztiak Berastegiko eremuetan izan dira ala herri inguruetatik kanpo ere egin dituzu?

Herriko eremuetatik kanpora ere egin ditut, Urdelar azpikoa eta Amasa bidekoa; bi horiek Elduaingo mugetan daude.

- Iturriez aparte, aterpeak, bideak eta bidezidorrak garbitu, idatziak egin… Nondik lortzen duzu lan horiek denak egiteko materiala?

Kontrabandoko bidea ere garbitzen dut: Ameraundik Abade Gurutzerako bideari San Fermin inguruan ematen diot garbiketa, garorik gehien dagoenean, eta Plazolatik Guardetxera Olizar aldera doanari ere bai; bide horiek garbitu ezean galdu egingo lirateke eta.
Material gehienak jendeari mesedeak eskatuz lortzen ditut, ijitoen moduan. Hala ere, beti sortzen zaizkit gastuak: kanilak, porlana, erremintak, horien matxurak...



- Laguntza ekonomikorik jasotzen al duzu lan hauek aurrera eramateko?

Eskuz bai, baina ekonomikorik ez. Esate baterako, Etxordeko Ildefonsok mugako aterpearekin lagundu zidan. Gorosmendiko aterperako materiala Antsoneko Luisitok eta nire anaia Luisek jarri zuten, eta gu hiru anai, Torreko Juanito Rubio, Elberdingo Eugenio, Zamargingo Aitor eta Jose Luis Saizar aritu ginen lanean; agian, norbait ahaztu zait... Hori bai, bukatu genuenean afari bat antolatu genuen geure artean bertan, eguraldi zoragarria egin zigun, bertan afaldu, muturrak berotu eta goizeko hiruretan oraindik inork presarik ez erretiratzeko! Ederki inauguratu genuen!




- Iturri bat eraiki edo berritzerakoan dudaren bat sortzen bazaizu, ur hori analizatzera eramaten duzu kontsumorako egokia den ikusteko. Analitika hori garestia izaten al da? Nora eramaten duzu?

Analizatzera eraman izan ditut bai, eta nahiko garesti ateratzen da. Amasako iturrikoa, adibidez, burdin asko du eta nire baitan esaten nuen: Nik hau egin det, baina norbaiti zerbait gertatzen bazaio? Erruduna ni! Eta mesfidantza horrekin Tolosan, Nafarroa Etorbidean, dagoen laborategira eraman nuen ur hori analizatzera. Bertan anekdota txiki bat gertatu zitzaidan:
Laborategian datuak hartzen ari zitzaidan, eta iturria non zegoen argibideak ematen ari nintzaiola, bata txuridun gizon bat gerturatu zitzaidan, eta honela esan zidan:

- Zein iturri da, azkena eginiko hori? Hor...horrela eta horrela?
- Bai.- erantzun nion.
- Baaaa...txarra ez da izango, lehengo igandean edan nuen hortik eta oraindik bizirik nago!

- Kalitate oneko ura al daukagu inguruetan?

Bai, nahiko kalitate ona daukagu. Ur burdindu hori edan litekeela esan zidaten laborategian, baina ez kantitate handia edo egunero.



- Egin duzun lanetatik, zein da harroen sentiarazten zaituena? Edo zein lanengatik goraipatu zaituzte gehien?

Nik egina izan balitz Franko iturria izango zen gustuen geldituko nintzena, baina ez da nik egina, lehendik han zen, berritu bakarrik egin dut. Baina, halere, oso gustura geratu naiz.
Mugako aterpea ere nahiko praktikoa geratu da, jende asko ikusten da bertan atseden hartzen, eta askok esan didate oso ondo dagoela.








iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina