SARRERA
SARRERA
Blog honen bidez nere helburua Berastegi eta bere inguruko natura eta historia jorratzea izango da.
2018(e)ko urriaren 17(a), asteazkena
2018(e)ko abuztuaren 8(a), asteazkena
PEDRO MUÑAGORRI OBINETA
PEDRO MUÑAGORRI OBINETA |
Apezpiku
eta misiolari, 1865eko ekainaren 29an jaioa Berastegiko Gorrinea
etxean. Felix Pedro Muñagorri Loidi zuen aita eta ama Mª Dolores
Obineta Zaldua, bederatzi anai-arrebatan seigarren senidea zen.
1880ko
irailaren 12an, 15 urterekin, dominikar abitu-hartzea egin zuen Ocaña
eskolan, eta han eman zuen urtebete ikasten.
Boto
handiko profesioak hartu zituen 1884ko irailaren 14an Avilako Santo
Tomas komentuan. Ikasketak burututakoan, eta subdiakono
izendatutakoan, Manilako Santo Domingora destinatu zuten, eta han
jaso zuen diakonotza 1887ko irailaren 24an. Aitor-entzule izanik
misiolari joan zen, 1888ko ekainaren 14an, Tun-King zentralera.
1888ko
uztail hasieran Manilatik atera zen, eta hil horretan Oñate jaunaren
eskutik presbiterotza jaso zuen Phú Nhai herrian. Uztailaren 20an,
Manilako Santo Domingon apaiz izendatu zuten, eta misiolari ibili zen
lur haietan zehar. Jende asko kristautu zuen, ospitaleak eraiki
zituen eta Tun-Kingen egundoko tenplua ere eraiki zuen, Jesusen
Bihotz Sakratua. 1903an hasi ziren tenplu hori eraikitzen, eta 3
urteren buruan amaitu zuten.
1907ko
abuztuaren 13an, bikario izendatu zuten Vietnamko Tun-King bikariotza
apostolikoan. Handik urtebetera baino lehen, 1908ko urtarrilaren
5ean, gotzain izendatu zuen Maximo Velascok Pitsunda herrian,
Valentin de Berrío-Ochoa dohatsuaren oinordeko.
1924ko
martxoaren 12an, Vietnamko elizbarrutiei izena aldatu zien bertako
administrazioak, eta Pedro Muñagorri Bui Chu bikario apostoliko
izendatu zuten.
Hona
hemen El
Pueblo Vasco
egunkarian agertutako gertaera, 1926. urteko Berastegiko jaietan,
bertako seme eta gotzain zen Pedro Muñagorriri egin zioten ongi
etorria, 40 urtez Indotxinan ibili ondoren hangoak kristautzen.
Abuztuaren 9an, astelehena, arratsaldeko zortzietan egin zuen sarrera Berastegira. Herriko mugaraino ibilgailuan joan zitzaizkion harrera egitera udaleko ordezkariak: alkatea, idazkaria eta zinegotziak.
Arrosiko errota inguruan, errepidearen alde batetik bestera, pankarta bat jarri zuten: <<Berastegui postutzen da zure etorrera kin>>; herri sarreran, berriz, beste bat: <<Zure erriyak ongi artu zaitzala>>; eta herriko enparantzan lore uztai dotore bat idatzi honekin: <<Erri ontako seme agurgarriyeneri ongi etorriya>>. Etxe guztietako balkoi eta leihoak apainduak ageri ziren, ikusgarri zeuden.
Herriko enparantza jendez gainezka zegoen. Bertan, gurutzea altxatuta, gotzaina, hainbat apaiz eta Saturraran apaizgaitegiko ikasleak ere zain zeuden. Handik pixka batera, auto-ilara bat sartu zen herriko enparantzan, eta haietako auto batetik Pedro Muñagorri jaitsi zen aita dominikar bat lagun zuelarik. Herriko erretorea aurreratu zitzaion ongi etorria ematera eta bertako ordezkariak aurkeztera.
Javier Arregui apaizak zuzendutako abesbatza misto batek euskaraz abestu zuen gotzain jauna goraipatzeko. Geroago, batzorde guztia elizalderantz abiatu zen Tolosako danbolin-jole taldearen atzetik. Bide guztian abesbatza abesten joan zen. Elizaren sarreran, hostoz eginiko arku bat jarria zeukaten idatzi hau zuela: <<Filium episcopum salutat natalis ecclesia>>. Eliza ikusi ondoren, berriro ere plazara joan ziren denak batera. Plazan, haurtzaroko lagun eta familiartekoak aurkeztu zizkioten Pedro Muñagorriri. Ilunabarrean, gotzaina familiarteko zuen Juan Labayen apaizaren etxera erretiratu zen, bertan hartu baitzuen ostatu.
Asteartean, San Lorenzo patroiaren egunean, udalbatzarra eta gainerako agintariak Tolosako danbolin-joleen atzetik, Pedro Muñagorri buru zela, elizara joan ziren, meza pontifikala ospatzera.
Andres Viquendik zuzendu zuen meza, Javier Arreguik abesbatza eta organoa Norberto Almandozek jo zuen, Sevilla metropoliko katedraleko organo-jolea zen bera. Meza amaitu ostean, fededun guztiek erlikiari eta gotzain misiolariaren eraztunari musu eman zieten.
Zeremonia amaituta, plazako frontoian esku-pilota partidu interesgarria izan zen. Bertan, Azkoitiko Chiquito anaiek, Berastegiko Miguel Mari eta Andoaingo Saroberen aurka jokatu zuten. Gotzainak ere ikusi zuen partidu hartan Azkoitiko anaiek 25 eta aurkariek 20 tanto egin zituzten.
Ondoren, udaletxeko batzar-aretoan, otordu ofiziala egin zuten Pedro Muñagorriren ohorez. Bere inguruan berrogeita hamar mahaikide eseri ziren, eta menua Kako jatetxekoek zerbitzatu zuten. Bazkalostean, giro ezin hobean, esker oneko hainbat hitzaldi zuzendu zitzaizkion gotzainari, eta aretoan bertan zegoen haren erretratua sinarazi zioten P. Muñagorriri. Azkenik, gotzainak, eserlekutik altxatuta, eskerrak eman zituen omenaldi harengatik.
Jaioterrian
hiru egunez egon zen, eta urtebete eman zuen Espainian zehar bere elizbarrutirako baliabideak eskatzen hainbat agintariri, tartean,
Alfonso XIII.ri ere bai.
Pedro
Muñagorrik bideratzen zuen Bui Chu elizbarrutia izugarri handitu
zen, eta berak bakarrik eramateko lan handiegia zela-eta, bi zatitan
banatzea erabaki zuten. Hala, 1934. urtean, Pio XI. Aita Santuak bi
zatitan banatu zuen elizbarrutia. 1935eko martxoaren 3an, Ho Ngoc
Aita dominikarra Bui Chu-ko gotzain izendatu zuen Aita Santuak,
Pedro Muñagorriren ordezko; Thai Binh elizbarrutia, berriz,
gehienbat misiolari espainiarrez osatua geratu zen.
1936ko
ekainaren 17an hil zen Pedro Muñagorri 70 urte zituela, Vietnamko
Tun-King herriko Jesusen Bihotz Sakratua katedralean lurperatu zuten.
LONTXO ERASO OTXANDORENA
Lontxo
Erasorekin aritu gara berriketan, hainbat lan egin eta egiten ari den
herritarrarekin. Gure mendi, txoko eta inguruak oso ondo ezagutzen
dituen mendizale amorratua da, eta berak eginiko lanez hainbat
mendizaleri erosotasuna eskaintzea eta haiek urez hornitu izana
eskertzekoa da.
-
Noiztik edo nola sortu zaizu iturriak egin edo berreskuratzeko
afizio hori?
Nirea
beti mendia izan da. Kanpoko herrietara joaten naizenean, han ikusten
ditudan aterpe eta iturriak ikusita, nire buruari galdetzen nion:
Berastegin, zergatik ez?
Eta horrela mendian iturburu bat ikusten badut, hari begira egoten
naiz udazken aldera arte, ea lehortu edo agortzen den, iturri bat
egiteko.
-Lehendabizi
eginiko iturria zein izan zen ?
Autobia
azpitik pasa eta Gorosmendiko bidean egin nuen 2001. urtean, bere
askarekin eta guzti, abereek ere bertatik edan zezaten. Baina denbora
gutxira puskatu egin zuten, kanila konpondu zitzaion, baina aska ez
nuen konpondu.
-
Zenbat iturri berreskuratu eta zenbat sortu dituzu zaletasun honekin
hasi zinenetik?
Denera
hamarren bat momentuz. Hauek eginak: Gorosmendi bidekoa, Urdelar
azpikoa, Leitzarango bi, Plazaola bidekoa, Muga-Gorosmendi bidekoa.
Eta konponduak: Franko iturria, Errotakoa, Amasa bidekoa, Urepel
azpikoa.
-Egin
dituzun lan guztiak Berastegiko eremuetan izan dira ala herri
inguruetatik kanpo ere egin dituzu?
Herriko
eremuetatik kanpora ere egin ditut, Urdelar azpikoa eta Amasa
bidekoa; bi horiek Elduaingo mugetan daude.
-
Iturriez aparte, aterpeak, bideak eta bidezidorrak garbitu, idatziak
egin… Nondik lortzen duzu lan horiek denak egiteko materiala?
Kontrabandoko
bidea ere garbitzen dut: Ameraundik Abade Gurutzerako bideari San
Fermin inguruan ematen diot garbiketa, garorik gehien dagoenean, eta
Plazolatik Guardetxera Olizar aldera doanari ere bai; bide horiek
garbitu ezean galdu egingo lirateke eta.
Material
gehienak jendeari mesedeak eskatuz lortzen ditut, ijitoen moduan.
Hala ere, beti sortzen zaizkit gastuak: kanilak, porlana, erremintak,
horien matxurak...
-
Laguntza ekonomikorik jasotzen al duzu lan hauek aurrera eramateko?
Eskuz
bai, baina ekonomikorik ez. Esate baterako, Etxordeko Ildefonsok
mugako aterpearekin lagundu zidan. Gorosmendiko aterperako materiala
Antsoneko Luisitok eta nire anaia Luisek jarri zuten, eta gu hiru
anai, Torreko Juanito Rubio,
Elberdingo Eugenio, Zamargingo Aitor eta Jose Luis Saizar aritu ginen
lanean; agian, norbait ahaztu zait... Hori bai, bukatu genuenean
afari bat antolatu genuen geure artean bertan, eguraldi zoragarria
egin zigun, bertan afaldu, muturrak berotu eta goizeko hiruretan
oraindik inork presarik ez erretiratzeko! Ederki inauguratu genuen!
-
Iturri bat eraiki edo berritzerakoan dudaren bat sortzen bazaizu, ur
hori analizatzera eramaten duzu kontsumorako egokia den ikusteko.
Analitika hori garestia izaten al da? Nora eramaten duzu?
Analizatzera
eraman izan ditut bai, eta nahiko garesti ateratzen da. Amasako
iturrikoa, adibidez, burdin asko du eta nire baitan esaten nuen: Nik
hau egin det, baina norbaiti zerbait gertatzen bazaio? Erruduna ni!
Eta mesfidantza horrekin Tolosan, Nafarroa Etorbidean, dagoen
laborategira eraman nuen ur hori analizatzera. Bertan anekdota txiki
bat gertatu zitzaidan:
Laborategian
datuak hartzen ari zitzaidan, eta iturria non zegoen argibideak
ematen ari nintzaiola, bata txuridun gizon bat gerturatu zitzaidan,
eta honela esan zidan:
- Zein iturri da, azkena eginiko hori? Hor...horrela eta horrela?
- Bai.- erantzun nion.
- Baaaa...txarra ez da izango, lehengo igandean edan nuen hortik eta
oraindik bizirik nago!
-
Kalitate oneko ura al daukagu inguruetan?
Bai,
nahiko kalitate ona daukagu. Ur burdindu hori edan litekeela esan
zidaten laborategian, baina ez kantitate handia edo egunero.
-
Egin duzun lanetatik, zein da harroen sentiarazten zaituena? Edo zein
lanengatik goraipatu zaituzte gehien?
Nik
egina izan balitz Franko iturria izango zen gustuen geldituko
nintzena, baina ez da nik egina, lehendik han zen, berritu bakarrik
egin dut. Baina, halere, oso gustura geratu naiz.
Mugako
aterpea ere nahiko praktikoa geratu da, jende asko ikusten da bertan
atseden hartzen, eta askok esan didate oso ondo dagoela.
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)