SARRERA

SARRERA

Blog honen bidez nere helburua Berastegi eta bere inguruko natura eta historia jorratzea izango da.

2019(e)ko abuztuaren 7(a), asteazkena

BERASTEGIKO ARGIZTAPEN PUBLIKOAREN HASTAPENAK

Kale nagusia ...... inguruan, argindar-kablez inguratuta.
XIX. mendearen azken hamarkadan aurrerapauso handiak eman ziren gure lurraldean ur- eta argindar-hornikuntzan, eta Berastegiko udalak ez zuen aurrerapauso haien aurrean atzean gelditu nahi izan.

Mende bukaerako bi hamarkadetan Elberdin, Danboliñenea, Igeralde, Uraundia, Urrezti eta Intxaurrondoko iturri eta harraskak eraiki edo berritu zituen udalak, auzotarren mesedetan. Eta argiztapen publikoa, berriz, 1902. urtea hasi berritan iritsi zen gurera. Donostiako kaleek 1899an ezagutu bazuten argiztapen elektrikoa, handik hiru urte eskasera martxan zituen udalak herriko lehen kale-argiak Berastegin, herritarren gozamenerako. Hala, bizitzaz jantzi ziren kaleak, nahiz eta etxeetan oraindik petroleozko kinkeak eta olio-lanparak erabili.

XIX. mende amaierarako, Tolosaldean paperaren industria zen nagusi ekonomia-indarren artean; burdinola eta errota zaharrak paper-fabrika moderno bilakatuak zeuden.

Tomas Mujika Amiano enpresa-gizon lasartearraren egitasmoa ere garaiko joerari lotu zitzaion. 1895ean Plazaolako burdinola erosi zuen, bertan paper-orezko fabrika jartzeko asmoz. Frankiko eta Leitzarango erreketan hainbat zundaketa-lan egin zituen, eta ohartu zen lehorte garaian ez zuela ur eta, beraz, energia nahikorik izango bere paper-ore fabrika berriko makineria mugiarazteko. Ondorioz, 1895eko irailaren 24an, Eluts Handi inguruko 6 edo 7 areako lursail batean, zentral hidroelektriko berria eraikitzeko baimena eskatu zion Berastegiko udalari. Handik eta kable bidez, beharrezko zuen argindarra eramango zuen Plazaolako fabrika berrira. Udalak begi onez hartu zuen Mujika Amianoren eskaera eta baimendu egin zuen zentral berriaren proiektua.

1897ko irailaren 12an, eskaera berri batekin etorri zitzaion Mujika Amiano udalari; Aintzergatik Plazaolara errepide bat egiteko baimena zen eskatzen zuena. Eskatzailea prest agertu zen, gainera, lanen kostuaren herena ordaintzeko. Ez zuen, ordea, agindutakoa beteko.

1900eko urrian, hilabeteko epea eman zion udalak Mujika Amianori, egindako lanetan hondatutako eta puskaturiko bideak konpontzeko.

1901eko urtarrilean, berriz, enpresagizonaren bete gabeko agindu eta promesez asperturik, ultimatuma bidali zion udalak: 15 eguneko epean ubideari eta kableentzako posteei zegozkien zenbait auziri irtenbidea emateaz gain, makinekin hondatutako bideak konpondu beharko zituen, paper fabrika martxan jarri nahi bazuen, behintzat.

Eta, hala, hilabete beranduago, 1901eko otsailean, jarrerak bateratu eta bost puntuko hitzarmen bat adostu zuten bi aldeek:

1. Mujika jaunak 1.795 pezetako kalte-ordaina eman beharko zion udalari, Leitzarango urez baliatzeko Plazaolan bi kanal irekitzeagatik.
2. Mujika jaunak, bere kontura, argindar-sarea eta 20 kale-argi ezarri beharko zituen herrian, hartarako izendatutako udal-batzordeak erabakitako puntuetan.
3. Udalak, bere aldetik, instalazio elektrikoa egiteko beharrezko ziren zutoinak ahalbidetuko zizkion Mujika Amianori.
4. Udalak Bizkotxen zegoen herriko hariztia Mujika Amianoren eskura jarriko zuen, hark Plazaolako makina-etxea eraikitzeko beharrezko egurra bertatik har zezan.
5. Mujika jaunak itxitura on batekin babestu beharko zituen kanalak eta mantendu, abereak bertara ez erortzeko.

Argindar-zutoinak Ariztun auzoan

1901eko abenduaren 1ean, Mujika Amianok jarri beharreko kale-argientzako 20 puntu edo kokalekuak zehaztuz, zerrenda prestatu zuen udalak:

- Kale-argi 1 Miguel errementariaren etxeko bidegurutzean.
- Beste 1 Maitoneko bidegurutzean.
- Beste 1 Elberdingo iturrian.
- 3 kale-argi plazan: bat Juan Labaienen etxe ondoan, beste bat Txankanea etxearen ondoan, eta bestea Kontzeju eta Gaztainondo-Berriren artean.
- Beste 1 Apeztegiako bidegurutzean.
- Beste 1 Danboliñeneko iturrian.
- Beste 1 Martintxoneko bidegurutzean.
- Beste 1 Zugui-Zabaletan. 
- 3 kale-argi elizan: bat atarian, beste bat sarrera nagusian eta bestea beste sarreran.
- Beste 4 udaletxean: bat sarreran, beste bat eskaileretan eta beste biak udaletxeko geletan.
- Eta 3 azkenak Kontzejuko maizterrarentzat.

Hauexek izan ziren lehenengo 20 argi-puntuak Berastegin, eta hauen ondotik joan zen herriko argindar-sarea pixkana-pixkana urteetan zabaltzen gainerako eraikin eta herri-bideetara.

VICTORIANO ETXABE YABEN “CHIQUITO DE BERASTEGI”


VICTORINO ETXABE, zutik eta eserita RAMON ZARAKAIN


1877ko maiatzaren 22an jaio zen, Berastegiko Salbadorenea etxean. Jose Cruz Etxabe Arregi eta Mª Bernarda Yaben Esnaolaren semea zen, hamar senidetatik seigarrena.

Esan bezala, zesta-puntako pilotaria izan zen, "chiquito de Berastegi" ezizenaz ezaguna. 1892ko abenduaren 26an egin zuen debuta, 15 urte zituela, Madrilgo frontoietan.

Apustua tarteko, aparraldian, unerik gorenean zegoen zesta-punta orduan, frontoietako "euskal kirola" ("sport vasco") deitzen zitzaiona, eta horrek pilotari euskaldun askok Madrilgo eta Bartzelonako frontoi berrietan jokatzea ekarri zuen.

1892ko gabonetan, esate baterako, 8 egunez jarraian jokatu zuen Victorianok Madrilgo San Francisco frontoian.1893ko azaroaren 12an ere Madrilen zen berriro, hango Euskal Jai frontoian jokatzeko, hurrengo urteko martxoaren 30era arte.

1895eko martxoaren 9an, Bartzelonara joan zen, han 8 hilabetez Barcelones frontoian jokatzeko. Tarrasako frontoiaren inaugurazioan ere hartu zuen parte Victorianok, baita Colon frontoiarenean ere 1896an.

Geroago, artean oso gazte zela, Ameriketara joan zen, eta garaipen edo lorpen handiak eskuratu zituen Mexiko, Kuba, Brasil eta Argentinako frontoietan.

Bere lehengusu Ramon Zalakain Yabenekin batera, Egiptoko Kairo eta Alejandriako frontoietan ere jokatu zuen.

Gerora, pilotari izateari utzi zionean, artekari-lanetan ibili zen Barcelones frontoian.

Azkenik, 61 urte zituela hil zen, Bartzelonan bertan.

2019(e)ko abuztuaren 6(a), asteartea

IBARROLA ITURRIA

Ibarrola iturria
Andres Ibarrola Marichalar 1852ko martxoaren 7an jaio zen Berastegiko Txurinea baserrian, zazpi anaia-arrebako familia batean. Aita Miguel Francisco Ibarrola zuen, eta ama Juana Bautista Maritxalar. Andres, bere arreba Joaquina Antonia, Maria Dolores eta Maria Bautistarekin batera, Argentinara joan zen, garai zail haietan beste hainbat bezala, etorkizun hobe baten bila.

Andres Ibarrola, bere arreba Mª Dolores, Joaquina Antonia eta Mª Bautistarekin.

Oparoaldia bizi izan zuten Argentinako lurretan eta dirutza ere egin zuten. Berastegira eginiko bisita batean, Bulatzi-erdi auzoan (leku-izen hori dator informazio-iturri izan dugun testuan) iturri bat eraikitzea erabaki zuen Andresek, bere arrebekin batera. Gizarte-ekintza edo dohaintza bat egin zuen, beraz, auzotarrek ur garbiaz goza zezaten.

Gauzak horrela, 1913ko urtarrilaren 19an, Juan Martin Iparragirre lagun eta auzotarrak Bulatzi-erdiko iturri berrirako ura eskatu zion Berastegiko udalari, Andresen izenean. Udalak, bere aldetik, honako baldintzekin onartu zuen Iparragirreren eskaera: ura Urandiko depositutik hartu beharko zuten, eta hodien kanpoaldeko diametroak ezin izango zuen 26 eta 33 mm arteko neurria gainditu. Hala, uda hartarako funtzionamenduan izan zuten iturria auzoan.

Hala dio harri gaineko inskripzioak; ESTA FUENTE FUE COSTEADA POR DON ANDRES IBARROLA MARICHALAR Y Hnas EL AÑO 1913 

1918ko ekainean, alkateak herriko kale nagusiari Andres Ibarrola izena jartzea proposatu zuen, iturriak herriari ematen zion zerbitzuagatik esker ona adierazi eta omenaldia egin nahian Ibarrola jaunari. Baina, azkenean, ez zen bete alkatearen asmoa, eta urte gutxitara hil zen Andres.

1929ko apirilean, Joaquina Antonia Ibarrolaren heriotzaren ostean, haren albazea edo testamentu-betearazlearen jakinarazpen bat iritsi zen Argentinatik, esanez Joaquina Antoniak bere ondasunen %7 Berastegiko herriarentzat utzi zuela.

Hala, 1934ko otsailean, testamentu-betearazlearekin eta Ogasunarekin hainbat izapide izan ondoren, 50.057,35 pezeta kobratu zituen udalak, Joaquina Antonia Ibarrolak iturria mantentzeko eta zaintzeko lanetarako utziak.

1934ko apirilean, berriz, hilabete batzuez iturria urik gabe egona zela eta, udal-batzak Urandiko hoditeria aldatzea erabaki zuen, eta Ibarrola iturrirako eta Izotzalde auzorako ura Ollokoko manantialetik hartzea, hoditeria berria erabilita. Inbertsio garrantzitsua izan zen hura iturriaren funtzionamendu egokirako; eta lanen kostua finantziatzeko ere, Joaquina Antonia Ibarrolaren ondasunak erabili zituen udalak.

1935eko otsailean, lanak bukatu ostean, 17.362,20 pezetako soberakina geratu zen Joaquina Antonia Ibarrolak utzitako diru-funtsetan. Haietatik 12.000 pezeta epe finkorako aurrezki bezala jarri zituen udalak, eta gainontzekoa kontu korronte batean gorde zuen, behar berrietarako.