Manuel
Santa Kruz Loidi (1842-1926) apaiz elduaindarrak eta haren soldadu-taldeak
entzute handia izan zuten Hirugarren Gerra Karlistan (1872-1876). 1872ko
maiatzean sortu eta hurrengo urteko abenduan desegin zen gerrillari-taldea,
Santa Kruz apaizak, liberalen nahiz karlistengandik ihesi, erbesterako bidea
hartu zuenean.
|
SANTA KRUZ APAIZA |
1842ko
martxoaren 23an jaio zen Manuel Inazio Santa Kruz Loidi, Elduaingo Zamoranea
baserrian. Aita Frantzisko Antonio Santa Kruz Sarobe zuen; ama, berriz, Juana
Josefa Loidi Urrestarazu. Manuelen aita ere, 1784an jaioa, Karlos V.a
erregegaiaren alde gerran ibilia zen Lehen Karlistadan. Manuel semea jaio baino
lau hilabete lehenago hil zen, uztailaren 23an.
Frantzisko
Antonio Sasiain Santa Kruz apaizak, lehengusu zuenak, Tolosara eraman zuen
Manuel gaztea, apaiz izateko bokazioa erne zekion. 19 urte zituela, Gasteizko
apaiztegira jo zuen ikasketak egitera. 1866an apaiz egin eta Hernialdera etorri
zen, erretore-lanetara. Garai hartan, Isabel borboikoaren erregealdia azken
hondarretan zela, moraltasun eza eta ustelkeria ziren nagusi Espainia aldean.
1833an,
Fernando VII.a hil berritan, tradizioz izaera katolikoa zuten lege ugari
laikotzeko pausoak eman ziren Espainian. Tartean zen, Mendizabalen
desamortizazio lege entzutetsua ere. Madrileko gobernuak, besteak beste, Jesusen
Lagundia deuseztatu, gurtza- eta irakaskuntza-askatasuna bultzatu, Teologia
fakultateak eta 1837tik aurrera sortutako konbentuak itxiarazi, haien ondasunak
konfiskatu, eta apaiztegiei ematen zitzaizkien diru-laguntzak ere bertan behera
utzi zituen. Neurri haiek guztiek Santa Kruzen eta haren erlijiokideen haserrea
eragin zuten.
Agintari
liberalek, Hirugarren Gerra Karlista hasterako, arriskutsutzat zuten Santa Kruz
apaiza; eta hala, 1870eko urriaren 6an, meza ematen ari zela, atxilo hartzeko
ahalegina egin zuten gobernuaren meneko militarrek. Honek, ordea, baserritar
jantzita, lortu zuen atxilotzaileengandik ospa egitea, eta halaxe hasi zen
apaiz-gerrillari famatuaren ibilbidea.
Frantzia
aldean 18 hilabete egin eta gero, Espainiara itzuli eta Rekondoren
gidaritzapean zen soldadu-taldeko kapilau izan zen. 1872ko maiatzaren 10ean,
sei egun lehenago Orokietan guda galdu ondoren, amore eman zuen Rekondoren
gerlari-taldeak Donezteben.
|
SANTA KRUZ APAIZA GERRILARI TALDE BATEKIN |
Zornotzako hitzarmenari uko egin
eta bere alderdikideengandik aldentzen hasia zela, Frantziarantz jo zuen beste
behin Santa Kruzek. Maiatz haren bukaerarako, ordea, aberrira bueltan zen
berriro Oiartzun aldeko mendietan barrena, 16 boluntariok osatutako
soldadu-talde propioa ondoan zuela. Gerra-ekintza edo esku-hartze handirik egin
gabe artean, preso hartu zuten Don Manuel Aramaioko udaletxean, baina lortu
zuen handik ere ihes egitea.
Abuztuaren 6rako, 24 laguneko
gerrillari-taldea zuen dagoeneko bere aginduetara, eta liberalen konboi militar
bati eraso egin eta arma eta boluntario gehiago eskuratu zituen. Abendu aldera,
Aiako Harrian kuartel bat bereganatu zuen, baita gerrillari-taldea 50 lagunera
handitu ere. Neguaren gogorrean, Juan Arana komandante liberalaren indar
armatuen aurka aritu zen borrokan, Gipuzkoa eta Nafarroa artean, etengabeko
sartu-irtenean, eta pixkanaka bere taldera 500 gerrillari biltzea lortu zuen.
1873ko urtarrilaren 12an, Anoetako
alkate zen Rafael Frantzisko Otamendi fusilatu zuen Santa Kruzek, eta
gerra-ekintza hark gogotik nahastu zituen bazterrak. Hilketa haren ondotik,
20.000 pezetako ordainsaria eskaini zuten apaiz gerrillaria harrapatzen
zuenarentzat.
|
SANTA KRUZ APAIZA, ERDIAN BIZARRAREKIN |
Liberalek Aian egin zieten eraso
Santa Kruzi eta bere gerrillariei, eta ezin izan zuten porrota saihestu.
Lizarraga jeneral karlistak ere bizkar eman zion elduaindarraren
soldadu-taldeari. Denek menderatua zela uste zuten garaian, ordea, batailoia
berrantolatu eta Deba herria hartu zuen mendean Santa Kruzek.
Anoetako alkatearen kasua ez zen
era hartako kasu bakarra izan. Aritxulegiko kuartelean apaizarena eginez
zebilen zelatari bat ere fusilatu zuen Santa Kruzek, baita ogi barruan ezkutatutako
oharren bidez informazioa pasatzen zuen Aretxabaletako emakume bat ere.
|
ANDRES ALDUNTZIN ALKATEORDEAREN HILOBIA |
Gure herrian bertan bizi izan
zuten antzeko gertakizunik. Apaiz gerrillariak Berastegiko alkateari eta
zinegotziei ere traizio egin izana leporatu zien, eta haiek bilatzeko agindua
eman zuen. Hala, Pedro Mari Gorostidi alkateak ihes egin zuen, zerbait txarra
gerta zekiokeela pentsatuta. Santa Kruzek, orduan, alkatearen ihesaz jabetuta,
hasteko haren liburu eta orri guztiak hartu, herriko plazan pilatu, eta su eman
zien herritarren aurrean; eta ondoren Andres Obineta, Jose Inazio Olaetxea,
Martin Jose Etxeberria eta Manuel Antonio Bergaretxe zinegotziak makilakadaka
zigortzeko agindua eman zuen. Garai hartan alkateorde zen Andres Alduntzin
berastegiarrak ez zuen besteek baino zigor hobea jaso; preso hartu eta Beibatari
inguruan fusilarazi zuen Santa Kruzek.
Liberalek, beren aldetik,
buruzagi elduaindarraren arreba, Josefa Inazia Santa Kruz, eta bi lagun,
Frantzisko Antonio Senosiain eta Joakin Elosegi, harrapatu zituzten. Santa
Kruzek Elduainen bertan bost lagun bahituz eta beretarren askatasuna lortze aldera
presio eginez erantzun zien. Lauk lortu zuten ihes egitea, baina Elduaingo
errejidorea bitan pentsatu gabe fusilarazi zuen Santa Kruzek.
|
ENDARLATZA |
Endarlatzako batailan ere,
gotorlekuari eraso egin eta 34 mugazain fusilarazi zituen. Borrokaldi hura ez
zen apaiz gerrillariaren gainetik zeudenen oso gustukoa izan. Baina Santa
Kruzek, entzungor eginez, berean jarraitu zuen, eta trenbidea desegin zuen
Beasain inguruan.
Uztailaren 6an Nafarroako Bera
herrian zebilen apaiz gerrillaria.
Valdespinako markesak, mila soldadu baino gehiagoko armada aldean hartu
eta bertaratuta, bake-biderako agiria sinatzeko proposamena egin zion Santa
Kruzi. Haren arabera, bandera beltza alde batean utzi, erregearen eta Lizarraga
jeneral karlistaren esaneko izango zela hitz eman, eta bere indar armatuak eta
Aritxulegiko kuartela haien esku utziko zituela zin egin behar zuen.
1873ko uztailaren 9an sinatu
zuen hitzarmena Santa Kruzek, eta atzerrira bidaiatzeko baimena lortu zuen
ordainetan. Gauaren iluntasunean, ordea, markesaren kezkak arindu bai, baina
hitzartutakoa bete gabe, Frantzia aldera egin zuen ihes beste behin. Lizarraga
jenerala goizean goiz bertaratu zen Berara, iheslaria harrapatu eta fusilatzeko
asmoz, baina alferrik.
|
KARLOS VII |
Karlos VII.a erregegaiak matxino
edo erreboltari izendatu zuen Santa Kruz, eta karlisten lurretara itzultzen
bazen, atxilo hartzeko agindu. Apaiz gerrillariak bost hilabete egin zituen erbestean
ezkutuan; hala eta guztiz ere, bere soldadu-taldeak borrokan jarraitu zuen
etenik gabe.
1873ko abenduaren 6tik 7ra
bitarteko gauean, Berrobin azaldu zen Santa Kruz. Ondorengo egunetan, Belabieta
inguruan Andoaingo eremua defendatzen ari ziren 18 soldadu-konpainia gehitu
zitzaizkion, eta Asteasu aldera zuzendu zituen tropak, han baitzebilen
Lizarraga jenerala. Harekin adiskidetu eta borroka bateratzea zuen amets Santa
Kruzek. Jeneralak, ordea, soldadu-taldea desarmatzea eta apaiz gerrillariak eta
bere aldekoek amore ematea lortu zuen.
|
LIZARRAGA JENERALA |
Hauxe izan zen Santa Kruz
apaizaren azken gerra-ekintza. Muga pasatu eta Frantzia aldera jo zuen, orduko
hartan betiko. Bien bitartean, bere soldadu-taldeak indultua eskatu zuen
Oñatin. Apaiz-gerrillari elduaindarra ez zen berriz gehiago bueltatu.