SARRERA

SARRERA

Blog honen bidez nere helburua Berastegi eta bere inguruko natura eta historia jorratzea izango da.

2013(e)ko abuztuaren 5(a), astelehena

BERASTEGIKO ALKATEORDEA HIL ZUEN APAIZA

Manuel Santa Kruz Loidi (1842-1926) apaiz elduaindarrak eta haren soldadu-taldeak entzute handia izan zuten Hirugarren Gerra Karlistan (1872-1876). 1872ko maiatzean sortu eta hurrengo urteko abenduan desegin zen gerrillari-taldea, Santa Kruz apaizak, liberalen nahiz karlistengandik ihesi, erbesterako bidea hartu zuenean.

SANTA KRUZ APAIZA

1842ko martxoaren 23an jaio zen Manuel Inazio Santa Kruz Loidi, Elduaingo Zamoranea baserrian. Aita Frantzisko Antonio Santa Kruz Sarobe zuen; ama, berriz, Juana Josefa Loidi Urrestarazu. Manuelen aita ere, 1784an jaioa, Karlos V.a erregegaiaren alde gerran ibilia zen Lehen Karlistadan. Manuel semea jaio baino lau hilabete lehenago hil zen, uztailaren 23an.   

Frantzisko Antonio Sasiain Santa Kruz apaizak, lehengusu zuenak, Tolosara eraman zuen Manuel gaztea, apaiz izateko bokazioa erne zekion. 19 urte zituela, Gasteizko apaiztegira jo zuen ikasketak egitera. 1866an apaiz egin eta Hernialdera etorri zen, erretore-lanetara. Garai hartan, Isabel borboikoaren erregealdia azken hondarretan zela, moraltasun eza eta ustelkeria ziren nagusi Espainia aldean.

1833an, Fernando VII.a hil berritan, tradizioz izaera katolikoa zuten lege ugari laikotzeko pausoak eman ziren Espainian. Tartean zen, Mendizabalen desamortizazio lege entzutetsua ere. Madrileko gobernuak, besteak beste, Jesusen Lagundia deuseztatu, gurtza- eta irakaskuntza-askatasuna bultzatu, Teologia fakultateak eta 1837tik aurrera sortutako konbentuak itxiarazi, haien ondasunak konfiskatu, eta apaiztegiei ematen zitzaizkien diru-laguntzak ere bertan behera utzi zituen. Neurri haiek guztiek Santa Kruzen eta haren erlijiokideen haserrea eragin zuten.

Agintari liberalek, Hirugarren Gerra Karlista hasterako, arriskutsutzat zuten Santa Kruz apaiza; eta hala, 1870eko urriaren 6an, meza ematen ari zela, atxilo hartzeko ahalegina egin zuten gobernuaren meneko militarrek. Honek, ordea, baserritar jantzita, lortu zuen atxilotzaileengandik ospa egitea, eta halaxe hasi zen apaiz-gerrillari famatuaren ibilbidea. 

Frantzia aldean 18 hilabete egin eta gero, Espainiara itzuli eta Rekondoren gidaritzapean zen soldadu-taldeko kapilau izan zen. 1872ko maiatzaren 10ean, sei egun lehenago Orokietan guda galdu ondoren, amore eman zuen Rekondoren gerlari-taldeak Donezteben.

SANTA KRUZ APAIZA GERRILARI TALDE BATEKIN

Zornotzako hitzarmenari uko egin eta bere alderdikideengandik aldentzen hasia zela, Frantziarantz jo zuen beste behin Santa Kruzek. Maiatz haren bukaerarako, ordea, aberrira bueltan zen berriro Oiartzun aldeko mendietan barrena, 16 boluntariok osatutako soldadu-talde propioa ondoan zuela. Gerra-ekintza edo esku-hartze handirik egin gabe artean, preso hartu zuten Don Manuel Aramaioko udaletxean, baina lortu zuen handik ere ihes egitea.

Abuztuaren 6rako, 24 laguneko gerrillari-taldea zuen dagoeneko bere aginduetara, eta liberalen konboi militar bati eraso egin eta arma eta boluntario gehiago eskuratu zituen. Abendu aldera, Aiako Harrian kuartel bat bereganatu zuen, baita gerrillari-taldea 50 lagunera handitu ere. Neguaren gogorrean, Juan Arana komandante liberalaren indar armatuen aurka aritu zen borrokan, Gipuzkoa eta Nafarroa artean, etengabeko sartu-irtenean, eta pixkanaka bere taldera 500 gerrillari biltzea lortu zuen. 

1873ko urtarrilaren 12an, Anoetako alkate zen Rafael Frantzisko Otamendi fusilatu zuen Santa Kruzek, eta gerra-ekintza hark gogotik nahastu zituen bazterrak. Hilketa haren ondotik, 20.000 pezetako ordainsaria eskaini zuten apaiz gerrillaria harrapatzen zuenarentzat.

SANTA KRUZ APAIZA, ERDIAN BIZARRAREKIN

Liberalek Aian egin zieten eraso Santa Kruzi eta bere gerrillariei, eta ezin izan zuten porrota saihestu. Lizarraga jeneral karlistak ere bizkar eman zion elduaindarraren soldadu-taldeari. Denek menderatua zela uste zuten garaian, ordea, batailoia berrantolatu eta Deba herria hartu zuen mendean Santa Kruzek.    

Anoetako alkatearen kasua ez zen era hartako kasu bakarra izan. Aritxulegiko kuartelean apaizarena eginez zebilen zelatari bat ere fusilatu zuen Santa Kruzek, baita ogi barruan ezkutatutako oharren bidez informazioa pasatzen zuen Aretxabaletako emakume bat ere.

ANDRES ALDUNTZIN ALKATEORDEAREN HILOBIA

Gure herrian bertan bizi izan zuten antzeko gertakizunik. Apaiz gerrillariak Berastegiko alkateari eta zinegotziei ere traizio egin izana leporatu zien, eta haiek bilatzeko agindua eman zuen. Hala, Pedro Mari Gorostidi alkateak ihes egin zuen, zerbait txarra gerta zekiokeela pentsatuta. Santa Kruzek, orduan, alkatearen ihesaz jabetuta, hasteko haren liburu eta orri guztiak hartu, herriko plazan pilatu, eta su eman zien herritarren aurrean; eta ondoren Andres Obineta, Jose Inazio Olaetxea, Martin Jose Etxeberria eta Manuel Antonio Bergaretxe zinegotziak makilakadaka zigortzeko agindua eman zuen. Garai hartan alkateorde zen Andres Alduntzin berastegiarrak ez zuen besteek baino zigor hobea jaso; preso hartu eta Beibatari inguruan fusilarazi zuen Santa Kruzek.

Liberalek, beren aldetik, buruzagi elduaindarraren arreba, Josefa Inazia Santa Kruz, eta bi lagun, Frantzisko Antonio Senosiain eta Joakin Elosegi, harrapatu zituzten. Santa Kruzek Elduainen bertan bost lagun bahituz eta beretarren askatasuna lortze aldera presio eginez erantzun zien. Lauk lortu zuten ihes egitea, baina Elduaingo errejidorea bitan pentsatu gabe fusilarazi zuen Santa Kruzek.

ENDARLATZA

Endarlatzako batailan ere, gotorlekuari eraso egin eta 34 mugazain fusilarazi zituen. Borrokaldi hura ez zen apaiz gerrillariaren gainetik zeudenen oso gustukoa izan. Baina Santa Kruzek, entzungor eginez, berean jarraitu zuen, eta trenbidea desegin zuen Beasain inguruan.

Uztailaren 6an Nafarroako Bera herrian zebilen apaiz gerrillaria.  Valdespinako markesak, mila soldadu baino gehiagoko armada aldean hartu eta bertaratuta, bake-biderako agiria sinatzeko proposamena egin zion Santa Kruzi. Haren arabera, bandera beltza alde batean utzi, erregearen eta Lizarraga jeneral karlistaren esaneko izango zela hitz eman, eta bere indar armatuak eta Aritxulegiko kuartela haien esku utziko zituela zin egin behar zuen.

1873ko uztailaren 9an sinatu zuen hitzarmena Santa Kruzek, eta atzerrira bidaiatzeko baimena lortu zuen ordainetan. Gauaren iluntasunean, ordea, markesaren kezkak arindu bai, baina hitzartutakoa bete gabe, Frantzia aldera egin zuen ihes beste behin. Lizarraga jenerala goizean goiz bertaratu zen Berara, iheslaria harrapatu eta fusilatzeko asmoz, baina alferrik.

KARLOS VII

Karlos VII.a erregegaiak matxino edo erreboltari izendatu zuen Santa Kruz, eta karlisten lurretara itzultzen bazen, atxilo hartzeko agindu. Apaiz gerrillariak bost hilabete egin zituen erbestean ezkutuan; hala eta guztiz ere, bere soldadu-taldeak borrokan jarraitu zuen etenik gabe.

1873ko abenduaren 6tik 7ra bitarteko gauean, Berrobin azaldu zen Santa Kruz. Ondorengo egunetan, Belabieta inguruan Andoaingo eremua defendatzen ari ziren 18 soldadu-konpainia gehitu zitzaizkion, eta Asteasu aldera zuzendu zituen tropak, han baitzebilen Lizarraga jenerala. Harekin adiskidetu eta borroka bateratzea zuen amets Santa Kruzek. Jeneralak, ordea, soldadu-taldea desarmatzea eta apaiz gerrillariak eta bere aldekoek amore ematea lortu zuen.

LIZARRAGA JENERALA

Hauxe izan zen Santa Kruz apaizaren azken gerra-ekintza. Muga pasatu eta Frantzia aldera jo zuen, orduko hartan betiko. Bien bitartean, bere soldadu-taldeak indultua eskatu zuen Oñatin. Apaiz-gerrillari elduaindarra ez zen berriz gehiago bueltatu.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina