Kale nagusia ...... inguruan, argindar-kablez inguratuta. |
Mende
bukaerako bi hamarkadetan Elberdin, Danboliñenea, Igeralde,
Uraundia, Urrezti eta Intxaurrondoko iturri eta harraskak eraiki edo
berritu zituen udalak, auzotarren mesedetan. Eta argiztapen publikoa,
berriz, 1902. urtea hasi berritan iritsi zen gurera. Donostiako
kaleek 1899an ezagutu bazuten argiztapen elektrikoa, handik hiru urte
eskasera martxan zituen udalak herriko lehen kale-argiak Berastegin,
herritarren gozamenerako. Hala, bizitzaz jantzi ziren kaleak, nahiz
eta etxeetan oraindik petroleozko kinkeak eta olio-lanparak erabili.
XIX.
mende amaierarako, Tolosaldean paperaren industria zen nagusi
ekonomia-indarren artean; burdinola eta errota zaharrak paper-fabrika
moderno bilakatuak zeuden.
Tomas
Mujika Amiano enpresa-gizon lasartearraren egitasmoa ere garaiko
joerari lotu zitzaion. 1895ean Plazaolako burdinola erosi zuen,
bertan paper-orezko fabrika jartzeko asmoz. Frankiko eta Leitzarango
erreketan hainbat zundaketa-lan egin zituen, eta ohartu zen lehorte
garaian ez zuela ur eta, beraz, energia nahikorik izango bere
paper-ore fabrika berriko makineria mugiarazteko. Ondorioz, 1895eko
irailaren 24an, Eluts Handi inguruko 6 edo 7 areako lursail batean,
zentral hidroelektriko berria eraikitzeko baimena eskatu zion
Berastegiko udalari. Handik eta kable bidez, beharrezko zuen
argindarra eramango zuen Plazaolako fabrika berrira. Udalak begi onez
hartu zuen Mujika Amianoren eskaera eta baimendu egin zuen zentral
berriaren proiektua.
1897ko
irailaren 12an, eskaera berri batekin etorri zitzaion Mujika Amiano
udalari; Aintzergatik Plazaolara errepide bat egiteko baimena zen
eskatzen zuena. Eskatzailea prest agertu zen, gainera, lanen
kostuaren herena ordaintzeko. Ez zuen, ordea, agindutakoa beteko.
1900eko
urrian, hilabeteko epea eman zion udalak Mujika Amianori, egindako
lanetan hondatutako eta puskaturiko bideak konpontzeko.
1901eko
urtarrilean, berriz, enpresagizonaren bete gabeko agindu eta promesez
asperturik, ultimatuma bidali zion udalak: 15 eguneko epean ubideari
eta kableentzako posteei zegozkien zenbait auziri irtenbidea emateaz
gain, makinekin hondatutako bideak konpondu beharko zituen, paper
fabrika martxan jarri nahi bazuen, behintzat.
Eta,
hala, hilabete beranduago, 1901eko otsailean, jarrerak bateratu eta
bost puntuko hitzarmen bat adostu zuten bi aldeek:
1.
Mujika jaunak 1.795 pezetako kalte-ordaina eman beharko zion udalari,
Leitzarango urez baliatzeko Plazaolan bi kanal irekitzeagatik.
2.
Mujika jaunak, bere kontura, argindar-sarea eta 20 kale-argi ezarri
beharko zituen herrian, hartarako izendatutako udal-batzordeak
erabakitako puntuetan.
3.
Udalak, bere aldetik, instalazio elektrikoa egiteko beharrezko ziren
zutoinak ahalbidetuko zizkion Mujika Amianori.
4.
Udalak Bizkotxen zegoen herriko hariztia Mujika Amianoren eskura
jarriko zuen, hark Plazaolako makina-etxea eraikitzeko beharrezko
egurra bertatik har zezan.
5.
Mujika jaunak itxitura on batekin babestu beharko zituen kanalak eta
mantendu, abereak bertara ez erortzeko.
Argindar-zutoinak Ariztun auzoan |
1901eko
abenduaren 1ean, Mujika Amianok jarri beharreko kale-argientzako 20
puntu edo kokalekuak zehaztuz, zerrenda prestatu zuen udalak:
-
Kale-argi 1 Miguel errementariaren etxeko bidegurutzean.
-
Beste 1 Maitoneko bidegurutzean.
-
Beste 1 Elberdingo iturrian.
-
3 kale-argi plazan: bat Juan Labaienen etxe ondoan, beste bat
Txankanea etxearen ondoan, eta bestea Kontzeju eta
Gaztainondo-Berriren artean.
-
Beste 1 Apeztegiako bidegurutzean.
-
Beste 1 Danboliñeneko iturrian.
-
Beste 1 Martintxoneko bidegurutzean.
-
Beste 1 Zugui-Zabaletan.
-
3 kale-argi elizan: bat atarian, beste bat sarrera nagusian eta
bestea beste sarreran.
-
Beste 4 udaletxean: bat sarreran, beste bat eskaileretan eta beste
biak udaletxeko geletan.
-
Eta 3 azkenak Kontzejuko maizterrarentzat.
Hauexek
izan ziren lehenengo 20 argi-puntuak Berastegin, eta hauen ondotik
joan zen herriko argindar-sarea pixkana-pixkana urteetan zabaltzen
gainerako eraikin eta herri-bideetara.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina