SARRERA

SARRERA

Blog honen bidez nere helburua Berastegi eta bere inguruko natura eta historia jorratzea izango da.

HISTORIA etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
HISTORIA etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2020(e)ko abuztuaren 27(a), osteguna

PLAZAKO ITURRIA

 

1915eko argazkia.


Berastegiko udal-gobernuak, XVIII. mende erdialdean, herriko plazan iturri publiko bat eraikitzea erabaki zuen. Iturria eraikitzeko lanak atalka atera zituen enkante publikoan, eta interesa zuten eraikitzaileek Francisco de Ibero perituak jarritako baldintza eta kalitate-ezaugarriak errespetatu beharko zituzten, lanak aurrera eramaterakoan.


Iturria eraikitzeko lanen lehen atala 1754ko abenduaren 16an jarri zuen udal-gobernuak enkante publikoan. Naparrekoa izeneko iturburua erabiliko zuten ura herriko plazara eramateko, baldintza eta kalitate-ezaugarri jakinetan. Iturburua eta haren ingurua garbitu beharko zuten aurrena, agerian uzteko; eta ura hareharriz edo kareharriz egindako aska batean bildu beharko zuten, betunez igurtzitako harri landuekin estalitako aska batean.


Ura bideratzeko, berriz, arra (neurri zaharra, gaztelaniaz ‘palmo’, hatz txikitik hatz lodirako tartea, 20 cm inguruko neurria adierazten zuena) bateko aldea zuen ubidea erabili beharko zuten, hareharrizko losak lauki forman jarrita egina, junta guztiak eta buelta guztian oin bateko zabalerara arte betunez ondo beteak eta erabat itxiak.


Ubide hark iturburuko soberako urak bota zitezkeen lekura arte iritsi beharko zuen, eta leku horretan harri landuzko beste aska bat jarri beharko zuten, bi oin koadrokoa, eta altueran oin eta laurden izan beharko zuena (56 x 56 x 36 cm). Aska hari bi zulo edo irekidura egin beharko zitzaizkion: bata, 3 ontza koadrokoa (70 x 70 mm), urak plazarantz segitzeko; eta, bestea, 6 ontza koadrokoa (140 x 140 mm), ura bertan isurtzeko edo husteko.


Leku horretatik beste ubide bat egin beharko zuten, 6 ontza koadrokoa (140 x 140 mm), eraiki beharreko azken askara arte; hain zuzen ere, herriko plazako Maiztertegi (gero Ustoarena izango zena, ezkerretara) eta Plazaenea (eskuinetara) etxeen artean kokatuko zen azken askara arte (iturria dagoen etxea, Jakunea zen lehen). Aska hark ere harri landuz egina beharko zuen izan, 4 oin eta erdi luzeran, 2 oin altueran eta oin 1 zabaleran (125 x 56 x 28 cm). Hiru zulo egin beharko zitzaizkion hiru iturrirentzat eta beste bat handiagoa eta gorago soberako urarentzat.


Lanetan erabili beharreko karea kontuan hartu gabe, 14.500 errealeko aurrekontua izango zuten eraikuntzaren lehen ataleko lanek.


Bigarren ataleko lanak 1754ko abenduaren 18an jarri ziren enkante publikoan. Udal-gobernuak erabakitako parajean badaezpadako harrizko sei zutabe eraikitzea izango zen egin beharrekoa, iturria lehertzen bazen ere, berriz berreraiki behar izanez gero ere. Horrez gain, bi galtzada-zati ere eraiki nahi zituen udal-gobernuak: bata, Gorrotxikiko parajean; eta, bestea, Etxatxiki (Etxetxiki?) etxean. Lan hauek 274 errealeko aurrekontua izango zuten. Eta lanetarako behar zen karea, 264 errealeko kostua izango zuena, eraikuntza-lanen ardura zuenak eraman beharko zuen obrara.


Eraikuntza-lanen hirugarren eta azken atala 1755eko uztailaren 21ean jarri zen enkante publikoan, eta plazako iturriaren frontisa edo aurrealdea eraiki beharko zen haren bidez, perituak zehaztutako itxura eta diseinuaren arabera, eta harrizko bi eserleku erantsita. Frontisa egiteko ere harri landua erabili beharko zuten, apropos diseinu zimurtua edo koskaduna (abujardado) emateko. Arrateko harrobitik ekarriko zuten harria, Elaunde etxearen goiko aldetik barrena. Eta harriak 3.575 errealeko kostua izango zuen.


Plazako iturria eraikitzeko lanei amaiera emanez, inaugurazio-ekitaldia 1756ko irailaren 8an egin zen, eta lanek 18.613 errealeko aurrekontua izan zuten.



BERASTEGI TXURI BELTZEN IV

 


2020(e)ko apirilaren 21(a), asteartea

Berastegi, duela 100 urteko enpresa eta zerbitzuak.


1918an, Berastegik 1194 biztanle zituen. 100 urte geroago 150 biztanle gutxiago ditugu. Duela 100 urte herrian zeuden negozio eta enpresei dagokienez, eta gaur dagoenarekin alderatuz, jaitsiera handia eduki du.

Hauek dira Berastegiko komertzio, negozio, enpresak eta zerbitzuak 1918. urtean
ABARKETEN MERKATARIAK
Pedro Izaguirre, Ekialdeko kalea
IGELTSERO
Martín Elduarein
HARATEGIAK
Pio Echeverria, Plaza Real
JANGARRIAK
Tiburcio Arregui
Martin Zuloaga
AROZTEGIA
Francisco Garaiburu
IKAZTEGIA
Francisco Arregui, Plaza Real
SARRAILAGINTZA
Modesto Yaben 
TXOKOLATE FABRIKA
Antonio Arregui
ESTANKOA
Pio Echeverria, Plaza Real
ELEKTRIZITATE-FABRIKAK
Santos Gastañondo, Ameraun.
Lavayen eta Ustoa, Arrate.
Mugica Hermanos, Plazaola.
FONDAK, HOTELAK ETA OSTATUAK
Francisco Arregui, Plaza Real
Pio Echeverria, Plaza Real
Feliciana Sarasola, Goiko Kalea
ABELTZAINAK
M.ª José Esnaola, Ekialdeko kalea
Juan Bautista Garciarena, Eguerdiko kalea
Manuel Maíz, Ekialdeko kalea
ERREMENTARIAK
Yaben apala, Beheko kalea
Nicolas Seregui, Ipar kalea
LATORRITEGIA
Martín Vallejo, Ipar kalea
MEDIKUA
Luis Cendoya
OKINDEGIAK
Tiburcio Arregui, Beheko kalea
Sebastian Sogorza
ILE-APAINDEGIAK
Bautista Garaiburu, Ekialdeko kalea
Martín Vallejo, Ekialdeko kalea
SAGARDO FABRIKA
Sebastián Aguirre
TABERNAK
Pio Echeverria, Plaza Real
Francisco Arregui, Beheko kalea
Feliciana Sarasola, Goiko kalea
José Atestaran, Eldua auzoa
Bautista Ugalde, Eldua auzoa
EHUNEN MERKATARITZA
Martin Zuloaga
Sebastián Aguirre
Tiburcio Arregui
ALBAITARIA
Nicolás Yeregui
ZAPATERIA
Juan Bautista Garaiburu
MEATZEAK
Bizkotx
TELEGRAFISTA
Petra Ugarte
AUTO ZERBITZUA
José Echave
MAISUA
Erasmo San Martin
ANDEREÑO
Manuela Blasco
POSTARIA
José Echave

2020(e)ko otsailaren 5(a), asteazkena

Berastegiko inauteriak duela 70 urte.



Garizumaren aurreko hiru egunetan ospatzen ziren Berastegiko inauteriak, Zaldunita, Astelenita eta Asteartita, Igandea, Astelena eta Asteartea izenekoak, hurrenez hurren. Zaldunitan ez ziren mozorrotzen.

Inauteriak baino bi igande lehenago, gazteak bi despensero izendatzeko biltzen ziren. Izendapen horrek urtebeteko balioa zuen. Despenseroek festetan gastatzen zuten dirua administratzen zuten; txandako dantzariaren lehentasunaren arabera,neskak dantzara gehitzeaz arduratuko ziren. Inauterien garapen normala ere zainduko zuten.

Despenseroak izendatzeko, udaletxean biltzen ziren, eurekin batera txistulari eta danbolin jolea ere. Parte hartu nahi zuten gazte guztiak agertzen ziren, Berastegi ibaiaren alde bateko eta ibaiaren beste aldeko despentsero bana aukeratzen zen, eta 12 gazte gehiago, despenseroekin elkarlanean jarduteko. Jaiak antolatzeko gazteak izendatu ondoren, anis botila bat ateratzen zuten, eta txistulariak piezaren bat jotzen zuen.

Ostegun gizen goizean, mezetara joaten zen. Irteeran, txistularia eta danbor jolearekin, bi zaldi,txintxarrizko lepokoa eta koloretako zapiez apaindurik bere zaldizkoekin, herrian zehar doaz jaiak iragarriz. Zato erraldoi batekin ardoa gonbidatuz jendeari. Plazan berriz, haurrek dantza-soka dantzatzen zutelarik.

Larunbat arratsaldean, despenseroak,Ameraun, Kamineros eta baserri apartekoenetara eskatzera joaten ziren.

Igande goizean, Aiztunalde, Izotzalde, Eguzkialde eta Urdinarrain auzoetako bi ordezkarik gainontzeko gazteekin eskean ibiltzen ziren herrian zehar, eta biltzen zutena inauterietan aprobetxatzen zuten. Udaletxetik irten eta lehen bisita errektore etxean izaten zen, txistuaren musikak laguntzen zuen, eta gero herriko gainontzeko lekuetatik. Gazte batzuk, gauez, ez ziren etxera joaten lotara, eta udaletxean gazteentzat zegoen gazte-gelan pasatzen zuten.

1910ean argitaratutako udal-ordenantzen 14. artikuluan, eskaera horiei buruz honako hau irakurtzen dugu: «Los bailarines llamados de «San Juan» y jóvenes postulantes, los días de carnaval y cualquier otro día, obtendrán para exhibirse, bailar, cantar, tocar y pedir limosna, la correspondiente autorización del Alcalde».

Zaldunita, Astelenita eta Asteartitako arratsaldetan gazteek dantza-soka dantzatzen zuten plazako agertoki berean. Zuriz jantzitako despenseroek dantzariak eskatutako neska ekartzen zuten, bata neskaren aurretik eta bestea atzetik jartzen zirelarik. Dantza-soka amaitzean, parte-hartzaileak plazako eserlekuetan eseri eta gailetak eta ardoa zerbitzatzen zieten.

Inauterietako jantziak honako hauek ziren: abarketak, artilezko galtzerdi zuriekin, mahoizko galtzak, txilaba bat lepotik belaunetaraino, marrak goitik behera eta eskuak poltsikoetan sartzeko irekigune batzuekin. Buruan, lastozko txanoa, eta honi alanbrearekin kono itxura emanez papertxo eta lumez apaindua. Aurpegian, kareta bat sudurreraino. Poltsatxo bat ere eramaten zuten botatzen zituzten papertxoak eramateko.




Aipatutako ordenantzen hamaseigarren artikuluari dagokion "inauterietako maskarak eta dantzak" izeneko atalak honela dio: «En los días de Carnaval no se permitirá sacar el baile llamado aurresku o soka-dantza con disfraz o careta, pero se permitirá andar disfrazado por la calle desde las nueve de la mañana hasta el oscurecer, exceptuando el tiempo que duren las funciones de la iglesia, siempre que se presenten sin atacar a la moral pública y buenas costumbres. Las autoridades o sus agentes serán los llamados en todo caso para quitar la careta o pañuelo al hombre o mujer que no guarde el decoro correspondiente, cometiendo alguna falta u ocasione disgustos al público o a los particulares».

2019(e)ko abuztuaren 7(a), asteazkena

BERASTEGIKO ARGIZTAPEN PUBLIKOAREN HASTAPENAK

Kale nagusia ...... inguruan, argindar-kablez inguratuta.
XIX. mendearen azken hamarkadan aurrerapauso handiak eman ziren gure lurraldean ur- eta argindar-hornikuntzan, eta Berastegiko udalak ez zuen aurrerapauso haien aurrean atzean gelditu nahi izan.

Mende bukaerako bi hamarkadetan Elberdin, Danboliñenea, Igeralde, Uraundia, Urrezti eta Intxaurrondoko iturri eta harraskak eraiki edo berritu zituen udalak, auzotarren mesedetan. Eta argiztapen publikoa, berriz, 1902. urtea hasi berritan iritsi zen gurera. Donostiako kaleek 1899an ezagutu bazuten argiztapen elektrikoa, handik hiru urte eskasera martxan zituen udalak herriko lehen kale-argiak Berastegin, herritarren gozamenerako. Hala, bizitzaz jantzi ziren kaleak, nahiz eta etxeetan oraindik petroleozko kinkeak eta olio-lanparak erabili.

XIX. mende amaierarako, Tolosaldean paperaren industria zen nagusi ekonomia-indarren artean; burdinola eta errota zaharrak paper-fabrika moderno bilakatuak zeuden.

Tomas Mujika Amiano enpresa-gizon lasartearraren egitasmoa ere garaiko joerari lotu zitzaion. 1895ean Plazaolako burdinola erosi zuen, bertan paper-orezko fabrika jartzeko asmoz. Frankiko eta Leitzarango erreketan hainbat zundaketa-lan egin zituen, eta ohartu zen lehorte garaian ez zuela ur eta, beraz, energia nahikorik izango bere paper-ore fabrika berriko makineria mugiarazteko. Ondorioz, 1895eko irailaren 24an, Eluts Handi inguruko 6 edo 7 areako lursail batean, zentral hidroelektriko berria eraikitzeko baimena eskatu zion Berastegiko udalari. Handik eta kable bidez, beharrezko zuen argindarra eramango zuen Plazaolako fabrika berrira. Udalak begi onez hartu zuen Mujika Amianoren eskaera eta baimendu egin zuen zentral berriaren proiektua.

1897ko irailaren 12an, eskaera berri batekin etorri zitzaion Mujika Amiano udalari; Aintzergatik Plazaolara errepide bat egiteko baimena zen eskatzen zuena. Eskatzailea prest agertu zen, gainera, lanen kostuaren herena ordaintzeko. Ez zuen, ordea, agindutakoa beteko.

1900eko urrian, hilabeteko epea eman zion udalak Mujika Amianori, egindako lanetan hondatutako eta puskaturiko bideak konpontzeko.

1901eko urtarrilean, berriz, enpresagizonaren bete gabeko agindu eta promesez asperturik, ultimatuma bidali zion udalak: 15 eguneko epean ubideari eta kableentzako posteei zegozkien zenbait auziri irtenbidea emateaz gain, makinekin hondatutako bideak konpondu beharko zituen, paper fabrika martxan jarri nahi bazuen, behintzat.

Eta, hala, hilabete beranduago, 1901eko otsailean, jarrerak bateratu eta bost puntuko hitzarmen bat adostu zuten bi aldeek:

1. Mujika jaunak 1.795 pezetako kalte-ordaina eman beharko zion udalari, Leitzarango urez baliatzeko Plazaolan bi kanal irekitzeagatik.
2. Mujika jaunak, bere kontura, argindar-sarea eta 20 kale-argi ezarri beharko zituen herrian, hartarako izendatutako udal-batzordeak erabakitako puntuetan.
3. Udalak, bere aldetik, instalazio elektrikoa egiteko beharrezko ziren zutoinak ahalbidetuko zizkion Mujika Amianori.
4. Udalak Bizkotxen zegoen herriko hariztia Mujika Amianoren eskura jarriko zuen, hark Plazaolako makina-etxea eraikitzeko beharrezko egurra bertatik har zezan.
5. Mujika jaunak itxitura on batekin babestu beharko zituen kanalak eta mantendu, abereak bertara ez erortzeko.

Argindar-zutoinak Ariztun auzoan

1901eko abenduaren 1ean, Mujika Amianok jarri beharreko kale-argientzako 20 puntu edo kokalekuak zehaztuz, zerrenda prestatu zuen udalak:

- Kale-argi 1 Miguel errementariaren etxeko bidegurutzean.
- Beste 1 Maitoneko bidegurutzean.
- Beste 1 Elberdingo iturrian.
- 3 kale-argi plazan: bat Juan Labaienen etxe ondoan, beste bat Txankanea etxearen ondoan, eta bestea Kontzeju eta Gaztainondo-Berriren artean.
- Beste 1 Apeztegiako bidegurutzean.
- Beste 1 Danboliñeneko iturrian.
- Beste 1 Martintxoneko bidegurutzean.
- Beste 1 Zugui-Zabaletan. 
- 3 kale-argi elizan: bat atarian, beste bat sarrera nagusian eta bestea beste sarreran.
- Beste 4 udaletxean: bat sarreran, beste bat eskaileretan eta beste biak udaletxeko geletan.
- Eta 3 azkenak Kontzejuko maizterrarentzat.

Hauexek izan ziren lehenengo 20 argi-puntuak Berastegin, eta hauen ondotik joan zen herriko argindar-sarea pixkana-pixkana urteetan zabaltzen gainerako eraikin eta herri-bideetara.

VICTORIANO ETXABE YABEN “CHIQUITO DE BERASTEGI”


VICTORINO ETXABE, zutik eta eserita RAMON ZARAKAIN


1877ko maiatzaren 22an jaio zen, Berastegiko Salbadorenea etxean. Jose Cruz Etxabe Arregi eta Mª Bernarda Yaben Esnaolaren semea zen, hamar senidetatik seigarrena.

Esan bezala, zesta-puntako pilotaria izan zen, "chiquito de Berastegi" ezizenaz ezaguna. 1892ko abenduaren 26an egin zuen debuta, 15 urte zituela, Madrilgo frontoietan.

Apustua tarteko, aparraldian, unerik gorenean zegoen zesta-punta orduan, frontoietako "euskal kirola" ("sport vasco") deitzen zitzaiona, eta horrek pilotari euskaldun askok Madrilgo eta Bartzelonako frontoi berrietan jokatzea ekarri zuen.

1892ko gabonetan, esate baterako, 8 egunez jarraian jokatu zuen Victorianok Madrilgo San Francisco frontoian.1893ko azaroaren 12an ere Madrilen zen berriro, hango Euskal Jai frontoian jokatzeko, hurrengo urteko martxoaren 30era arte.

1895eko martxoaren 9an, Bartzelonara joan zen, han 8 hilabetez Barcelones frontoian jokatzeko. Tarrasako frontoiaren inaugurazioan ere hartu zuen parte Victorianok, baita Colon frontoiarenean ere 1896an.

Geroago, artean oso gazte zela, Ameriketara joan zen, eta garaipen edo lorpen handiak eskuratu zituen Mexiko, Kuba, Brasil eta Argentinako frontoietan.

Bere lehengusu Ramon Zalakain Yabenekin batera, Egiptoko Kairo eta Alejandriako frontoietan ere jokatu zuen.

Gerora, pilotari izateari utzi zionean, artekari-lanetan ibili zen Barcelones frontoian.

Azkenik, 61 urte zituela hil zen, Bartzelonan bertan.

2019(e)ko abuztuaren 6(a), asteartea

IBARROLA ITURRIA

Ibarrola iturria
Andres Ibarrola Marichalar 1852ko martxoaren 7an jaio zen Berastegiko Txurinea baserrian, zazpi anaia-arrebako familia batean. Aita Miguel Francisco Ibarrola zuen, eta ama Juana Bautista Maritxalar. Andres, bere arreba Joaquina Antonia, Maria Dolores eta Maria Bautistarekin batera, Argentinara joan zen, garai zail haietan beste hainbat bezala, etorkizun hobe baten bila.

Andres Ibarrola, bere arreba Mª Dolores, Joaquina Antonia eta Mª Bautistarekin.

Oparoaldia bizi izan zuten Argentinako lurretan eta dirutza ere egin zuten. Berastegira eginiko bisita batean, Bulatzi-erdi auzoan (leku-izen hori dator informazio-iturri izan dugun testuan) iturri bat eraikitzea erabaki zuen Andresek, bere arrebekin batera. Gizarte-ekintza edo dohaintza bat egin zuen, beraz, auzotarrek ur garbiaz goza zezaten.

Gauzak horrela, 1913ko urtarrilaren 19an, Juan Martin Iparragirre lagun eta auzotarrak Bulatzi-erdiko iturri berrirako ura eskatu zion Berastegiko udalari, Andresen izenean. Udalak, bere aldetik, honako baldintzekin onartu zuen Iparragirreren eskaera: ura Urandiko depositutik hartu beharko zuten, eta hodien kanpoaldeko diametroak ezin izango zuen 26 eta 33 mm arteko neurria gainditu. Hala, uda hartarako funtzionamenduan izan zuten iturria auzoan.

Hala dio harri gaineko inskripzioak; ESTA FUENTE FUE COSTEADA POR DON ANDRES IBARROLA MARICHALAR Y Hnas EL AÑO 1913 

1918ko ekainean, alkateak herriko kale nagusiari Andres Ibarrola izena jartzea proposatu zuen, iturriak herriari ematen zion zerbitzuagatik esker ona adierazi eta omenaldia egin nahian Ibarrola jaunari. Baina, azkenean, ez zen bete alkatearen asmoa, eta urte gutxitara hil zen Andres.

1929ko apirilean, Joaquina Antonia Ibarrolaren heriotzaren ostean, haren albazea edo testamentu-betearazlearen jakinarazpen bat iritsi zen Argentinatik, esanez Joaquina Antoniak bere ondasunen %7 Berastegiko herriarentzat utzi zuela.

Hala, 1934ko otsailean, testamentu-betearazlearekin eta Ogasunarekin hainbat izapide izan ondoren, 50.057,35 pezeta kobratu zituen udalak, Joaquina Antonia Ibarrolak iturria mantentzeko eta zaintzeko lanetarako utziak.

1934ko apirilean, berriz, hilabete batzuez iturria urik gabe egona zela eta, udal-batzak Urandiko hoditeria aldatzea erabaki zuen, eta Ibarrola iturrirako eta Izotzalde auzorako ura Ollokoko manantialetik hartzea, hoditeria berria erabilita. Inbertsio garrantzitsua izan zen hura iturriaren funtzionamendu egokirako; eta lanen kostua finantziatzeko ere, Joaquina Antonia Ibarrolaren ondasunak erabili zituen udalak.

1935eko otsailean, lanak bukatu ostean, 17.362,20 pezetako soberakina geratu zen Joaquina Antonia Ibarrolak utzitako diru-funtsetan. Haietatik 12.000 pezeta epe finkorako aurrezki bezala jarri zituen udalak, eta gainontzekoa kontu korronte batean gorde zuen, behar berrietarako.

2018(e)ko abuztuaren 8(a), asteazkena

PEDRO MUÑAGORRI OBINETA


PEDRO MUÑAGORRI OBINETA

Apezpiku eta misiolari, 1865eko ekainaren 29an jaioa Berastegiko Gorrinea etxean. Felix Pedro Muñagorri Loidi zuen aita eta ama Mª Dolores Obineta Zaldua, bederatzi anai-arrebatan seigarren senidea zen.

1880ko irailaren 12an, 15 urterekin, dominikar abitu-hartzea egin zuen Ocaña eskolan, eta han eman zuen urtebete ikasten.

Boto handiko profesioak hartu zituen 1884ko irailaren 14an Avilako Santo Tomas komentuan. Ikasketak burututakoan, eta subdiakono izendatutakoan, Manilako Santo Domingora destinatu zuten, eta han jaso zuen diakonotza 1887ko irailaren 24an. Aitor-entzule izanik misiolari joan zen, 1888ko ekainaren 14an, Tun-King zentralera.


1888ko uztail hasieran Manilatik atera zen, eta hil horretan Oñate jaunaren eskutik presbiterotza jaso zuen Phú Nhai herrian. Uztailaren 20an, Manilako Santo Domingon apaiz izendatu zuten, eta misiolari ibili zen lur haietan zehar. Jende asko kristautu zuen, ospitaleak eraiki zituen eta Tun-Kingen egundoko tenplua ere eraiki zuen, Jesusen Bihotz Sakratua. 1903an hasi ziren tenplu hori eraikitzen, eta 3 urteren buruan amaitu zuten.


1907ko abuztuaren 13an, bikario izendatu zuten Vietnamko Tun-King bikariotza apostolikoan. Handik urtebetera baino lehen, 1908ko urtarrilaren 5ean, gotzain izendatu zuen Maximo Velascok Pitsunda herrian, Valentin de Berrío-Ochoa dohatsuaren oinordeko.

1924ko martxoaren 12an, Vietnamko elizbarrutiei izena aldatu zien bertako administrazioak, eta Pedro Muñagorri Bui Chu bikario apostoliko izendatu zuten.


Hona hemen El Pueblo Vasco egunkarian agertutako gertaera, 1926. urteko Berastegiko jaietan, bertako seme eta gotzain zen Pedro Muñagorriri egin zioten ongi etorria, 40 urtez Indotxinan ibili ondoren hangoak kristautzen.

Abuztuaren 9an, astelehena, arratsaldeko zortzietan egin zuen sarrera Berastegira. Herriko mugaraino ibilgailuan joan zitzaizkion harrera egitera udaleko ordezkariak: alkatea, idazkaria eta zinegotziak.
Arrosiko errota inguruan, errepidearen alde batetik bestera, pankarta bat jarri zuten: <<Berastegui postutzen da zure etorrera kin>>; herri sarreran, berriz, beste bat: <<Zure erriyak ongi artu zaitzala>>; eta herriko enparantzan lore uztai dotore bat idatzi honekin: <<Erri ontako seme agurgarriyeneri ongi etorriya>>. Etxe guztietako balkoi eta leihoak apainduak ageri ziren, ikusgarri zeuden.



Herriko enparantza jendez gainezka zegoen. Bertan, gurutzea altxatuta, gotzaina, hainbat apaiz eta Saturraran apaizgaitegiko ikasleak ere zain zeuden. Handik pixka batera, auto-ilara bat sartu zen herriko enparantzan, eta haietako auto batetik Pedro Muñagorri jaitsi zen aita dominikar bat lagun zuelarik. Herriko erretorea aurreratu zitzaion ongi etorria ematera eta bertako ordezkariak aurkeztera.
Javier Arregui apaizak zuzendutako abesbatza misto batek euskaraz abestu zuen gotzain jauna goraipatzeko. Geroago, batzorde guztia elizalderantz abiatu zen Tolosako danbolin-jole taldearen atzetik. Bide guztian abesbatza abesten joan zen. Elizaren sarreran, hostoz eginiko arku bat jarria zeukaten idatzi hau zuela: <<Filium episcopum salutat natalis ecclesia>>. Eliza ikusi ondoren, berriro ere plazara joan ziren denak batera. Plazan, haurtzaroko lagun eta familiartekoak aurkeztu zizkioten Pedro Muñagorriri. Ilunabarrean, gotzaina familiarteko zuen Juan Labayen apaizaren etxera erretiratu zen, bertan hartu baitzuen ostatu.



Asteartean, San Lorenzo patroiaren egunean, udalbatzarra eta gainerako agintariak Tolosako danbolin-joleen atzetik, Pedro Muñagorri buru zela, elizara joan ziren, meza pontifikala ospatzera.




Andres Viquendik zuzendu zuen meza, Javier Arreguik abesbatza eta organoa Norberto Almandozek jo zuen, Sevilla metropoliko katedraleko organo-jolea zen bera. Meza amaitu ostean, fededun guztiek erlikiari eta gotzain misiolariaren eraztunari musu eman zieten.



Zeremonia amaituta, plazako frontoian esku-pilota partidu interesgarria izan zen. Bertan, Azkoitiko Chiquito anaiek, Berastegiko Miguel Mari eta Andoaingo Saroberen aurka jokatu zuten. Gotzainak ere ikusi zuen partidu hartan Azkoitiko anaiek 25 eta aurkariek 20 tanto egin zituzten.
Ondoren, udaletxeko batzar-aretoan, otordu ofiziala egin zuten Pedro Muñagorriren ohorez. Bere inguruan berrogeita hamar mahaikide eseri ziren, eta menua Kako jatetxekoek zerbitzatu zuten. Bazkalostean, giro ezin hobean, esker oneko hainbat hitzaldi zuzendu zitzaizkion gotzainari, eta aretoan bertan zegoen haren erretratua sinarazi zioten P. Muñagorriri. Azkenik, gotzainak, eserlekutik altxatuta, eskerrak eman zituen omenaldi harengatik.


Jaioterrian hiru egunez egon zen, eta urtebete eman zuen Espainian zehar bere elizbarrutirako baliabideak eskatzen hainbat agintariri, tartean, Alfonso XIII.ri ere bai.

Pedro Muñagorrik bideratzen zuen Bui Chu elizbarrutia izugarri handitu zen, eta berak bakarrik eramateko lan handiegia zela-eta, bi zatitan banatzea erabaki zuten. Hala, 1934. urtean, Pio XI. Aita Santuak bi zatitan banatu zuen elizbarrutia. 1935eko martxoaren 3an, Ho Ngoc Aita dominikarra Bui Chu-ko gotzain izendatu zuen Aita Santuak, Pedro Muñagorriren ordezko; Thai Binh elizbarrutia, berriz, gehienbat misiolari espainiarrez osatua geratu zen.


1936ko ekainaren 17an hil zen Pedro Muñagorri 70 urte zituela, Vietnamko Tun-King herriko Jesusen Bihotz Sakratua katedralean lurperatu zuten.


2017(e)ko apirilaren 13(a), osteguna

MUSTARKO ZUBIA



1755.urteko urtarrilaren 26ean, Juan Bautista Lizarza Berastegiko alkate eta ohiko epaia, eta Josseph Antonio de Ormaechea Elduaiengo Alkate eta ohiko epaia, hau bien errejidoreekin Bideraun izeneko lekuan elkartzen dira.


Leitzaran bailaran dagoen Herrerias Jermadas de Mustar-en ondoan, bi herrien jabetza izanik, harrizko zubi berri bat eraikitzeko adosten dira. Miguel de Irisarri eta Francisco Zelaia bi herrietako hargin eta perituak, oroitz-txosten batean adierazten dute eraikitzeko forma eta modua.

Andres de Aguirrek bereganatzen du eraikuntza 249,5 eskudu eta 15 belloneko erreal-gaitik, eskaintza hoberena izateagatik.

Perituek ezarritako baldintzetan, eraikuntzan honako hau esaten dute:
Lenengo, bertan dagoen egurrezko zubia desegin, zubi berria eraikitzeko.
llevando en su mitad, un arco que tenga de largo o de gueco quarenta y ocho pies, de ancho once pies, que el enunciado arco devera ser sacado en seis pies de medio punto. Harri-hormarako hormatzarra eraman beharko du arkua babesteko. Eraikuntzarako beharrezko egurra, bi herrien kostura joango da, eta bertako basotik atera beharko da.

Ordainketa lau epetan izango da, eta kopuru berdinekoak izango dira lau zatiak.
El primero el dia en que se otorgara la referida escritura para la execucion, el segundo al tiempo que se diese principio a asentar y poner las piedras del arco del puente, el tercero guando concluiere esta obra y se hiciere la primera entrega de ella, y el cuarto y ultimo al tiempo que se hiciere la entrega formal ultima de esta obra despues del año y dia.




2016(e)ko uztailaren 29(a), ostirala

GABINO LIZARZA LIZARZA. BERASTEGIKO OLINPIKOA ETA PALANKARI TREBEA.


Palanka jaurtiketa.
Kiroletan zabalduena edo hedatuena izan zen Espaina mailan. Herrialde bakoitzean bere arau edo modu zeukan jaurtiketa egiteko.
Euskal Herrian, palanka jaurtiketa ( barra Vasca ) izena jarri zioten kirol honi: herri kirol zabalduena izan zen garai batean, gaur egun desagerturik egon arren. XVII. mendean Euskal probintzi guztietan praktikatzen zen. XIX.mendean zehar beherakada nabaria izan zuen, naiz eta indarrean eutsi Gipuzkoan ( Berastegi, Gaztelu, Errezil, Oiartzun eta Azpeitia) . Jarduera hau desagertuz joan zen 1950. urtetik aurrera, jabalina eta disko jaurtiketak lekua kentzen joan zitzaiolako.

Burdinezko palanka ( burdinaga ), meatzariak lanerako erabiltzen zuten tresna zen. Kirol mota hau oso sinplea eta erraza zen: palanka urrutien jaurtitzen zuenak irabazten zuen.
1929ko Irailaren 14ean “ Excelsior ” aldizkariak argitaratu zuen modu ezberdinetan jaurtiketa egiteko araudia.
Hiru modu ezberdin zeuden palanka jaurtitzeko:
- Lenengoa abiadurarik artu gabe, Bularrez “a pecho“. Marraren mugan jarriz, hau ikutu gabe, jaurtiketa egin ondoren oinak ezin zuten lurrarekiko kontaktua galdu.
- Bigarrena abiadurarekin, Biraka “con impulso”. Hemen abiadurarekin eta jaurtitzaileak nahi zituen birak emanez egiten zen baina marra gaindituko gabe.
- Hirugarrena Ankabe edo Izterpe “bajo pierna”. Ankak zabaldurik palanka hanka tartean atzera eta aurrerako mugimenduari eraginez jaurtitzea zen.

Araudi honek adierazten digu palanka bere lepoatzetik hartzen zela grabitatearen erdiruntz, eta eskuan ura xaboiakin, olioa, errautsa, talko edo antzeko ekoizkinak erabiltzen zituzten eskutikan palankak arazorik gabe irrista zezan.


Gabino Lizarza Lizarza.
1888.urteko urriaren 25ean jaio zen Berastegin, Arria baserrian. Andres Antonio Lizarza Saizar eta Josefa Micaela Lizarza Olaechearen semea. 1938.urteko ekainaren 5ean hil zen “neumonia lubolillar” gaitzak jota, 49 urte soilik zituelarik, Dámasa Esnaola emaztea alargun utzirik 35 urterekin eta 5 semerekin.

Gabino gizon altu eta sendoa zen, bere gorpuzkera ederki egokituta zegoen palanka jaurtiketarako.
18 urterekin eduki zuen lehen desafio garrantzitsuena, aurkaria Miguel Ignacio Jaka Domintxin, biak berastegiarrak eta adin berekoak. Desafioa 1906.urtean egin zen Tolosako zezen plazan.
Hona, Miel Ignazio Jakak nola jokatu zuen Tolosako zezen plazan Sebastian Matxineak Jakak kontatua:
Bat Jaundeiko semea ta bestea Arriakoa, auzoak bik. Osabare palenkarie emen zien Jaundeikoak: Miel Inazio Domintxin, Arrosanekoa. Ala, illoba palenkan asi zaiok eta, ondo gañea, ta bi auzok or in die apustue. Lizartzak kontrarioak ba omen zixkin Gaztelun da nonai, baño Jaundeiko ori asi zanen bi auzok asi dittut teman da, or in die apustue, Tolosan jokatzeko!
Baten alde batzuk, eta besten alde bestek, erri guzia jun omen unan; emakumek bakarrak etxen; da ordun autobusik eta radioik eta ezer ez, ta Jaundein an emen zaren leiotik beide, zeñek irabaziko zun, abison zai jarrik, eta Leitzako Xebastianek, Tolosan apustue ikusita zaldi gañen etxera zetorrela, Zamargingo gañetik erri bixtara azaldu zanen, oiu eiñ emen zin: Jakak galdu dula! Ta, ura aittu zuenen, ama ta arrebak eta denak nearrez nola eondu zien etxen. Atte ta gizonezko guztik apustue ikustea joanak. Ala esaten ziñ gure ama zanak.
Gero , irabazi zuenak, lizartzatar orik, eune Tolosan pasata gaben etxera zetozela, Jaundeiko ataritik pasa bear Arriara ta, burla geio itteatik, etxafuego tiaka pasa emen ittun. Gero, artatik desespeatu ta, Ameriketa aldeiñ emen zin Jaundeiko osaba orrek.

Tolosan 1906an apustua galdutakoan Ameriketara joan zela, beste berririk ez dute izan Berastegin. Gerozko berriak Natibido Ugartemendiak kontatu zizkion “Patziku Perurenari, El Diario Vasco” eginiko elkarrizketa batean.< Geo, Miel Inazio orrek kartak itten amari Jaurerira Ameriketatik, baño ama aserretu egin zan suiakin da, Arriñera etorri zan ama, nik bosten bat urte nittula; da andik urte gutxira, nik zortzi beatzin bat nittula il zan. Geroztik etzuen gure etxen aren kartik geio jaso. Miel Inazio orrek eta bere anaiak Ameriketan ateatako fotografik, bazien gure etxen...ben bigotekin da, sendo sendoak,ortxe berroei berroitamar urtekoak baño auskalo non dien fotografi aik oaiñ…

Gabinok urte askoan herri asko igaro zituen,erakusketa eta beste palankarien aurka apustu eginez. Adibidez, Ignacio Onaindia “Sakristan”, Martin Iparraguirre, Miguel Ignacio Dominchin, Miguel Ignacio Jaca, Baltasar Esnaola eta Andres Uriguen aurka haritu izan zen. Hauek eginiko marka edo apustuen gain ez dago informazio handirik, baina argitaratutakoak jaso ditut.

1913ko uztailak 28an, Tolosan Berazubiko estadioan 10 librako palankarekin “hamarreko” erakusketan eginiko marketan zer esan haundia eman zuen urte askoan, ez bait zuen erronkarako aurkaririk aurkitu.
- Bularrez: 118 oin (32,90m).
- Biraka: 186 oin (51,89m).
- Ankape: 100 oin (27,90m).

Antonio Arrue-k “IDAZTIAK ETA ITZALDIAK” idatzitako liburuan honako pasarte hau kontatzen du Gabino eta Baltasarri buruz.“Gabino Lizarza, Berastegi’ko semea zan, ta Berastegi’n bertan orain amabi urte il zan. Baltasar Esnaola, berriz, Gaztelu’n jaioa zan, oso oker ezpagaude beintzat, orain lau urte Oiartzun’en il zan.
Biak palankari iaioak, or ibilli ziran, ia ogei urtean, elkarri desapioka. Baña,
gure uste apalez, Lizarza, Esnaola baño palankari obea zan, batez ere iztarpez,
ta baita plaza-gizonagoa ere noski. Gañera Esnaola’k –izengoitiz Gaztelu, esan
bezala izen ontako errian jaioa zalako–, eztakit –ixil samarrean esateko obeak
dira kontu auek baña–, eztakit, diot, beti oso fiñ jokatu ote zuan. Batez ere,
Lizarza’ren marka bat austeko asmoz egin zuan apustu batean. Berealdiko
erronkak aurrez bota ta jendeari dirua erruz bere alde joka-erazi ondoren, autsi
gabe gelditu baitzan.
Dana dala, Lizartza’k utzi zizkigun markak, Esnaola’renak baño obeak
dira. Ta baita noski beste orduko ta lengo palankari guzienenak edo beñepein
geientsuenenak baño ere.
Lizarza’ren marka ezagun onenak auetxek dira: bueltaka, bederatzi librako
palankarekin: eun da larogei ta sei oiñ, au da, berrogei ta amaika metro ta
irurogei ta amazazpi zentimetro; iztarpez, eun oiñ pasatxoak; ta a pecho, berriz,
eun da ogei ta zazpitik gora”.

1920ko hamarkada hasieran, Gabino Tolosako Umore-ona atletismoko taldean barneratzen da eta jabalina eta diskoarekin praktikatzen hasten da. Diskoarekin markak edo errekorrak hausten hasten denez 1924. urtean bere izena urrezko letrakin idazten dute.



1924.urteko apirilak seian Zaragozako kirol erakusketan, Gabinok diskoa 39,25 metro luzez botatzen du eta Espainiako errekor berria izango zen ez bazen zirkulutik atera izan.

1924ko maiatzak 11an, Tolosan Gipuzkoako atletismo txapelketa jolasten ari zenean, Gabinok, diskoa jaurti zuenean 41,44 metro, Espaniko errekor berria jarri zuen. Errekor hau 12 urtez mantendu zen, azkenik Celaya bizkaitarrak puskatu arte marka.

Maiatzak 19an, aste bat geroago Donostin beste txapelketa batean, diskoa 35,75 metroz jaurti zuen. El Pueblo Vasco egunkariak kronika batean honela dio:
Existía expectación por ver si Gabino Lizarza batía su propio récord de 41 m. 44cm. Y como no todos los días puede lograrse, el domingo Gabino estuvo algo flojo. En su honor, tenemos que advertir que esta semana se ha entrenado en Atocha con el entrenador Alemán y el viernes y sábado la lección fue bastante dura a consecuencia de tener que marcharse el señor Hoiz a Madrid. Así queda explicado que Gabino estaba algo cansado de brazos. Sin embargo y como demostración neta de su absoluta superioridad, basta decir que ganó fácilmente el titulo de campeón”.

1924ko maiatzak 24 eta 25 egunetan, Tolosako Berazubi estadioan, Espaniako VII. atletismo txapelketa jokatzen da. Bertan, Gabino disko jaurtiketan Espaniko garaile egiten da, 36,94 metroekin,Uriaren aurretik 33,15ekin eta hirugarren Izaguirre geratuz 31,90 metroekin. Marka honi esker Pariseko olinpiadetara joateko bidea ireki zitzaion Gabinori.

Mendizabal, Ordoñez, Andia, Velasco, Lizarza, Palan, Carreras, Melendez, Soler, Peña, Labourdette, Larrañaga, Garcia, J.L. Elósegui, La Cerda, Bosch, Yermo, Artiach, Irigoyen, Erice, Anatoi, Abad, Pagaza, Junin y Peña.

Joxe Iguaranek lagundu zion trenez Gabinori Parisko 8. joku olinpiadetara, hauek 1924ko uztailaren 6 eta 13 bitartean jokatu ziren eta disko jaurtiketan parte artu zuen. Txapelketa barruan, Gabinori jakinarazten die praka motzak beharrezko zirela parte hartzeko, derrigorrezkoa zela. Gabino oso haserre, meatxu egin zien etxera itzuliko zela horrela jolastu behar bazuen, baina azkenik amore emanda bere jaurtiketa ere oso diskretu geratu zen 34,20 metroz jaurti zuen, bere postu 28. geratuz.

1928.urteko uztailak 21ean, Donostiko Euskal festako kirol egitarauan, Atotxako futbol zelaian egin zen palanka jaurtiketa erakustaldian, honako markak lortu zituen:
-Bularrez 41,05m.
-Biraka 48,65m.
-Ankape 25´16m.


1931.urteko maiatzaren 31ean Udal-hauteskundeetan Berastegiko udaletxean zinegotzi sartu zen eta 1938. urteko ekainak 5 arte egonik, neumonia lubolillarrez hil bait zen. Udalak batzar berezi baten deialdia egiten du honako hau jakinerazten :

El Sr. Presidente hizo uso de la palabra para dar cuenta del fallecimiento del concejal de este Ayuntamiento D. Gabino Lizarza Lizarza acaecido en día de hoy; dedico un homenaje al finado de quien dijo fue siempre fiel cumplidor de sus deberes de administrador a la par que era un gran español entusiasta de la causa nacional. Propuso que el ayuntamiento asista en Corporación al sepelio y demás actos fúnebres que se celebren mañana, se le envíe a la viuda Dña. Dámasa Esnaola su más sentido pésame y se levante la sesión en señal de duelo”. ( udal-akta 5/6/1938)