1915eko argazkia. |
Berastegiko udal-gobernuak, XVIII. mende erdialdean, herriko plazan iturri publiko bat eraikitzea erabaki zuen. Iturria eraikitzeko lanak atalka atera zituen enkante publikoan, eta interesa zuten eraikitzaileek Francisco de Ibero perituak jarritako baldintza eta kalitate-ezaugarriak errespetatu beharko zituzten, lanak aurrera eramaterakoan.
Iturria eraikitzeko lanen lehen atala 1754ko abenduaren 16an jarri zuen udal-gobernuak enkante publikoan. Naparrekoa izeneko iturburua erabiliko zuten ura herriko plazara eramateko, baldintza eta kalitate-ezaugarri jakinetan. Iturburua eta haren ingurua garbitu beharko zuten aurrena, agerian uzteko; eta ura hareharriz edo kareharriz egindako aska batean bildu beharko zuten, betunez igurtzitako harri landuekin estalitako aska batean.
Ura bideratzeko, berriz, arra (neurri zaharra, gaztelaniaz ‘palmo’, hatz txikitik hatz lodirako tartea, 20 cm inguruko neurria adierazten zuena) bateko aldea zuen ubidea erabili beharko zuten, hareharrizko losak lauki forman jarrita egina, junta guztiak eta buelta guztian oin bateko zabalerara arte betunez ondo beteak eta erabat itxiak.
Ubide hark iturburuko soberako urak bota zitezkeen lekura arte iritsi beharko zuen, eta leku horretan harri landuzko beste aska bat jarri beharko zuten, bi oin koadrokoa, eta altueran oin eta laurden izan beharko zuena (56 x 56 x 36 cm). Aska hari bi zulo edo irekidura egin beharko zitzaizkion: bata, 3 ontza koadrokoa (70 x 70 mm), urak plazarantz segitzeko; eta, bestea, 6 ontza koadrokoa (140 x 140 mm), ura bertan isurtzeko edo husteko.
Leku horretatik beste ubide bat egin beharko zuten, 6 ontza koadrokoa (140 x 140 mm), eraiki beharreko azken askara arte; hain zuzen ere, herriko plazako Maiztertegi (gero Ustoarena izango zena, ezkerretara) eta Plazaenea (eskuinetara) etxeen artean kokatuko zen azken askara arte (iturria dagoen etxea, Jakunea zen lehen). Aska hark ere harri landuz egina beharko zuen izan, 4 oin eta erdi luzeran, 2 oin altueran eta oin 1 zabaleran (125 x 56 x 28 cm). Hiru zulo egin beharko zitzaizkion hiru iturrirentzat eta beste bat handiagoa eta gorago soberako urarentzat.
Lanetan erabili beharreko karea kontuan hartu gabe, 14.500 errealeko aurrekontua izango zuten eraikuntzaren lehen ataleko lanek.
Bigarren ataleko lanak 1754ko abenduaren 18an jarri ziren enkante publikoan. Udal-gobernuak erabakitako parajean badaezpadako harrizko sei zutabe eraikitzea izango zen egin beharrekoa, iturria lehertzen bazen ere, berriz berreraiki behar izanez gero ere. Horrez gain, bi galtzada-zati ere eraiki nahi zituen udal-gobernuak: bata, Gorrotxikiko parajean; eta, bestea, Etxatxiki (Etxetxiki?) etxean. Lan hauek 274 errealeko aurrekontua izango zuten. Eta lanetarako behar zen karea, 264 errealeko kostua izango zuena, eraikuntza-lanen ardura zuenak eraman beharko zuen obrara.
Eraikuntza-lanen hirugarren eta azken atala 1755eko uztailaren 21ean jarri zen enkante publikoan, eta plazako iturriaren frontisa edo aurrealdea eraiki beharko zen haren bidez, perituak zehaztutako itxura eta diseinuaren arabera, eta harrizko bi eserleku erantsita. Frontisa egiteko ere harri landua erabili beharko zuten, apropos diseinu zimurtua edo koskaduna (abujardado) emateko. Arrateko harrobitik ekarriko zuten harria, Elaunde etxearen goiko aldetik barrena. Eta harriak 3.575 errealeko kostua izango zuen.
Plazako iturria eraikitzeko lanei amaiera emanez, inaugurazio-ekitaldia 1756ko irailaren 8an egin zen, eta lanek 18.613 errealeko aurrekontua izan zuten.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina