SARRERA

SARRERA

Blog honen bidez nere helburua Berastegi eta bere inguruko natura eta historia jorratzea izango da.

2012(e)ko abuztuaren 16(a), osteguna

ARRABIO ARRUNTA


Arrabio arrunta urodelo bat da, eta 15 zm luzera du. Lurreko anfibioa da, bere jarduerak ilunabar eta gauez egiten ditu. Uretik urrun bizi da leku garaietan izan ezik. Udazken aldera ikusten da gehienbat eta euria egun jarraietan egiten duenean ere. Ura ugalketa garaian bakarrik erabiliko du,  putzu geldi eta ondo oxigenatu batean umeak egingo ditu, bertan 2 edo 3 hilabetez biziko dira metamorfosia osatu arte. Arraultzen garapena emearen obiduktuetan egiten da eta arraultzetik irtetean uretan uzten ditu. Baso fresko eta hezeko espeziea da, batez ere pagadi eta haritzondoetakoa.  Berastegi eta bere inguruetan espezie hau ugaria da, hábitat egokia da urodelo honentzat.


ARRABIO ARRUNTA  Salamandra Salamandra







BERASTEGIKO HEGAZTIAK

Lurralde txikia eta biztanlego handikoa izanagatik, Euskal Herriak hegaztiak behatzeko aukera ugari eskaintzen du. Pasaia eta ekosistema desberdinak izateak elkarrekin zerikusirik ez duten hainbat Hegazti-mota erakarri ditu.
Euskal lurraldearen %20 “Natura 2000” sarean sartuta dago. Sare horrek hegaztientzat garrantzitsuak diren eremuak babesten ditu, eta babestutako lurralde horien artean dago Leitzaran.
Iberiar Penintsulan ikus daitezkeen 563 espezietatik 120 aurki ditzakegu Berastegin bertan. Alegia, penintsula osoan dauden hegaztien %20 gure zeruan barrena dabil.


ENARA AZPIZURIA

Urtaro bakoitzak hegaztiak behatzeko aukera ezberdinak ematen dizkigu. Udaberrian (maiatzean eta ekainean) habiak egiten eta kumeak jaiotzen ikusteko parada izango dugu. Udazkenean (irailaren azkenetik azarora bitartean) migrazioan joaten direnei errepara geniezaieke. Eta neguan (urtarril, otsail eta martxoan) gure lurraldean pasatzen dutenak behatu ahal izango ditugu, batzuk hementxe geratzen dira-eta. Gainera, sekula baino hobeto ikusteko aukera izaten da neguan, arbolek hostorik ez baitute izaten.

Lurralde batean bizi diren animalia espezie guztiek osatzen dute habitata. Batzuek edozein lekutara egokitzeko gaitasuna izan ohi dute. Beste batzuek, berriz, behar jakinak izan ohi dituzte eta, ondorioz, behar ohiek betetzen diren lekuetan bakarrik bizi daitezke. Gure herrian hábitat bat baino gehiago daude, eta horietako bakoitzean hegazti-mota jakinak aurkituko ditugu.

KASKABELTZ ARRUNTA

Hala ere, ez pentsa nonbaitera iritsi orduko izango dugunik nahi ditugun adina hegazti ikusteko aukera. Animalia gehienek bezala hegaztiek ere gizakiarengandik ihes egiten dute, eta zaila da lasai ederrenean begira egoteko tarterik harrapatzea.

LANDAZABALEAN, baserri, belaze, heskai, erreka eta arboladiek osatzen duten paisaian, honako hegazti hauek ikusiko ditugu : zapelatz arrunta, kukua, hontz zuria, uda-txirta, buztanikara zuria, zozo arrunta, birigarro arrunta, etxe-txolarrea, kardintxuloa eta abar.

HALTZADIEK ibai-bazterretako landaredi lineala osatzen dute, Leitzaran ibaian bezala. Habitat honek aldaketa asko izaten ditu, batez ere, bi arrazoirengatik: kutsadura eta landaredia ezabatzea. Baina ez da hori gertatu Leitzaran ibai inguruan, eta han aurkitu ahal izango ditugu, besteak beste, martin arrantzalea, buztanikara horia, ur-zozoa eta errekatxigorra.

KONIFEROAK ere baditugu. Beste inon baino espezie gutxiago aurkitzen dira hauetan, bizirauteko ez baitute hainbeste baliabide aurkitzen. Hala ere, badira bertan ikus ditzakegun hegazti batzuk: gabiral arrunta, txepetxa, txantxangorria, erregetxo bekainzuria, amilotx mottoduna, pinu-kaskabeltza, mokokerra eta abar.

BUZTANGORRI ILUNA

Lur-eremu handia hartzen dute PAGADIEK Berastegin. Neguan hostorik ez izateak hábitat berezia egiten du urtaro hau. Izan ere, hegazti ugari dira hostoaren beharra dutenak elikatu ahal izateko. Horregatik eragiten die neguak zuzenean. Bestalde, zulatutako zuhaitz zaharrek babesa eta jatekoa eskaintzen diete. Hábitat honetan aurkituko ditugu oilagorra, zata arrunta, garraztarroa, txinbo kaskabeltza, txio arrunta, kaskabeltz handia, garrapoa, txonta arrunta, berdatza horia, kamatxoa, etb.

MENDI LARRE ugari dago Urepel eta Mandoegi inguruan. Garai bateko basoetan, artzantzaren ondorioz, abereen bazka-leku diren paraje irekiak ditugu gaur. Larre horietan ibiltzen dira arrano beltza, sai-arrea, sai-zuria, belea, belabeltza, hegatxabal arrunta, mendi txirta, buztangorri iluna, txorru arrunta eta beste batzuk.


KUKUA

1.- Migrazio azkarra. Hegazti hauek ez dute kumerik egiten eta negua Berastegin pasa dezakete, egunez nahiz gauez pasatzen dira batetik bestera, eta gehienetan taldean.


BUZTANIKARA ZURIA

2.- Migrazio partziala. Hórrela deitzen zaio ehiza-hegaztiei nahiz kanpokoei egiten dielako erreferentzia migrazioak. Batzuek zein besteek egunez eta gauez egiten dute migrazioa, eta taldean zein bakarka joan daitezke. Pase hauek iparraldetik hegoaldera eta hegoaldetik iparrera izaten dira.



MARTIN ARRANTZALEA

3.-Mugimendu edo pase motela. Kumatuko diren lekura iristeko hilabeteak behar dituzten hegaztiak dira. Lekualdaketak egunez nahiz gauez izaten dira.


TXONTA ARRUNTA


Hala ere, badira hegazti batzuk bizitza osoa leku berean ematen dutenak. Horiei sedentarioak deitzen zaie.

Udaldiko hegaztiak uda-garaia Euskal Herrian ematen dutenak dira. Hauek Penintsula hegoaldetik eta Afrika iparraldetik ipar Europarantz doazen hegaztiak dira. Batzuk helmugaraino iristen badira ere, beste batzuk hemen geratzen dira kumatzeko. Behin uda pasatakoan, berriro ere hegoalderantz jotzen dute negurako babes bila.


ZAPELATZ ARRUNTA

Honekin guztiarekin berastegiarrei hegaztien gaineko interesa piztu nahi diet: noizean behin atera mendira edo hábitat desberdinetara, eta erreparatu hegaztiei.



ERREKATXINGORRA

Prismatiko eta Europako hegaztiei buruzko gidaren bat izateak lagunduko liguke hegazti-mota desberdinak ezagutzea. Benetan esaten dizuet ibilaldi atsegin eta politak izango liratekela. Gure udalerrian ditugun hegaztien barietate eta aberastasunaz gehiago ikasiko genuke.
PITXARTXA BURUBELTXA

                                                                                                      

KAMATXOA
                                                                                      


BERASTEGIKO UHOLDEAK 2011-11-6

Hauek dira 2011ko azaroaren 6ko uholdeen eragina.
Berastegiko meteologi estazioak 74,5 litro metro karratuko jaso zituen igande hortako goiz partean bakarrik

 

                         

















2012(e)ko abuztuaren 6(a), astelehena

OTSOAK BERASTEGIN


Euskal Herrian ez ezik, gainontzeko lurraldeetan ere beti sortu izan ditu otsoak sentimendu kontrajarriak; erakargarri bezain gaitzetsia izan da. Batetik, otsoaren babesleak daude, haren balio ekologikoaren aldekoak; eta, bestetik, abeltzainak, otsoak egiten dien kaltea besterik ikusten ez dutenak.
Otsoa animalia harraparia da, horren erakusle da haren gorpuzkera: 42 hortz ditu baraila indartsuetan, bular-kaxa zabala eta gihar indartsuak.
Hogeita hamar bat otso-mota daude munduan zehar zabaldurik. Gure lurraldean otso iberikoa (canis lupus signatus) eta otso italiarra (canis lupus italicus) bizi dira; azken hori, Pirinioetatik etorria, urriagoa bada ere.
Garai batean ia Euskal Herri osoan aurki zitekeen otsoa; baina XIX. mendean galtzen hasi zen, eta Berastegin eta inguruko mendietan erabat desagertu zen 1800 urtearen azken hamarkadan eta 1900. hasieran.
Artxiboetan ageri da 1596 urteaz geroztik harrapatzen zela otsoa Berastegin. Udalek saritu egiten zuten kaltegarriak izan zitezkeen animaliak harrapatzeagatik, horien artean otsoak, azeriak, arranoak, basurdeak, azkonarrak, etab.
XVIII. eta XIX. mendeetan, zabaldu egin zen abelazkuntza, eta otsoek egiten zuten kalteari aurre egin nahian, 1817 urtean kofradia bat eratu zen. Bederatzi herri elkartu ziren kofradia horretan, eta herri bakoitzak bere prezioa zuen hildako otso bakoitzeko: Leitzak 17 zentimo; Elduain, Uitzi, Arano, Orexa eta Gazteluk 5 zentimo; Berastegi eta Goizuetak 13,5; eta 6 Aresok. Bi urtez iraun zuen kofradia horrek, ez da inon ageri gehiago iraun zuenik.
1819tik aurrera herri bakoitza arduratzen zen haren lurretan hildako animalien kudeaketaz. Berastegiren kasuan, udalak urteko kuota bat ordaintzen zion ehiztariari kaltea eragiten zuten animaliak harrapatzeagatik.
Hala ere, modu batera eta bestera saiatu arren, ezin zuten arazoarekin burutu; horrela bada, anaiarteko elkarte bat eratu zen 1871n. Leitza, Arano, Goizueta, Artikutza, Oiartzun, Lesaka, Aranaz (Arantza gaur egun) eta Berastegiren artean. Elkartutako herrien lursailetan harrapatutako otso bakoitzeko 170 erreal jartzen zituen udal bakoitzak. Gainera, artzainek ere bazuten elkarte horretan sartzeko aukera, eta horrela egin zutenek ordainketan parte hartu behar izaten zuten: artzainak zeukan ardi-buru bakoitzeko proportzioan ordaintzen zuen.
Baldintza horiek beste herrietako ehiztariak erakarri zituzten, eta horrek ekarri zuen otsoen desagertzea denbora gutxian.
Europako bazter gehienetan bukatu da otsoarekin, eta nekez aurkituko dugu gaur egun. Iberiar Penintsulan, Italian, Eskandinavian, Alpeetan eta Alemania ekialdean bakarrik aurkitu daiteke. Euskal Herrian, gaur, honako lurraldeetan ikus daiteke: Araban, Valderejon, Bovedan, Gorbeian, Guibion, Salvadan, Badayan, Arreton eta Karkamun; Bizkaian, Enkarterrietan, Balgerri mendizerran eta Karrantzako aranean; Gipuzkoan, ia batere ez dago, Aralarren agertzen dira noizbehinka ar gazteak lurralde berrien bila; eta Nafarroan, Pirinioetan ale gutxi batzuk besterik ez.

Abeltzainek mastin arrazako zakurrak erabiltzen dituzte abereen zaindari, eta arrakasta handia dute otsoaren aurka.

ELDUAIENGO TXOKOAK

                                                            Elduaien herria

                              
                                                     Gorrane borda ondoko karobia

                                            

Urteen eragina

Naturaren bitxikeria

Zelai erreka



Garai bateko zubi eroria



Zelaiko ur-saltoak

Arrosiko ur-saltoa

Arrosiko ur-saltoa

2012(e)ko uztailaren 24(a), asteartea

URTOKO MIKELETE-ETXEA


Gipuzkoako Foru Aldundiak, Aurrezki Kutxa Probintzialaren administrazioak lagunduta, sortu zuen mikelete-taldea 1839ko irailaren 24an. Ordena publikoa bermatzea zen talde horren helburua.

1933tik aurrera zabaldu ziren mikeleteak Gipuzkoa osoan, eta 61 talde inguru eratu ziren. Horien artean Urtokoa. Nafarroa eta Gipuzkoa artean pasatzen zen merkantziagatik zergak kobratzea eta istripuren edo ezbeharren batean zauritutakoei laguntza ematea zen haien betebeharra.

1891ko irailaren 20an, udaletxean, enkantea egin zen Urtoko mikelete-etxearen lanak egiteko. Beasaingo Jose Angel Lasak hartu zuen beregain zeregin hori, eta 9.558,74 pezeta kosta zen. Hilabete gutxiren buruan lau mikelete ziren bertan.

Juan Mujika mikeletea eta Martina Aurkia ezkondu zirenean, mikelete-etxera joan ziren bizitzera.  Gazteluarrak ziren biak,  Prasenea baserrikoa Juan eta Argaratekoa Martina. Lau alaba izan zituzten: Maria, Francisca, Josefa eta Cristina.

36ko gerra
36ko gerran, errepublikanoak zetozela-eta, bi alaba zaharrenei fusila eta eskopeta oilategian gordetzeko agindu zien Juan Mujikak. Urte hartan bertan, uztailaren 23an, Tutor komandantearen agindupean, Leitzatik abiatu eta Indianaborda baserriaren inguruetan jarri ziren errekete nafarrak; Gipuzkoako aldean, berriz, mikeleteak eta errepublikanoak. Tiroak izan ziren alde bateko eta bestekoen artean, eta han hil zen San Martin de Unx-eko Joakin Muruzabal erreketea. 
Mikelete eta errepublikanoek atzera egin behar izan zuten, Berastegi aldera, baina Artaleku inguruan erreketeek enboskada egin eta hantxe, Juan Mujikaren ondoan, hil zen mikelete bat. Ondoren, errenditu egin ziren fusil baten puntan zapi zuria jarrita. Atxilotutako guztiak Iruñeako San Cristobal kartzelara eraman zituzten.

Urtoko borrokaldia hasi baino lehentxeago, Martina ama eta bere lau alabak Berastegiko Elaundeazpi baserrira ihes egin zuten, han bizi baitzen Martinaren ahizpa. Elaundeazpin zegoela jakin zuen Martinak izandako liskarrean mikelete bat hil zela. Senarraren deskribapena egin behar izan zuen hildakoa Juan ote zen jakiteko.

Iruñeako Beleztenatarrek egin zuten Juan Mujikaren alde, eta kartzelatik ateratzea lortu zuten.  Beleztena familiak uda Leitzan pasatzen zuen eta, telefonoz deitu behar zutenean, Urtoko mikelete-etxera joan ohi ziren. Handik ezagutzen zuten Juan Mujika.

Bi bandoen arteko gerra bukatu zenean, ama eta lau alabak etxera itzuli ziren. Hutsik aurkitu zuten, mikeleterik ez zegoela aprobetxatuta, hustu egin baitzuten. Bala-zuloak zeuden paretetan, han gertatutakoaren berri ematen zutenak.
Etxeko bizilagunak
Muntuate mikeletearekin eta haren familiarekin batera bizi izan ziren Mujikarrak lehen urteetan. Ondoren, Nikolas izeneko bat etorri zen, eta atzetik Mariezkurrena eta haren sendia. Hurrengoa Jose Zurutuza izan zen, Juan Mujikaren alaba Josefarekin ezkondu zena. Azkenengoa, Enrique Palacios bere familiarekin.

Juan Mujika 65 urterekin hil zen, eta haren emaztea geratu zen etxearen kargu. Urte batzuk pasa ondoren, Aldundiak etxea utzi behar zutela esan zieten, bertan drogarekin arazoak zituztenak sendabidean jartzeko zentro bat egin behar zela-eta. Hala, 74an, Juan Mujikaren familiakoek Indianabordako lursail bat erosi eta etxea egin zuten Leitzako Erreka auzoan. 80 urterekin hil zen Martina, haren alabak, berriz, bizi dira.


Etxearen suntsiketa
Drogazaleen zentroak ez zuen kudeaketa ona izan, eta Aldundiak, etxearen egoera kaxkarra ikusita, botatzea erabaki zuen. 1989ko abuztuaren 10ean onartu zen mikeleteen etxea behera botatzea 379,998 pezetatan. Handik egun gutxira, liskarrak saihesteko asmoz, gauez txikitu zuten eraikina.