Lurralde txikia eta biztanlego handikoa izanagatik, Euskal
Herriak hegaztiak behatzeko aukera ugari eskaintzen du. Pasaia eta ekosistema
desberdinak izateak elkarrekin zerikusirik ez duten hainbat Hegazti-mota
erakarri ditu.
Euskal lurraldearen %20 “Natura 2000” sarean sartuta dago.
Sare horrek hegaztientzat garrantzitsuak diren eremuak babesten ditu, eta
babestutako lurralde horien artean dago Leitzaran.
Iberiar Penintsulan ikus daitezkeen 563 espezietatik 120
aurki ditzakegu Berastegin bertan. Alegia, penintsula osoan dauden hegaztien
%20 gure zeruan barrena dabil.
ENARA AZPIZURIA |
Urtaro bakoitzak hegaztiak behatzeko aukera ezberdinak
ematen dizkigu. Udaberrian (maiatzean eta ekainean) habiak egiten eta kumeak
jaiotzen ikusteko parada izango dugu. Udazkenean (irailaren azkenetik azarora
bitartean) migrazioan joaten direnei errepara geniezaieke. Eta neguan
(urtarril, otsail eta martxoan) gure lurraldean pasatzen dutenak behatu ahal
izango ditugu, batzuk hementxe geratzen dira-eta. Gainera, sekula baino hobeto
ikusteko aukera izaten da neguan, arbolek hostorik ez baitute izaten.
Lurralde batean bizi diren animalia espezie guztiek osatzen
dute habitata. Batzuek edozein lekutara egokitzeko gaitasuna izan ohi dute.
Beste batzuek, berriz, behar jakinak izan ohi dituzte eta, ondorioz, behar
ohiek betetzen diren lekuetan bakarrik bizi daitezke. Gure herrian hábitat bat
baino gehiago daude, eta horietako bakoitzean hegazti-mota jakinak aurkituko
ditugu.
KASKABELTZ ARRUNTA |
Hala ere, ez pentsa nonbaitera iritsi orduko izango dugunik
nahi ditugun adina hegazti ikusteko aukera. Animalia gehienek bezala hegaztiek
ere gizakiarengandik ihes egiten dute, eta zaila da lasai ederrenean begira
egoteko tarterik harrapatzea.
LANDAZABALEAN, baserri, belaze, heskai, erreka eta
arboladiek osatzen duten paisaian, honako hegazti hauek ikusiko ditugu :
zapelatz arrunta, kukua, hontz zuria, uda-txirta, buztanikara zuria, zozo
arrunta, birigarro arrunta, etxe-txolarrea, kardintxuloa eta abar.
HALTZADIEK ibai-bazterretako landaredi lineala osatzen dute,
Leitzaran ibaian bezala. Habitat honek aldaketa asko izaten ditu, batez ere, bi
arrazoirengatik: kutsadura eta landaredia ezabatzea. Baina ez da hori gertatu
Leitzaran ibai inguruan, eta han aurkitu ahal izango ditugu, besteak beste,
martin arrantzalea, buztanikara horia, ur-zozoa eta errekatxigorra.
KONIFEROAK ere baditugu. Beste inon baino espezie gutxiago
aurkitzen dira hauetan, bizirauteko ez baitute hainbeste baliabide aurkitzen.
Hala ere, badira bertan ikus ditzakegun hegazti batzuk: gabiral arrunta,
txepetxa, txantxangorria, erregetxo bekainzuria, amilotx mottoduna,
pinu-kaskabeltza, mokokerra eta abar.
BUZTANGORRI ILUNA |
Lur-eremu handia hartzen dute PAGADIEK Berastegin. Neguan
hostorik ez izateak hábitat berezia egiten du urtaro hau. Izan ere, hegazti
ugari dira hostoaren beharra dutenak elikatu ahal izateko. Horregatik eragiten
die neguak zuzenean. Bestalde, zulatutako zuhaitz zaharrek babesa eta jatekoa
eskaintzen diete. Hábitat honetan aurkituko ditugu oilagorra, zata arrunta,
garraztarroa, txinbo kaskabeltza, txio arrunta, kaskabeltz handia, garrapoa,
txonta arrunta, berdatza horia, kamatxoa, etb.
MENDI LARRE ugari dago Urepel eta Mandoegi inguruan. Garai
bateko basoetan, artzantzaren ondorioz, abereen bazka-leku diren paraje irekiak
ditugu gaur. Larre horietan ibiltzen dira arrano beltza, sai-arrea, sai-zuria,
belea, belabeltza, hegatxabal arrunta, mendi txirta, buztangorri iluna, txorru
arrunta eta beste batzuk.
KUKUA |
1.- Migrazio azkarra.
Hegazti hauek ez dute kumerik egiten eta negua Berastegin pasa dezakete, egunez
nahiz gauez pasatzen dira batetik bestera, eta gehienetan taldean.
BUZTANIKARA ZURIA |
2.- Migrazio
partziala. Hórrela deitzen zaio ehiza-hegaztiei nahiz kanpokoei egiten
dielako erreferentzia migrazioak. Batzuek zein besteek egunez eta gauez egiten
dute migrazioa, eta taldean zein bakarka joan daitezke. Pase hauek iparraldetik
hegoaldera eta hegoaldetik iparrera izaten dira.
MARTIN ARRANTZALEA |
3.-Mugimendu edo pase
motela. Kumatuko diren lekura iristeko hilabeteak behar dituzten hegaztiak
dira. Lekualdaketak egunez nahiz gauez izaten dira.
TXONTA ARRUNTA |
Hala ere, badira hegazti batzuk bizitza osoa leku berean
ematen dutenak. Horiei sedentarioak deitzen zaie.
Udaldiko hegaztiak uda-garaia Euskal Herrian ematen dutenak
dira. Hauek Penintsula hegoaldetik eta Afrika iparraldetik ipar Europarantz
doazen hegaztiak dira. Batzuk helmugaraino iristen badira ere, beste batzuk
hemen geratzen dira kumatzeko. Behin uda pasatakoan, berriro ere hegoalderantz
jotzen dute negurako babes bila.
ZAPELATZ ARRUNTA |
Honekin guztiarekin berastegiarrei hegaztien gaineko
interesa piztu nahi diet: noizean behin atera mendira edo hábitat
desberdinetara, eta erreparatu hegaztiei.
ERREKATXINGORRA |
Prismatiko eta Europako hegaztiei buruzko gidaren bat
izateak lagunduko liguke hegazti-mota desberdinak ezagutzea. Benetan esaten
dizuet ibilaldi atsegin eta politak izango liratekela. Gure udalerrian ditugun
hegaztien barietate eta aberastasunaz gehiago ikasiko genuke.
PITXARTXA BURUBELTXA |
KAMATXOA |
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina