Euskal Herrian ez ezik, gainontzeko lurraldeetan ere beti sortu izan ditu otsoak sentimendu kontrajarriak; erakargarri bezain gaitzetsia izan da. Batetik, otsoaren babesleak daude, haren balio ekologikoaren aldekoak; eta, bestetik, abeltzainak, otsoak egiten dien kaltea besterik ikusten ez dutenak.
Otsoa animalia harraparia da, horren erakusle da haren gorpuzkera: 42 hortz ditu baraila indartsuetan, bular-kaxa zabala eta gihar indartsuak.
Hogeita hamar bat otso-mota daude munduan zehar zabaldurik. Gure lurraldean otso iberikoa (canis lupus signatus) eta otso italiarra (canis lupus italicus) bizi dira; azken hori, Pirinioetatik etorria, urriagoa bada ere.
Garai batean ia Euskal Herri osoan aurki zitekeen otsoa; baina XIX. mendean galtzen hasi zen, eta Berastegin eta inguruko mendietan erabat desagertu zen 1800 urtearen azken hamarkadan eta 1900. hasieran.
Artxiboetan ageri da 1596 urteaz geroztik harrapatzen zela otsoa Berastegin. Udalek saritu egiten zuten kaltegarriak izan zitezkeen animaliak harrapatzeagatik, horien artean otsoak, azeriak, arranoak, basurdeak, azkonarrak, etab.
XVIII. eta XIX. mendeetan, zabaldu egin zen abelazkuntza, eta otsoek egiten zuten kalteari aurre egin nahian, 1817 urtean kofradia bat eratu zen. Bederatzi herri elkartu ziren kofradia horretan, eta herri bakoitzak bere prezioa zuen hildako otso bakoitzeko: Leitzak 17 zentimo; Elduain, Uitzi, Arano, Orexa eta Gazteluk 5 zentimo; Berastegi eta Goizuetak 13,5; eta 6 Aresok. Bi urtez iraun zuen kofradia horrek, ez da inon ageri gehiago iraun zuenik.
1819tik aurrera herri bakoitza arduratzen zen haren lurretan hildako animalien kudeaketaz. Berastegiren kasuan, udalak urteko kuota bat ordaintzen zion ehiztariari kaltea eragiten zuten animaliak harrapatzeagatik.
Hala ere, modu batera eta bestera saiatu arren, ezin zuten arazoarekin burutu; horrela bada, anaiarteko elkarte bat eratu zen 1871n. Leitza, Arano, Goizueta, Artikutza, Oiartzun, Lesaka, Aranaz (Arantza gaur egun) eta Berastegiren artean. Elkartutako herrien lursailetan harrapatutako otso bakoitzeko 170 erreal jartzen zituen udal bakoitzak. Gainera, artzainek ere bazuten elkarte horretan sartzeko aukera, eta horrela egin zutenek ordainketan parte hartu behar izaten zuten: artzainak zeukan ardi-buru bakoitzeko proportzioan ordaintzen zuen.
Baldintza horiek beste herrietako ehiztariak erakarri zituzten, eta horrek ekarri zuen otsoen desagertzea denbora gutxian.
Europako bazter gehienetan bukatu da otsoarekin, eta nekez aurkituko dugu gaur egun. Iberiar Penintsulan, Italian, Eskandinavian, Alpeetan eta Alemania ekialdean bakarrik aurkitu daiteke. Euskal Herrian, gaur, honako lurraldeetan ikus daiteke: Araban, Valderejon, Bovedan, Gorbeian, Guibion, Salvadan, Badayan, Arreton eta Karkamun; Bizkaian, Enkarterrietan, Balgerri mendizerran eta Karrantzako aranean; Gipuzkoan, ia batere ez dago, Aralarren agertzen dira noizbehinka ar gazteak lurralde berrien bila; eta Nafarroan, Pirinioetan ale gutxi batzuk besterik ez.
Abeltzainek mastin arrazako zakurrak erabiltzen dituzte abereen zaindari, eta arrakasta handia dute otsoaren aurka.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina