SARRERA

SARRERA

Blog honen bidez nere helburua Berastegi eta bere inguruko natura eta historia jorratzea izango da.

2023(e)ko uztailaren 30(a), igandea

GOAZEN, HIL EDO BIZI

 



Gipuzkoan, XVII. eta XVIII. mendeetan zehar, gorabehera ugari izan ziren tabakoaren kontrabandoaren inguruan. 1728ko Tolosako udal-agirietan jasota datorrenez, Berastegi, Andoain, Urnieta eta Hernani aldetik garraiatzen zen, batez ere, Nafarroatik zetorren kontrabandoko tabakoa.

XVIII. mende erdialdera arte, ez dirudi kontrabandorako pasabide nagusi bat edo bakar bat zegoenik. Gerora egituratu zuten Errege Bidea, ardatz izango zen pasabidea, eta ezarri merkantzia kontrolatzeko aduana txikiak. Artean, ordea, esan bezala, igarobide ugari zeuden: gure inguruan, bazen bide bat Tolosatik Irurara eta handik Villabona, Andoain, Urnieta eta Hernani aldera jo ondoren, Irunera iristen zena; bazen Tolosan hasi eta Berrobitik eta Elduaindik pasata, Berastegira eta Urtora ailegatzen zen bide bat ere; edo Leitzarango bailaran zehar Andoain Aresorekin eta Leitzarekin lotzen zuena; baita Belaurietako galtzada ere, Belabieta pasa eta Urdelar inguratu ondoren, Andoain Nafarroarekin lotzen zuena; edo Tolosa, Leaburu eta Lizartzatik barrena, Nafarroarekin lotzen zuena, tartean Orexa eta Uli aldera ere zabaltzen zena; baita Andoainen hasi eta Usabelartzako gainean barrena Antxista aldera aurrena eta handik Goizueta eta Arano aldera zuzentzen zena ere. Horiexek ziren merkantzia garraiatzeko biderik ohikoenak gure inguruan. Kontrabandistek, hala ere, bide estu eta itxiagoak, gutxiago erabilitakoak, erabili ohi zituzten, mandoekin-eta merkantzia garraiatzeko.

Garai hartako kontrabandisten inguruko gorabehera aipagarrienetako bat gure herrian, Berastegin gertatu zen, 1764ko urtarrilaren 13an, hain zuzen ere. Vicente de Erauso kapataza buru zuen eta mando-talde luze batekin legez kanpoko tabakoa zeraman 15 kontrabandistako taldea antzeman zuten. Egun batzuk beranduago Esquilacheko markesak, Espainiako Gortearen zerbitzura jardun zuen politikari eta diplomazialari siziliarrak Gipuzkoako Lurraldeari idatzitzako gutun batean ageri denez, “eskandaluzko tabako-pila” zeramaten kontrabandistek, eta Gipuzkoako agintariak jakinaren gainean jarri zituen markesak gutun bidez, ikerketa abiarazi eta halako kargamentua jaso edo hartzeko guneak non zeuden argi zezaten.

Ihesari emanda zebiltzan kontrabandistek Berastegiko Ezpeleta baserrian hartu zuten babes, eta tiroka ekin zieten atzetik zituztenei. Haiek harrapatzeko asmoa zuten guardiei babesa erakusteko asmoz hurbildu zen Juan Gartziarena, orduko Berastegiko alkatea, 140 gizon armatu eta makiladunek lagunduta. Heroien pare jokatu zuten alkateak eta herritar haiek orduko hartan, “Goazen, hil edo bizi!” leloa oihukatuz.

Kapitulazioa edo errenditze-hitzarmena etorri zen ondoren: kontrabandistek zama guardien esku utziko zuten eta guardiek aske utziko kontrabandistak, handik alde egin zezaten.

Berastegiko alkatearen jokabideak ez zuen behar besteko aitortzarik izan nonbait. Joseph Antonio de Lardizabal y Oriarrek, garai hartako Gipuzkoako ahaldun nagusiak, gertatuaren berri eman zien Gipuzkoako lurraldeko udalerriei gutun bidez. Guk informazio-iturritzat erabili dugun dokumentua, Bergarako alkateak jasotako gutuna da, zehazki; baina pentsatzekoa da Gipuzkoako gainerako alkateek ere agiri bera jaso izana.

Honela kontatu zion gertatutakoa Gipuzkoako ahaldun nagusiak Bergarako alkateari bere gutunean, 1764ko otsailaren 8an:

Pasartea gaztelaniaz, jatorrizko bertsioan:

Teniendo noticia de la poca exactitud con que se ha publicado el suceso que ocurrió en la villa de Berastegi el día 13 del mes de enero, y que se hace poco reconocimiento al señor alcalde de aquella villa, digno de los mayores elogios, he juzgado conveniente instruir a Vuestra Majestad de la verdad del hecho, y circunstancias.

A la una y media del citado día 13 llegaron a la casería llamada Ezpeleta, sita en Verastegui, las Rondas de Guardas de Vitoria, Salvatierra, y esta villa Tolosa; habiendo encontrado hasta quince contrabandistas, encerrados en el caserío, y que, no queriendo rendirse, empezaron a hacer fuego por puertas y ventanas. Pidiendo auxilio al señor Alcalde, quien, sobre hacer repicar las campanas, y juntar todo el Pueblo, les dio el socorro de 140 hombres armados, ya con bocas de fuego, ya con palos. Tras esto propusieron los Guardas al señor Alcalde, que se hallaba a tiro de pistola de la casa, entrase con su gente a reconocerla, a tiempo que los contrabandistas hacían vivisimo fuego.

No se asusto, antes con gran presencia de espíritu animo a su gente, y empezó a dirigirse a la casa diciendo: Goazen, ill edo vizi, pero le detuvo el escribano proponiendo a los Guardas, que el Sr. Alcalde y su gente no estaban allí para reconocer la casa sino para auxiliar a los Guardas, a quienes pertenecía la diligencia del reconocimiento. A esta proposición respondió el Guarda Mayor: pero no los condujo a la casa, sino a ponerse al abrigo de una tapia que la cercaba, desde donde los Guardas, hasta 23 en numero, dispusieron una capitulación en virtud de la cual, reteniendoles el tabaco con quince caballerías, y las armas, dejaron salir libremente a 12 contrabandistas, habiéndose herido uno, muerto otro y preso otro.

Con una noticia vaga, que aquella tarde tuve, envié a Berastegi un socorro de 50 y más hombres bien armados y surtidos abundantemente de municiones por si necesitaban repartirlas por los guardas. Conducía a esta gente el licenciado Don Joseph Lorenzo de Galdos, que le ofreció al Guarda Mayor, quien respondió que ya llegaba tarde. Replicandole ¿por qué? Dijo, que porque había ya capitulado con los contrabandistas, dejándoles la libertad de sus personas”.

EZPELETA.


Pasartea euskaratuta:

Jakinik Berastegin urtarrilaren 13an izan zen gertaeraren inguruan zeinen zehaztasun gutxi eman den, eta zeinen aitortza txikia egin zaion herri horretako alkateari, laudorio gorenak merezi dituenari, egoki iritzi diot Berori egiaren eta haren inguruko xehetasunen jabe egiteari.

Hilaren 13an ordu bat eta erdietan, Gasteiz, Agurain eta Tolosako hiri honetako guardiak iritsi ziren Berastegin dagoen Ezpeleta izeneko baserrira; hamabost kontrabandista aurkitu zituzten barruan babes hartuta, amore eman nahi ezik, eta ate eta leihoei tiroka ekin zieten guardiek. Alkateari laguntza eskatu zioten, eta hark kanpaiak joaz herritarrak elkartu eta suzko armez eta makilaz hornitutako 140 gizonezkoren laguntza eskaini zien iheslariei. Ondoren, kontrabandistak su betean ari zirela, etxean sar zedin eta bere gizonekin ikuska zezan proposatu zioten guardiek, pistolaz jo eta akabatzeko moduan zegoen alkate jaunari.

Ez zen beldurtu, adore handiz eragin zien bere gizonei etxe barrura sar zitezen, “Goazen, hil edo bizi” oihukatuz. Hala ere, eskribauak geldiarazi zuen alkatea, eta adierazi guardiei, alkatea eta haren gizonak ez zaudela han etxea ikuskatzeko, baizik eta etxea ikuskatzeko betebeharra zuten guardiei laguntzeko. Ontzat hartu zuen proposamena guardia nagusiak, baina ez zituen bere gizonak etxe barrura bideratu, etxea inguratzen zuen hesiaren babesera eraman zituen, eta han 23 guardiek kapitulazioa hitzartu zuten kontrabandistekin: hamabost zamari edo mandoren tabakoa eta kontrabandisten armak hartuko zituzten berentzat guardiek, eta 12 kontrabandistak (bat hila zen ordurako, beste bat zauritua, eta azken bat atxilo hartua) aske utziko zituzten.

Arratsalde hartan nekiena jakinda, 50 gizon baino gehiagoko laguntza bidali nuen Berastegira, armatuak eta munizioz ondo hornituak, guardien ordezko behar bazituzten ere. Joseph Lorenzo de Galdos lizentziatu jauna zen gizon haien gidari, eta hark zuzendu zion nire eskaintza guardia nagusiari. Berandu zetozela esanez erantzun zion guardiak, eta hark “zergatik, bada?” galdetuta, ordurako kapitulazioa hitzartu eta kontrabandistak aske utzi zituela esanez erantzun zion.

Guardia nagusia zigortu egin zuten, kontrabandistak, kopuruz haiek baino bi aldiz gehiago izanagatik ere, aske utzi zituelako. Hark, bere aldetik, kontrabandistak aske utzi behar izan zituela esanez erantzun zion, behin gaututa, bestela ere, alde egingo zutelako, merkantzia berentzat hartuta.

M. Pardo izeneko eskribatuak zera eman zion aditzera Esquilacheko markesari 1764ko otsailaren 2an idatzitako gutunean: Berastegin 15 tabako-zamako merkantziarekin atzeman zituzten kontrabandistek Uitziko (Nafarroa) elizan hartu zutela babes, mozorrotuta atera zirela handik eta askok Nafarroa aldera egin zuten alde. Hala adierazi zion Pardok Esquilacheko markesari: “Berorrek badaki zeinen garrantzitsua den haiek atxilo hartzea eta zigortzea, beste batzuk geldiarazteko. Hortaz, Erregeak atsegin hartuko du, berorrek bere lurraldeko udalerri guztiei, gaizkileak bertan sartuz gero, horren berri emateko agindua luzatzen badie, hartu beharreko neurriak hartzeko”.

Manuel Ignacio Agirrek, Aldundiko idazkariak, hala dio berak idatzitako gutun batean: “Hau idatzi ondoren, SMren abisua jaso dut, Berastegitik Nafarroara alde egin zuten kontrabandistak nire barrutian dabiltzala esanez, eta haiek atxilotzeko agindua eman dit: “Espero dut berori lotuko zaiola berorren egitekoari, jakinik nik ehun peso emango dizkiodala atxilo hartutako kontrabandista hauetako bakoitzaren truke, eta berrehun peso Vicente de Arauso jauna, guztien buru dena, harrapatzeagatik".


Informazio-iturriak:


Bergarako Udal Artxiboa (L.2 apendizea)

Bergarako Udal Artxiboa, Sig. 50, A-44

Gipuzkoako Artxibo Orokorra, JM IM 1/8/59

Gipuzkoako Artxibo Orokorra, CO CRI 369,2

2022(e)ko uztailaren 28(a), osteguna

BERASTEGIKO UNAI EDO BEHIZAINEN GATAZKAK


 


Erdi Aroan zehar gatazka eta liskar ugari izan zituzten Berastegi eta Elduaingo artzain eta unaiek inguruko herrietako abeltzainekin. Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko muga gaizkileen eremu zen garai haietan, eta ohikoak izaten ziren batzuen eta besteen abere-taldeei egindako erasoak. Goierri, Bortziriak eta Basaburua aldekoak izan zitezkeen Leitzaran, Araitz, Larraun, Aranatz eta Burundako bailaretan azioak egiten zituztenak, eta alderantziz. Ez abeltzainek abeltzainen artean bakarrik; abereak larrean mugaren alde batean eta bestean ibili ohi zirenez, mugaren alde bateko eta besteko gobernu-ordezkariekin ere gorabehera asko izan zituzten.


XVI. mendean, Gaztelako Erresumak Nafarroa konkistatu zuenean, nabarmen murriztu ziren liskar eta gorabehera haiek, hein batean ahozko tratuak alde batera utzi, eta idatzizko hitzarmenak egiten hasi zirelako, eta muga-herrien artean partzuergoak eratu zirelako.


Idatziz jasota geratu zen, esate baterako, 1519ko irailaren 27an, Gipuzkoako eta Nafarroako ordezkariek Aralarko mendietan gertatu ziren hainbat ganadu-bahiketaren erantzuleei zer zigor ekonomiko jarriko zizkieten. 1520ko martxoaren 31ko Carta partida izeneko agiria ere idatziz jasotako erabaki baten adibide dugu. Bertan, Nafarroako ordezkariek, nahiz eta Gipuzkoako ordezkariek 15 buru baino gutxiagoko artaldeen lapurreten kasuan zigorrik ez jartzea proposatu, lapurtutako abelburu handi bakoitzeko erreal-zilar 1eko zigorra ezartzea adostu zuten, eta abere txikien kasuan buruko 6 kornadu edo 3 marabediko zigorra.



Nafarroako Erresumak Berastegi eta Elduaingo unaien aurka zabaldutako auziak eta hartutako epaiak


1505ean mugaren alde bateko eta besteko agintariek Franki ingurua mugarritzea erabaki zuten; alde batetik, Leitzaren (Nafarroako Erresuma) eta, bestetik, Berastegi eta Elduainen (Gaztelako Erresuma) arteko muga zehaztea. Muga zehazteaz gain, Leitzaranera bidean izan zitekeen inor atxilotzeko araua baliogabetzea ere adostu zuten: ”Por manera que agora ni de aquí adelante et para siempre jamas el dicho Rio de Olasau sea limite et mojón dentre los dichos Reinos, vezinos, y frontteros de ellos, e por tal termino, dominio e Señorío e propiedad del dicho Reino de Navarra lo damos, y aplicamos el dicho Campo llano, et plaza, para agora et para siempre jamas: con que los vezinos. y moradores de la dicha Villa de Tholosa, e tierra de Berastegui y Elduaien, e de los dichos reinos de Castilla aian de tener et tenga permanentemente, et para siempre, paso e Camino por el dicho Campo et plaza para pasar libre y pazificamente, e sin inpedimento alguno, ansí yendo a pie como Cabalgando, e con bestias Cargadas, e barras, e con Carros, e faziendo qualquier Carreo de Vigas, y madera qualquiera para la dicha Villa de Tholosa e tierra de Berastegui y Elduaien como para las dichas sus Herrerías de Leizaran e otras qualquier partes, e sus ganados maiores y menores sin que por pasar por el dicho Campo plaza et tierra puedan ser presos calumniados ni prendidos ni se les pueda llevar inposizion, esaczion tributo, nin otro alguno deziendo que pasan por tierra de Reino et con que los ganados maiores y menores de qualquier calidad que sean de los del dicho Berasttegui y Elduaien puedan pazer y beber las aguas et andar por el dicho Campo llano et plaza de dia a vezindad de sol a sol, y que despues los recoja a sus terrenos”.


Garai haietan, Berastegi eta Elduaingo unaiek Nafarroako Beruete aldera eraman ohi zituzten abereak larrera, eta diru bat ordaintzen zuten hango larreak bazkarako erabiltzearen truke. Leitza aldetik garraiatzen zuten ganadua. Badirudi 1480az geroztik, behintzat, egiten zituztela abeltzainek tankera hartako joan-etorriak, Beruete herriko zenbait herritarrek emandako lekukotzaren arabera.


Auzi ugari izan zituzten abeltzain berastegiar eta elduaindarrek Nafarroako Erreinuko ordezkariekin, abelburuen larreetarako joan-etorriak eta joan-etorri horiei zegozkien bidesariak tarteko.


1531n, Bernat Cruzat izeneko larre-errentatzaile nafarrak Berastegi eta Elduaingo unaiak salatu zituen zegozkien bidesariak ez ordaintzeagatik, eta urtebete lehenagotik Nafarroako zerga-biltzaileek Berastegi eta Elduaingo unaiei bahituta zizkieten abelburuak, bere lursailetan zeudenak, larreetatik aterarazi zituen.


Juan Gorostizuk, Berastegi eta Elduaingo abelburuekin maizter zebilenak, bestalde, Martin Arano de Zavalo, Leitzako bidezain eta tenientea, salatu zuen, hark 1529 eta 1531 urteen artean 250 behi bahitu zizkiolakoan. Martin Arano de Zavalok, bere aldetik, adierazi zuen Gorostizu maizterrak ez ziola behar bezala aditzera eman behi-taldea Nafarroako larreetara eramateko asmoa zuela, eta hargatik bahitu zizkiola abelburuak.


Joan de Eslava zerga-biltzaile tuterarrak 70 dukateko isuna jarri zien Berastegi eta Elduaingo unaiei, abelburuak larre nafarretan sartuko zituztela ez adierazteagatik. Nafarroako kontseiluak ezarritako isuna ordaintzea erabaki zuten Berastegiko eta Elduaingo unaiek; eta, hala, bahituak zizkieten abelburuak aske geratu ziren. Auzi hartan Berastegi eta Elduaingo kontzejuek aurkeztutako lekukoek (leitzarrak ziren gehienak) adierazi zuten Berastegi eta Elduaingo unaiek betidanik izan zutela ganadua mugaren alde batetik bestera bidesaririk ordaindu gabe pasatzeko askatasuna. Auzi hartara Beruete aldetik bertaratutako lekukoek ere, akusatuen alde egin zuten hitz, eta zera eman zuten aditzera, Berastegi eta Elduaingo unaiek 40 urtetik gora zeramatzatela ganadua hango larreetara eramaten, eta beti ordaindu izan ziotela Berueteko kontzejuari larreen truke ordaintzea zegokiena.


1534an, artean konpondu gabe jarraitzen zuen Berastegi eta Elduaingo unaien auziak. Juan de Andueza, Anduezako jaunak, berretsi zuen ohitura zela Gipuzkoako abeltzainek uda partean beren behi, ardi, ahuntz, behor, zaldi eta txerriak Leitzako eta batez ere Aralar inguruko larreetara eramatea, eta bazkaren edo belarraren eta uraren truke diru bat ordaintzen zutela, baina ez beste ezerengatik; txerriak eramaten bazituzten eta gizentzeko asmoz eramaten bazituzten, orduan bai; gizendutako buru bakoitzeko gros bat (kobrezko txanpon zaharra, 6 marabediren baliokidea) ordaindu behar izaten zuela txerrizainak.


Gipuzkoako Batzar Orokorrek eta Foru Aldundiak ere ildo beretik egin zuten arrazoiketa, eta adierazi aspaldiko garaietatik, 100 urte baino lehenagotik, zetorrela udan ganadua Nafarroako larreetara eramateko gipuzkoarrek zuten ohitura; jana eta edana ordaintzen zutela; eta neguan atzera herrira itzultzen zituztela abereak.


Agintari gipuzkoarrek eskatzen zutena zera zen, zerbait ordaindu behar izatekotan, behi- eta ardi-taldeengatik ez, gainerako abere-taldeengatik ordaintzea. Zerga-biltzaile nafarrak, ordea, ez zetozen bat horrekin; abere edo azienda handien kasuan, taia bat (kobre eta zilarrezko diru zaharra, erreal-zilar laurdenaren balioa zuena) kobratzen jarraitu nahi zuten, eta azienda txikien kasuan, ardien kasuan, batez ere, 10-11 erreal-gaztelau edo espainiar (zilarrezko diru zaharra, 31 marabediren balioa zuena).


1534an ebazpen berri bat onartu zuten, ordenantza eraberrituen araberakoa; eta, hala, abeltzain gipuzkoarrei ganaduaren sarrera-irteerak behar bezala jakinarazteko agindua eman zieten; ganadua hazteko behar zuten belarraren eta uraren truke ere ordaintzen jarraitu beharko zuten, baina ez zuten bestelako ordainketarik egin behar izango. Gauzak horrela, Bernat Cruzatek Berastegi eta Elduaingo unaien eskutik jaso zituen 70 dukatak itzuli egin behar izan zituen azkenean. 1536ko ekainaren 2an onartu zen behin betiko ebazpena.


1537 eta 1539 urteen artean, berriz ere auzibidean jarri zituzten Nafarroako zerga-biltzaileek Berastegi eta Elduaingo unaiak, larreen truke zegokiena eta abelburuak hazteagatik egokitzen zitzaiena ez ordaintzeagatik. Bernat Cruzatek azienda handien kasuan buruko taia 1 ez, 3 taia ordain zezaten eskatu zuen. Cruzaten aldekoek eginiko kalkuluen arabera, azken 6 urteetan 800 abelburu, abere handi, sartu ziren urtero Nafarroako larreetara; eta, horrela, 800 erreal-zilar gehiago kobratzea zegokien nafarrei, abelburu haiek hazteari zegokiona gehituta. Berastegi eta Elduaingo prokuradoreak adierazitakoaren arabera, ordea, askoz ere gutxiago ziren urte haietan zehar Nafarroako larreetara eramandako abelburuak: “En los años que an entrado las vaquas de Verastegui y Elduayen en este reyno a herbajar del año de mil quinientos y treinta y dos a esta parte quando mucho an entrado en cada vn año dozientas y cinquenta cabezas de banado mayor e vacuno”.


Miguel de Veroz Berueteko herritarrak, 18 urte lehenago eta 2 urtez Berastegin, Ariaz izeneko lursailean, unai ibilitakoak, aitortu zuen berak ez zuela aparteko ezer ordaindu behar izan Nafarroako lurretan ganadua haztearen truke. Haren hitzetan, Berastegi eta Elduaindik 320 behi eta beste hainbeste txekor, guztira 640 buru, eraman zituzten Nafarroako larreetan bazkatzera.


Perusqui de Leitza, Leitzako herritarrak aditzera eman zuenez, berriz, 670 bat buru zituen ikusiak berak urtero, erdiak abere handiak eta beste erdiak txikiak, Berastegi eta Elduain aldetik Leitza, Ezkurra, Beruete eta Aralar aldeko larreetara bidean.


Martin de Eratsun, Eratsungo behizainak berretsi zuenez, berak entzuna zien Berastegi eta Elduaingo abeltzain nagusiei 3 taia ordaintzen zizkietela abelburuko Nafarroako ordezkariei, larreak baliatzeagatik.


Berastegiko lekuko batzuen arabera, berriz, Leitza eta Gorriti aldean urte eta bederatzi hilabete edo gutxiago zuten biga edo behi gazteen truke ez zuten ezer ordaindu behar izaten, amaren esnea edoskiz hazten zirelako, eta ez zutelako belarrik jaten. Urte eta bederatzi hilabete egin eta gero, banatzen zituzten nonbait bigak amengandik; ez Gipuzkoa aldean bakarrik, baita Leitzan, Goizuetan eta Berueten ere.


Joan de Amiria, Berastegin jaio eta Aresora bizitzera joandako arotzaren esanetan, baziren 45 bat urte abelburuak udan larre bila Gipuzkoatik Nafarroara eramaten zirela. Harrera egiten zieten herrietako herritarrek zenbatzen eta banatzen omen zituzten abelburuak bertako lursailetan.


Etengabe, behin eta berriz egin behar izan zieten aurre Berastegi eta Elduaingo unaiek haien aurka zabaldutako auzibideei, baina ez zuten ezer egiterik izan. Nafarroako erreinuak larreak erabiltzeagatik eta haietan abelburuak hazteagatik ezartzen zizkien zergak ordaintzen jarraitu behar izan zuten, baita abereek udan bazka-leku zituzten herrietako kontzejuei abelburuen jan-edanaren truke zegokiena ordaintzen ere.


Berastegi eta Elduainen eta Leitza eta Aresoren arteko hitzarmenak eta partzuergoak


Oso aspaldikoak dira mugaren alde bateko eta besteko herriek herri-lurren erabileraren inguruan adostutako hitzarmenak eta eratutako partzuergoak. Esan bezala, ahozko tratuak izan ziren hasiera batean; baina denbora batera eta ahozko hitzarmenak gatazka-iturri izaten zirenaz ohartuta, hitzarmenak idatziz jasotzeari eta erregistratzeari ekin zioten.


Partzuergoak mugakide ziren udalerriek adostu eta hartutako erabakiak biltzen zituzten hitzarmenak ziren, batez ere, elkarrenak zituzten eta elkarren artean erabiltzen zituzten natur baliabideak (larreak eta ura, besteak beste) nola baliatu zehazteko, eta lursail komunen inguruan sor zitezkeen arazoak saihestu edo konponbidean jartzeko. Bi herri edo gehiagoren artekoak izan zitezkeen partzuergoak, eta jurisdikzio edo lege-estaldura ezberdinetakoak izanda ere lotzen ziren herriak partzuergoetan. Berebiziko garrantzia izan dute historian zehar, oso antzinatik herriek partekatzen zituzten jarduerak balioztatzeko eta aurrera eramateko balio izan baitute.


Partzuergo hitzaren gaztelaniazko ordaina, facería hitza (Real Academia de la Lengua Española-ren arabera, batez ere, Nafarroa aldean erabili izan dena), pazer (baketu) edo pastar (bazkatu) hitzetatik dator, eta bi adierak biltzen ditu bere baitan: bata, nagusia, bazkatzearena; eta, bestea, baketzearena, mugaren alde bateko eta besteko herrien arteko gatazkak saihestu edo bake bidean jartzearena.


1630ean Berastegi eta Aresoko udalerriek partzuergoa eratzea adostu zuten. Abere-taldeak bahituta izateak kostu eta eragozpen handiak ekarri ohi zituelako, eta bi aldeen artean bakea eta adiskidetasuna bermatze aldera, kokaleku jakinetan jatekoa eta edatekoa ziurtatu beharko zieten abere-taldeei, eta haren truke zer edo zer ordaindu: “Ay an de tener y tengan las otras partes faceras de sus ganados granados y menudos de todo genero de dia y de noche en los terminos de las otras villas y gozaran de yerbas y agoas desde el punto llamado Liçardi y donde hasta Artalecu y desde el cerro arriba llamado Uligoroso y donde al sel de Hullicoy que esta confinande con el sel llamado Baçarreburu y que por ello sean obligados a pagar cosa alguna”. Idatzi berean jasota datorrenez, bahiketarik edo kontrabandorik bazen, gaizkileek 200 dukateko isuna ordaindu beharko zuten; eta, isuna ordaindu ezean, ondasunak bahituko zizkieten epaileek.


1680ko mugarritzeari buruzko idatzian, berriz, Berastegi eta Elduainek, alde batetik, eta Leitzak, beste aldetik, mugarri guztiak berrikustea adostu zuten, zer egoeratan zeuden eta nola kokatu ados jarri ezinik baitzebiltzan: “En razon de aprovechamiento y facerias de yerbas y aguas de ganado granado yeguas obejas y cabras y otros de cualquier genero y las jurisdiciones de las tres villas como confinantes de terminos señalando para ello los limites y paraje asta donde pudieren entender en el aprovechamiento de las yerbas y aguas reciprocamente asi en ynbierno como en berano y para los años que se conbenieren”.


1754an Leitzako kontzejuak Berastegiren eta Aresoren arteko partzuergoaren idatzia kopiatzeko baimen-eskaera egin zuen. Hala zioen idatziak: “Juan de Eraso vecino de Areso dice que esta interesado en los derechos de esta villa en los gozes y aprovechamientos que ahora mas de doscientos años se hizo y otorgo capitulas y concordias entre esta villa y la de Berastegui de esa Provincia de Guipuzcoa confinante”. Ez zuten, antza denez, agiria kopiatzerik lortu, hainbat orri falta zituelako eta orrietako asko oso kaltetuta zeudelako.


1890ean eratu zuten idatziz Berastegi eta Leitzaren arteko partzuergoa. Idatzian jasota datorrenez, luzaroan izan dira bi herrien arteko hitzarmenak, ahozkoak gehienak, Urepel menditik hegoaldera dauden Kondizaratz, Intxusu, Urkizu eta Zipillan eremuetako mendiko larre eta uren aprobetxamenduaren inguruan. Zalantza ugari zituzten artean bi herriak eta beren jurisdikzioak bereizten zituen mugaren eta, beraz, mugarrien inguruan. Jendaurrean erakutsi edo publiko egin gabe zuten partzuergo-hitzarmen bat ere hartarako oztopo zuten, itxura denez. Hala, aditu-talde edo batzorde bat sortzea adostu zuten, muga behar bezala definitzeko eta partzuergo-eremua eta eremu-mugakidea bereizteko.


BERASTEGIKO ZIPILLANGO PARTZUERGO-LURRAK

LEITZAKO PARTZUERGO-LURRAK

Hauexek partzuergo-lurren inguruan adostu zituztenak:


  1. Berastegi eta Leitzaren partzuergo-lurrak Urepeletik Urkizura bitarteko mendi-lerroaren alde batera eta bestera zabalduko ziren, Kondizaratz, Altzegi eta Intxusun barrena, eta azalera bera izango zuten bataren eta bestearen partzuergo-lurrek.


  1. Kondizaratz gainean dagoen kare-harrizko mugarria hartu zuten abiapuntutzat, Aranorako bidean ezkerretara dagoena. Handik mendebaldera, 530 metro aurrerago, dago hurrengo mugarria, Kondizaratzen magalean. Gorantz, norabide berean 430 metro aurrerago joanda, Altzegiko mugarria; eta, beherantz, 980 metro eginda, Urkizu gaineko mugarria. 290 metro beherago, berriz, gurutzea duen harkaitz bat pasa eta 40 metro aurrerago hurrengo mugarria, mugarri erdibitua, Intsusu bidea pasatzen den lekuan. Leitzako partzuergo-lurretan ere jarri zituzten seinaleak. Kondizaratz gaineko mugarritik abiatu, eta mendian behera 300 metro aurrerago jarri zuten abiapuntuko mugarria. Ekialderantz Bidegorrietako iturriraino marra zuzen bat marraztu eta handik gora, iparralderantz, Aranorako bideraino joanda jarri zuten hurrengoa, eta handik zuzen Kondizaratz gaineko mugarriraino, eta handik Intxusubidera eta Urkizuko mugarri erdibitura.


ABIAPUNTUKO MUGARRIA

  1. Berastegiko Zipillan mendia eta haren ingurua ere partzuergo-lur izendatu zuten. Urtoko zubitik abiatu eta Berastegi aldera Igesozuloraino hedatzen zen eremua, handik Zipillaneko gainera, Zipillantxiki pasa eta Erzabaletara, eta handik Plazaolako zubira, eta errekari jarraituz Plazaolatik Urtora.


  1. Urto eta Areso arteko lursailetan bide-zerbitzariak jarri zituzten, hitzarmenak iraun bitartean lanean aritzeko.


  1. Zipillango partzuergoaren truke, Leitzako Udalak 60 pezeta ordainduko zizkion urteko, martxoaren 14an beti, Berastegiko Udalari.


  1. Abereak udalerri bataren edo bestearen partzuergo-lurretan sartzen baziren, ez ziren bahituak edo harrapatuak izango, arau-haustearen berri eman beharko zuen zegokion udalak lehendabizi, eta 8 eguneko epea zabaldu abereak partzuergo-lurretatik ateratzeko. Ateratzen ez baziren, orduan bai, orduan atzemango zituzten abelburuak.


  1. Iraupen mugagabea izango zuen partzuergo-hitzarmenak, eta bi aldeek hala nahi izanez gero, indarrean izango zen. Alderen batek jarraitzeari uko egin nahi izanez gero, berriz, aldez aurretik, 4 hilabete lehenago jakinarazi beharko zuen.


Bibliografia:

Leitzako udal artxiboa: 3/14, 4/6, 21/15, 21/33.

Aragón Ruano, Álvaro (2015) “Relaciones ganaderas entre Navarra y Guipúzcoa durante la Baja Edad Media y el comienzo de la Edad Moderna”.


GIPUZKOAKO HERRIETAKO EZIZENAK




Inguru hauetan ezaguna da alegiarrak Txintxarriak direla, Euliak amezketarrak eta Kukuak anoetarrak. Baina zer gara Berastegikoak? Bertako eta inguruko herrietako jende askori galdetu ondoren, ez dut ezer argitu, inork ez du garbi: batzuek Haizeak garela diote; beste batzuek, berriz, Basurdeak.


Gipuzkoako ia herri guztiek dute bertako herritarrak izendatzeko ezizen edo goitizena, mugakide diren herrien arteko lehiatik sortua ia beti. Beraz, izen horiek ez dira herritarrek euren burua izendatzeko aukeratuak izan, baizik eta inguruko herrietakoek jarritakoak izan ohi dira, eta burla egitea izaten da asmoa gehienetan. Izan liteke animaliaren baten izena, lanbideren batena, izaera jakin bat deskribatzen duena… Bestalde, badira hainbat kasu herri bakar batek ezizen bat baino gehiago hartzen dituztenak, izena ematen dien herriaren arabera.


Ezizen horien jatorria ezaguna da ia beti. Herriren batean lanbide bat izan bada nagusi, horrela izendatu dira bertako herritarrak. Esate baterako, Errenteriakoak Galleteruak dira, Eibarkoak Armagiñak, Arrasatekoak Zerrajeroak eta alegiarrak Txintxarriak. Beste adibide bat da, legazpiarrena, Ilintxak. Izen hori ikazkinetatik dator. Txondorrean erretako egurretik ikatza ateratzen zuten ikazkinek; baina, zenbaitetan, ondo erre gabeko egur-zatiak geratzen ziren, eta horiek ezin ziren ikatz gisa erabili. Material horri deitzen zitzaion Ilintxa, «gaizki egositako ikatza».


Animalia izenak ere ohikoak dira, horietatik hartua izan da lurraldeko herri gehienen ezizena. Hor ditugu Txalburuak, Oiloak, Zakurrak, Euliak, Kukuak, Otsoak, Zapoak, Bareak, Tarinak eta beste batzuk. Zergatik dira anoetarrak Kukuak? Bada, inguru horretako herrietan, Anoetan entzuten delako lehenengo kuku-kantua.


Beste izen batzuk, berriz, herrietako istorio eta gertakizunak direla eta, jarri izan dira. Lizartza, Orio eta Itsasondokoei Ijitoak deitzen diete, joan den mendeko 70eko hamarkadara arte ijitoek denbora luzez kanpatzen zutelako herri horien kanpoaldean. Eta Zegamakoak Beleak dira, herriko armarrian bele bat ageri delako.

Elezahar batek dioenez, garai batean San Andres santua Elgoibarkoa zen, eta eibartarrekin trukatu egin zuten urdaiazpiko baten truke. Hortik omen dator elgoibartarrak Urdaiak izatea. Eibar eta Soraluzeren arteko lehia industrialak ere bi herrien arteko istilu bitxiak utzi ditu: Soraluzekoentzat eibartarrak Txaputxeroak dira, eta eibartarrentzat Soraluzekoak Hauts-herrikoak.


Beste elezahar batek dioenez, behin Oñatiko zenbait mandatari Arabako Gebara jauregira joan omen ziren hango kondea bisitatzera. Aldez aurretik ikasi omen zuten nola aurkeztu behar zuten euren burua kondearen aurrean: marmolezko zoladuraren lauki zuriak zapaldu behar zituzten, etxeko jaunak bakarrik zapaltzen baitzituen beltzak. Kondeak bere menpekoak hurbiltzen ikusi zituenean, irribarre egin eta hala esan omen zuen: Hemen dituk nire Txantxikuak.

Eta badira herritarren izaera nolakoa den adierazten duten ezizenak ere. Adibidez, Tolosakoak Zuriak dira, antzina faltsu eta iruzurgile ospea zutelako. Zumarragakoak, Urretxukoak eta Ezkiokoak Otamotzak dira, lore horiko ote arantzadunetik hartutako izena. Otea edozein lur-motatan sustraitu eta hazten da, eta ezinen horrekin adierazi nahi da herri horietako biztanleen egoskorkeria.


Duela gutxi arte oso errotuak egon dira ezizen horiek, eta ohikoa izan da erabilera; baina Gipuzkoako herri gehienetako gazteen artean galtzen ari dira. Hala ere, zenbait herritako belaunaldi berriek euren ezizenari eustea erabaki dute, eta herrietako jaietan eta bestelako ospakizunetan sartu dituzte: Txintxarri Igoera Alegian, Belearen Hilketa Zegaman, Txantxikuren Jaitsiera Oñatin eta Harrikalari Lehiaketa Ormaiztegiko San Migel jaietan.



Gure herritik gertu dauden nafar herrietako ezizenak ere jaso ditut. Leitzako bizilagunei Leitzarrak edo Fanfarroiak deitzen diete inguruko herrietakoek. Goizuetarrak Apoak dira. Aresokoak Setosoak edo Temosoak. Eratsundarrak Ardatzak, bertako herritarrek munduaren ardatza zirela uste omen zutelako, baina Txindurriak ere deitzen zaie. Ezkurrakoek Eroak dute ezizena, baina beraiek badute horrela deitzen dietenean erantzuteko esaldi bat: Ezkurrak, izena; eta leitzarrak, izana. Azpirozkoak Karakolak dira. Uitzikoak, Bareak. Lekunberrikoak, Txakurrak. Saldiaskoak, Kaskailuak. Zubietarrak, Ijitoak. Albiasukoak, Tipulak. Labaiengoak, Arbi-buruak.

2021(e)ko azaroaren 4(a), osteguna

BERASTEGI ETA ELDUAINGO SAROBEAK LEITZARANEN


Leitzarango sarobeak herri-lurrak eta mendiak antolatzeko asmoz sortu ziren, baina azken batean herri-lurren erabilera pribatizatzeko modua ere izan ziren.


Berastegi eta Elduaingo kontzejuak ziren bailarako lursailen jabeak, eta abeltzaintza indartzeko asmoz uzten zizkieten lursailak ganaduzaleei. Ez dakigu seguru noiz sortu ziren Leitzarango lehen sarobeak, baina seguruenik XIII. mende aldera sortu izango ziren.


Leitzarango baliabideak (basoak, burdinolak, larreak eta sarobeak) Berastegi eta Elduaingo ekonomiaren oinarri ziren; eta, hargatik, ez bata ez bestea ez zeuden beren eskumenak besteari uzteko prest XIV. mende amaieran.


ORENTZUNGO SAROBEA LEITZARANEN
ORENTZUNGO SAROBEA

                               

1374. urtea baoino lehen bai, hala ere; ordura arte elkarren artean baliatu izan zituzten herriek Leitzarango baso, burdinola, larre eta sarobeak. 1374an, ordea, Berastegi eta Elduaingo kontzejuak Tolosako hiribilduaren parte izatera pasatu ziren; eta horrek herritar, ondare, ondasun higigarri eta higiezinen inguruko erabakiak eta ebazpenak, justiziaren esparruan, Tolosako alkatearen aurrean hartu beharra ekarri zuen, Tolosaren eskumenekoa baitzen inguruko herrien jurisdikzio zibil eta kriminala.


Leitzarango baliabideen ustiaketaren inguruan sortutako gatazkak, beraz, Tolosako hiribilduaren bitartekaritzarekin ebatziko ziren aurrerantzean. Hala ere, 1399an herri arteko nolabaiteko adostasuna lortu zen eta Leitzarango baso, burdinola, larre eta sarobe oparoen ustiaketa araututa geratu zen: Tolosaren bitartekaritza alde batera utzi eta berriz ere eta lehenago bezala, Berastegiko herritarrek Leitzaranen gaineko eskubideen eta handik ateratako irabazien hirutik birekin jarraitu zuten, eta Elduaingo herritarrek gainerakoarekin, eskubideen eta irabazien hirutik batekin. Behi- eta txerri-azienden bazkarako epeak eta larreei eman beharreko atsedenaldiak ere zehaztuta utzi zituzten.


Kontzejuek sarobe berriak egitea erabaki izanak burdinolen jabeen haserrea ekarri zuen; izan ere, sarobe berriak antolatzeak mendi-lurrak murriztea zekarren, eta mendi-lurretatik ateratzen zuten olagizonek burdinolak martxan izateko behar zuten egurra. Hori zela eta, 1415ean hitzarmen garrantzitsua adostu zuten Berastegi eta Elduaingo kontzejuek eta Leitzarango burdinolen jabeek, bailarako baliabideen eta burdinolen ustiaketaren inguruan.


Olagizonak egurra lortzeko mendi-lurrak eskastuko zitzaizkien beldur zirenez, hauxe adostu zuten: 70 urte baino gehiagoko antzinatasuna egiaztatuta zuten sarobeak soilik izendatzea sarobe, hau da, 1345 aurretik sarobe izandakoak bakarrik, eta ez besteak: “Pudieran saber quales e quantos son seles conosçidos desde setenta años a esta parte e los seles que desde setenta años ante fueron avidos e tenidose conosçidos por seles que sean gozados de la libertad de seles según como es usado entre los dichos bezinos e entre los dichos ferreros”.


Zer ziren sarobeak?


Herri lurren barruan abeltzaintzarako prestatu eta mugatutako borobil formako lursailak ziren. Barruan borda, txabola edo eskortak ere izan zitzaketen sarobeek, eta haietan bizi izaten zen eta egiten zuen lan aldi baterako abeltzainak edo artzainak, gazta eginez.


Sarobeak egiteko lursailak mugarritzeko prozesua Erdi Aro garaian jarri zen abian, esan bezala. Lursail borobilak izaten ziren, erdian mugarri bat (artamugarria) zutenak; eta hasiera batean, behintzat, behi-azienda elikatzeko eta aterpetzeko erabili ziren, nahiz eta denboran zehar beste erabilera eta funtzio batzuk ere izango zituzten.


TXERTOKIKO ARTAMUGARRIA LEITZARANEN

                                                                                            Txertokiko artamugarria

Gipuzkoako sarobeen neurketetan alde handiak zeuden batzuetatik besteetara, eta gatazka-iturri izaten ziren neurketa-ezberdintasunak. Hargatik, 1583ko Gipuzkoako Foru Ordenantzetan arautu egin ziren neurketak (3. legea, 20. titulua, 76.or.) eta 1696an berriro ere jasota geratu zen araua (20. titulua, 3. kapitulua), auziari irtenbidea eman nahirik eta sarobeek beren baitan bildu zezaketen lursailaren luze-zabalean ezberdintasunik egon ez zedin: “…cualquiera de los Seles de montes en toda esta Provincia, ni en la forma en que se han de medir sus espacios conforme al Fuero, uso y costumbre de esta Provincia, ordenamos y mandamos que en toda ella ha de tener y tanga el Sel común en el remate y en toda la circunferencia setenta y dos goravillas de a siete estados o brazadas cada goravilla, midiéndolo con un cordel de doce goravillas, tirando desde el mojón como de centro alrededor”.


Ordenantzaren arabera, Gipuzkoako sarobe arrunt batek 12 gorabillako erradioa behar zuen orduan; hau da, 164,6 metro inguruko erradioa.


EREÑABEKO SAROBEKO PLANOA


Irudian ageri den planoa Irunabeko (Ereñabe) sarobeari dagokio. Planoarekin batera, Berastegi eta Elduaingo kontzejuek Pedro Aranalde olagizonari egiteko agindutako egiaztapena dator jasota, eta bertan sarobea egiteko eginiko mendi-mozketaren berri ematen du.


1650 inguruan Pedro Aranaldek, Inturiako olagizonak, Martin Arano Zubirik, Ollokiegiko burdinolako olagizonak, bidalitako ikazkina atxilotu zuen, Ereñabeko sarobearen ondoan lanean ari zela, Inturiako burdinolako txaraga edo epaipidetan eta teilatupean sartu zelako. Gaia auzitara eraman zuten, eta 1651eko urtarrilaren 25ean liskarrean ziren lursailak neurtu egin zituzten. Ebazpenaren arabera, Inturiako olagizonak lursail-zatia kendu zion sarobeari eta bertan aritu zen lanean. Arau-hauste hura zela eta, Berastegi eta Elduaingo herriei 340 ikatz-karga ordaindu behar izan zizkien. Honela dator jasota auzi-agirian: “… que dixeron ser doble y mayor de ochenta y cuatro gorabillas del mojon que estava en medio de dicho sel en círculo igualmente a todas partes”.


Irunabeko sarobearen planoan, berriz, honela dio: “Para su inteligencia es de saber que un mojon o gia que se pone en medio o centro es el rerefimen de todo de donde se mide con un cordel de 12 gorabillas â ocho angulos de la circunferencía en igual proporcíon Y se ponen 8 mojones que bengan a tener el uno del otro 9 gorabillas por linea recta de suerte que midiendo todo al rrededor benga atener 72 gorabillas como forme la hordenanza con que biene a estar en tripla proporcion la circunferencía rrespecto del diametro ô travesia Y â ser ochabo perfecto el Sel = Replicase que por quato la lei dize circunferencia y al rededor debe ser redondo = Satisfacese que respecto de las medidas no ai otra intelijencia ni la puede haber = agora dejando lo rreferido conforme la hordenanza boí con reglas de jeometria viendo la diferencia que ai aser circulo perfecto o no digo que toda circunferencía asu diametro esta en tripla Seraqui septima proporcion y así los beinte y quatro gorabillas en circulo perfecto vienen para tener 75 gorabillas y 3 estados vienen aser 24 estados mas + que la leí Y a este passo todo el terreno o area eccede mucho, pues tode el Sel comun. La Pitipia Se entienda por gorabilla Y la gorabilla tiene siete estados ô brazadas Y la brazada ô estado tiene siete pies = … son SS”.


Hementxe dituzue dokumentuetan aurkitu ditudan sarobe-izen guztiak, aipatutako urteetakoak, zerrendatuta. Gehiago ere badira, baina ez dut dokumentuetan haien aipamenik topatu.



Sarobeak pribatizatu eta beren funtzioa galdu zuten.


Napoleon Bonaparte enperadore frantsesak iberiar penintsula bereganatzeko asmoz abian jarritako inbasioari erantzun beharraren ondorioz (Espainiako Independentzia Gerra, 1808-1813), hiribildu asko eta askotako funtsak edo diru-kutxak eta, beraz, Berastegi eta Elduaingoak ere berdin, hutsik geratu ziren gerrak eragindako aparteko gastuen eraginez. Hala, 1809an etxeak, burdinolak eta errotak hipotekatu zituen Berastegiko Udalak, Paulo Sorondo izeneko batek mailegutzan emandako 16.000 erreal kuartoak hornitzeko.


1810eko otsailaren 25ean, Bideraungo etxean, Berastegi eta Elduaingo herriak herri-ondasunak saltzen hasteko prest agertu ziren eta horretan hastea adostu zuten, zeuzkaten gastuei aurre egiteko. Leitzarango lursail, sarobe, arbola, etxe eta burdinolak saltzea adostu zuten, baita errota eta herri-lurretan zeuden etxe eta 14 ½ko posturetako lursail-zatiak saltzea ere, bordak eraikitzeko.


Horrenbestez, 1810etik aurrera Berastegik eta Elduainek elkarrekin eta elkarrenak zituzten ondasun handiak jabe pribatuen eskuetara pasatzen hasi ziren. Harrezkeroztik, sarobeak saldu ahala beren hasierako funtzioa edo betebeharra galdu eta ahanzturan geratu ziren.




Informazio-iturriak:



  • Berastegiko Udal Artxiboa.

  • Donostiako Udal Artxiboa.

  • Luis Azpirozen paperak.

  • Xabier Cabezonen www.leitzaran.net webgunea.

  • Etxezarraga, I. & Aragón Ruano, A., “Entre la explotación pastoril y la forestal. La evolución en el uso y aprovechamiento de los seles en el País Vasco”, Arqueología de la Edad Moderna en el País Vasco y su entorno (123.or -) Access Archaeology Archaeopress.

DENBORA NEURTZEN BERASTEGIN.


Denbora hainbat modutara ulertu izan da historian zehar. Hala ere, gizakiak denboraren iraupenaz eginiko lehen neurketak eta zehaztapenak egunak gauari eta gauak egunari emandako segidari begira egingo zituen seguruenik, baita ilargi-aldi eta urtaroen izaera ziklikoari begira ere.


Ezagutzen dugun lehen erlojua egiptoarrek sortu zuten k.a. 1.500 urte aldera. Itzal bidezko erlojua zen; eguzki-argiak metalezko zurtoin batengan jo eta eskala graduatu baten gainean eragiten zuen itzalak ematen zuen aditzera zer ordu zen.


Erloju mekanikoak askoz ere beranduagokoak dira; XIII. mendekoak ditugu lehendabizikoak. Ez zuten esferarik eta orratzik, kanpai-kolpeak jotzen zituzten eta ez ziren batere zehatzak izaten ordua adierazterakoan, gutxi gorabeherako neurketak egiten zituzten.


XIV. mende inguruan iritsi zen berrikuntza erloju mekanikoen arloan: dorre-erlojuak sortu zituzten, gurpildun erloju ere deituak. Ia osorik burdinazkoak ziren eta euskarri bat eta hainbat ardatz eta gurpil koskadun izaten zituzten kateatuta. Europa osoan zehar zabaldu ziren erloju haiek.


1581ean Galileok penduluaren mugimendu erregular eta periodikoaren printzipioa asmatu zuen, eta asmakuntza hark ate berriak ireki zizkion denboraren neurketa zehatzari. Handik aurrera penduluaren mekanismoa erabiliko zuten erlojuen martxa erregulatzerakoan.


Espainiako lehen erlojua Salamankako katedralekoa da. Ramon Bodin jaunak kabildoa hitzartu zuen 1385eko irailaren 24an, katedraleko kanpai handia orduak emateko moduan molda zezaten. 1390eko azaroaren 20an, berriz, zedula batean jasota datorrenez, Carlos III Nafarroakoak eta haren emazte Leonorrek erloju berria erosi eta beren diruzain Garcia Lopez de Lisassoains-i ordainketa egiteko agindu zioten: “… pages a Joan de Zalva por un paino de jengeaux y por tres forreros de nuestra cambra el nueso reloxe XXXV libras”. Sevillako erlojua ere estatuko lehenengoetakoa da; Marianak eraiki zuen 1400.urtean.


Berastegira etorrita, dokumentuetan ez da aipatzen noiz jarri zuten lehen erlojua herrian, baina 1596ko kontuen liburuan jasota datorrenez, moja edo lekaime bati bi dukat ordaindu zitzaizkion erlojuaren giltzari eragiteko ardura zuelako.



Yttem mas di a la monja dos ducados de su salario ordinario del rrelox.


1627ko apirilaren 2an, Berastegiko alkateak eta errejidoreek bi urte lehenago 44 ezkutu ordaindu eta egin gabe utzitako erloju-konponketa erreklamatu zioten Segurako erlojugile eta konpontzaileari. Honela dator jasota udal-aktan: “Joan Silba de Mauleon vecino de la villa de Segura, que de bajo del concierto berbal que entre ellos abia abido para el relox de la villa de Berastegui, tres ruedas nuebas y la abuja y el arbol de la rueda del mobimiento y dos linternas asi bien todas ellas nuebas y ademas de ello abia rrecalzado todas las espigas de las barras y dos cubos nuebos en cuarenta y cuatro ducados. Los cuales se los abian pagado”. Erloju-konpontzaileak hartu zuen erlojua konpontzeko konpromisoa, baita hamabi urtez mantentzekoa ere; baina konpontzera etortzen zen bakoitzean bi dukat ordaindu beharko zitzaizkiola ere adierazi zuen.


1648ko uztailaren 31n, Berastegiko alkateak eta errejidoreek hitzarmen bat sinatu zuten Joanes Etxeberria Errenteriako erlojugile eta konpontzailearekin, hark 1.000 erreal zilarren truke erloju berri bat eraiki zezan. Etxeberriak erlojua hiru hilabetetan eraiki eta hamar urtez mantenduko zuela hitzeman zuen, eta hiru dukateko soldata jasoko zuela. Lehen lau urteetako konponketa-lanak eta zuzenketak bere kontura izango zirela ere adierazi zuen.



1684ko abenduaren 31n, orduko alkateak eta errejidoreek Errenteriako Martin Etxeberria erlojugile eta konpontzaileari erreklamazioa egin zioten, bi urte lehenago berak eraikitako erlojua, 90 peso ordaindua zutena, eta aurreko erloju zaharra konpon zitzan. Martin Etxeberriak erloju zaharra hilda zegoela adierazi zien; eta, hala, errejidoreek Lizarrako Gregorio Bombrosa erlojugile eta konpontzailea ekarrarazi zuten, erlojua benetan hondatuta zegoela egiaztatu eta egiteko erabilitako materiala egokia zen ala ez azter zezan. Hala dator jasota udal-aktan: “… se hallan defectos siguientes: el primero en el abugero del gallur, y que en la abuja se halla abierta de paletillas. Y lo mesmo reusso por mala la rueda de Santa Catalina con su arbol y linterna. Y que tambien declaro no estar redondas como deben estar las tres ruedas y precissamente se ayan de caladear y por lo consiguiente se halla floxa la rueda de la cuenta y de la misma manera dos abugeros a donde juega la abuja estan muy floxos”.


Gregorio Bombrosak 1685eko martxoaren 4rako erlojuak zeuzkan akatsak konponduko zituela adierazi zuen. Epaileak Berastegiko herriaren alde egin zuen, eta Martin Etxeberria herriko agintariekin hitzartua zuena bertan behera uztera behartu zuen.


Urte bereko ekainaren 17an, Miguel Garaiar Berastegiko apaiz presbiteroa Gregorio Bombrosarekin elkartu zen, egun hartatik aurrera eta bost urte eta erdiz, bere iloba Miguel Perez Huizik Gregorioren ondoan erlojugintza ikas zezan, hitzartuta eta jasota uzteko: “A figura que durante los cinco años y medio le serbira con toda fidelidad assistencia y cuidado y sin hacer aussencia; y si lo hiciese dentro de dos messes despues que ello tubiere noticia Don Miguel Garayar su tio, le aya de bolber a cassa y compania de Gregorio su amo para que le assista y sirba según su obligacion y no haciandolo don Miguel de Garayar le aya de pagar a Gregorio de Bombrosa medio real de plata desde el dia que assista ausencia hiciese dentro de un año por los alimentos que le hubiere dado por cada dia que hiciese en su compañia su sobrino = y Gregorio de Bombrosa prometio y le obligo de tenerle en su casa y compañia haciendole buen tratamiento y le dara sustento limpieza y bestuario y calzado necesario ecepto las camissas que estas s elas ba da hacer Don Miguel su tio y a cabados los cinco años y medio y le dara un bestido entero de paño diez o bente, su capa, medias, zapatos, camissa, sombreo y armador y le enseñara el oficio de relojero y lo demas que el supiere según es su obligacion durante los cinco años y medio”.


1718ko ekainaren 6an, berriz, Berastegiko udal-kontzejuak Tolosako erlojugile eta konpontzaile Francisco Azkarateri, konpondutako erlojua ez zebilela ondo esanez, erreklamazioa egin zion. Hernaniko Francisco Agirre erlojugilea eta konpontzailea ekarrarazi zuten, erlojuak zeuzkan kalteak azter zitzan. Hernaniko erlojugileak, kalteak ebaluatu ondoren, hauxe adierazi zuen: “… declaro que la rueda de Santa Catalina que es uno de los miembros mas prinzipales del relox se halla en algunos parajes de su gallur gastado sin que tenga otro defecto y falta alguna, lo cual se puede remediar y poner lan firme como a su principio que se formo. Iten Declaro que las linternas, polizas, garabatos y otros instrumentos menoren con que esta compuesto el relox todos ellos se hallan tambien gastados los cuales requieren sean nuevos. Execuntando de la forma y con que la villa haga nuevas pesas de piedra a su costa en las medidas que se le hordenara”.


Francisco Azkarate erlojua konpontzeko prest agertu zen; eta, 46 zilar-pesoren truke, beste sei urtetan zehar mantentze-hitzarmenari eusteko konpromisoa hartu zuen. Epaileak, hala ere, udal-kontzejuaren alde erabaki zuen, eta Francisco Azkarate Berastegirekin hitzartutakoari eta kobratzeko zeuzkan 30 peso eta 4 zilar-errealei uko egitera behartu zuen.


1747ko abuztuaren 27an, Tolosako Francisco Lekarra izeneko erlojugile eta konpontzaileak sei urterako hitzarmena sinatu zuen Berastegiko udal-kontzejuarekin, eta lan-urte bakoitzeko 150 erreal kuartoko soldata izango zuela jaso zuen hitzarmenean: “… por hacer de que cuidaran y gobernaran el relox publico de esta villa estos seis años proximos venideros que en pezaran a correr desde el dia de San Agustin que es dia mañana que se contaran veinte y ocho del corriente mes de agosto en adelante contal que estos prinzipal y fiador aian de tener por su cuenta y cargo y obligacion todos los reparos prezisos y nezesarios que a este relox se le ofreciere asi maiores como menores como en lebantar las pesas todos los dias para su conservacion en el sobre este tiempo y todo por el salario de ciento y cincuenta reales de vellon”.


1766ko abuztuaren 21ean Berastegiko Udalak elizan zegoen erloju publikoa udaletxera leku-aldatzea adostu zuen, elizan egiten ari ziren obrak edo lanak zirela eta: “… le daria maior conbeniencia al comun y transitantes haciendo para el fin que se dice. Una campana nueba porquanto la que habia en dicha iglesia es de ella para sus oficios divinos”.


1842ko urtarrilaren 26an, alde batetik Udala eta beste aldetik Arrasateko Jose Maria Zugasti erlojugile eta konpontzailea bildu ziren, herrirako erloju berri bat eraikitzeko, zaharra ez zegoelako erabiltzeko moduan. Erloju berria elizan eraikitzekoa zuten kanpandorre berrian kokatzea erabaki zuten. Hurrengo urteko ekainaren 29a baino lehen jarri beharko zuten bere lekuan, eta 5.700 erreal kuartoko kostua izango zuen erloju berriak: “… pagaderos a saber; dos mil de ellos el dia que quede colocado dicho relox en el sitio que al efecto se destine en la torre; otros dos mil reales a un año de la citada entrega y los mil setecientos reales restantes al otro año, demanera que el ultimo plazo se cumplira a mas tardar par el dia veinte y nueve de junio de mil ochocientos cuarenta y cuatro”. Hitzarmenak 11 puntu edo baldintza jaso zituen, eta bertan zehaztu zuten erlojuak nolakoa eta zer materialez osatua izan behar zuen.


Ez dut informazio gehiagorik elizako kanpandorrean jartzekoa zuten erloju hari buruz, baina uste dut azkenean ez zirela jartzera iritsi, diru faltagatik edo kanpandorre berriari ez ziotelako leku nahikorik utzi erlojua jartzeko beharbada. Ordutik aurrera, eliza erlojurik gabe geratu zen. Udaletxeak bai; badu eta 1766az geroztik izan du erlojua bere baitan.


1913ko abenduaren 28an, Berastegiko Udalak 20 pezeta ordaindu zizkion Nicolas Yeregiri herriko erlojua edo erloju publikoa konpontzeagatik.


1932ko urtarrilaren 31n, berriz, Eldua auzoko ordezkari Vicente Jakak hauxe eskatu zion Berastegiko Udalari: “… el arreglo del reloj de dicho barrio ya que desde hace seis años lleva parado y siendo una cosa tan necesaria suplica a esta corporación acuerde el arreglo inmediato de dicho reloj”.


1932ko ekainaren 5eko aktan hauxe dator jasota: “… se dieron lectura de los presupuestos de un reloj para la torre del barrio de eldua, remitidos por los señores Lecea y Murua de Vitoria y Andrés Yeregui de Betelu. Los señores Lecea y Murua ofrecen un reloj de horas y medias, tipo ocho días de cuerda por el precio de 1.795 pesetas, por mercancía puesta en la estación de Tolosa, manifiestan no tener inconveniente en quedarse con el viejo, pero de momento no pueden hacer oferta hasta verlo. El señor Yeregui ofrece un reloj con cuerda de ocho días sonando horas y medias por el precio de 1.850 pesetas colocado en el sitio y su garantía de ocho años, abonando por el reloj viejo cien pesetas”. Bi aurrekontuak aztertu ondoren, Udalbatzak Yeregi jaunaren eskaintza onartzea erabaki zuen.


1944ko azaroaren 4an, Tolosako Pedro Zubillaga erlojugile eta konpontzaileak herriko erlojua konpontze aldera, eta bidaia-gastuak barne izanik, 600 pezetako aurrekontua helarazi zion Udalari. Udalak, ordea, bertan behera utzi zuen erlojua konpontzeko hasierako asmoa, eta 30 pezeta ordaindu zizkion Zubillaga erlojugileari herrira eginiko joan-etorriagatik.


1973ko ekainaren amaiera aldera, berriz ere udaletxeko erlojua konpontzeko balorazioa egiteko eskatu zion Udalak Pedro Zubillagari. Hark, azterketa eginda, erlojuak ez zeukala konponbiderik eta berri bat erostea hobe izango zela esanez erantzun zion udal-gobernuari.


Viuda de Murua erloju-etxeak egindako erlojua, orain udaletxeko sarreran ikusgai dagoena.


1973ko uztailaren 19an, Udalak Gasteizko Viuda de Murua erloju-etxeari herrirako erloju berri bat egiteko agindua eman zion. Erloju elektro-automatikoaren eraikuntzak 95.950 pezetako kostua izan zuen, kokatze-lanen kostua alde batera utzita.


Eta, bukatzeko, jakin 2014an udaletxea eraberritzeko egin ziren lanetan kendu zutela bere lekutik Viuda de Murua erloju-etxeak eginiko erloju hura. Erloju zaharraren ordez, Bodet markako eta Opus 2 modeloko erloju digital berria dago geroztik udaletxeko fatxada nagusian.




BIBLIOGRAFIA


AGG-GAO

PT 2066, PT 2062, PT 2081, PT 2082, PT 2101, PT 2105, PT 2130, PT 2138.

AMB-BUA

Sig. 486.7

Actas municipales.

MANUEL DEL RIO. Reimpreso por Ramon Duran 1798. Arte de reloxes de rueda para torre, sala y faltriquera.

C. URDANGARIN, J. M. IZAGA, K. LIZARRALDE. Oficios tradicionales III