SARRERA

SARRERA

Blog honen bidez nere helburua Berastegi eta bere inguruko natura eta historia jorratzea izango da.

2022(e)ko uztailaren 28(a), osteguna

GIPUZKOAKO HERRIETAKO EZIZENAK




Inguru hauetan ezaguna da alegiarrak Txintxarriak direla, Euliak amezketarrak eta Kukuak anoetarrak. Baina zer gara Berastegikoak? Bertako eta inguruko herrietako jende askori galdetu ondoren, ez dut ezer argitu, inork ez du garbi: batzuek Haizeak garela diote; beste batzuek, berriz, Basurdeak.


Gipuzkoako ia herri guztiek dute bertako herritarrak izendatzeko ezizen edo goitizena, mugakide diren herrien arteko lehiatik sortua ia beti. Beraz, izen horiek ez dira herritarrek euren burua izendatzeko aukeratuak izan, baizik eta inguruko herrietakoek jarritakoak izan ohi dira, eta burla egitea izaten da asmoa gehienetan. Izan liteke animaliaren baten izena, lanbideren batena, izaera jakin bat deskribatzen duena… Bestalde, badira hainbat kasu herri bakar batek ezizen bat baino gehiago hartzen dituztenak, izena ematen dien herriaren arabera.


Ezizen horien jatorria ezaguna da ia beti. Herriren batean lanbide bat izan bada nagusi, horrela izendatu dira bertako herritarrak. Esate baterako, Errenteriakoak Galleteruak dira, Eibarkoak Armagiñak, Arrasatekoak Zerrajeroak eta alegiarrak Txintxarriak. Beste adibide bat da, legazpiarrena, Ilintxak. Izen hori ikazkinetatik dator. Txondorrean erretako egurretik ikatza ateratzen zuten ikazkinek; baina, zenbaitetan, ondo erre gabeko egur-zatiak geratzen ziren, eta horiek ezin ziren ikatz gisa erabili. Material horri deitzen zitzaion Ilintxa, «gaizki egositako ikatza».


Animalia izenak ere ohikoak dira, horietatik hartua izan da lurraldeko herri gehienen ezizena. Hor ditugu Txalburuak, Oiloak, Zakurrak, Euliak, Kukuak, Otsoak, Zapoak, Bareak, Tarinak eta beste batzuk. Zergatik dira anoetarrak Kukuak? Bada, inguru horretako herrietan, Anoetan entzuten delako lehenengo kuku-kantua.


Beste izen batzuk, berriz, herrietako istorio eta gertakizunak direla eta, jarri izan dira. Lizartza, Orio eta Itsasondokoei Ijitoak deitzen diete, joan den mendeko 70eko hamarkadara arte ijitoek denbora luzez kanpatzen zutelako herri horien kanpoaldean. Eta Zegamakoak Beleak dira, herriko armarrian bele bat ageri delako.

Elezahar batek dioenez, garai batean San Andres santua Elgoibarkoa zen, eta eibartarrekin trukatu egin zuten urdaiazpiko baten truke. Hortik omen dator elgoibartarrak Urdaiak izatea. Eibar eta Soraluzeren arteko lehia industrialak ere bi herrien arteko istilu bitxiak utzi ditu: Soraluzekoentzat eibartarrak Txaputxeroak dira, eta eibartarrentzat Soraluzekoak Hauts-herrikoak.


Beste elezahar batek dioenez, behin Oñatiko zenbait mandatari Arabako Gebara jauregira joan omen ziren hango kondea bisitatzera. Aldez aurretik ikasi omen zuten nola aurkeztu behar zuten euren burua kondearen aurrean: marmolezko zoladuraren lauki zuriak zapaldu behar zituzten, etxeko jaunak bakarrik zapaltzen baitzituen beltzak. Kondeak bere menpekoak hurbiltzen ikusi zituenean, irribarre egin eta hala esan omen zuen: Hemen dituk nire Txantxikuak.

Eta badira herritarren izaera nolakoa den adierazten duten ezizenak ere. Adibidez, Tolosakoak Zuriak dira, antzina faltsu eta iruzurgile ospea zutelako. Zumarragakoak, Urretxukoak eta Ezkiokoak Otamotzak dira, lore horiko ote arantzadunetik hartutako izena. Otea edozein lur-motatan sustraitu eta hazten da, eta ezinen horrekin adierazi nahi da herri horietako biztanleen egoskorkeria.


Duela gutxi arte oso errotuak egon dira ezizen horiek, eta ohikoa izan da erabilera; baina Gipuzkoako herri gehienetako gazteen artean galtzen ari dira. Hala ere, zenbait herritako belaunaldi berriek euren ezizenari eustea erabaki dute, eta herrietako jaietan eta bestelako ospakizunetan sartu dituzte: Txintxarri Igoera Alegian, Belearen Hilketa Zegaman, Txantxikuren Jaitsiera Oñatin eta Harrikalari Lehiaketa Ormaiztegiko San Migel jaietan.



Gure herritik gertu dauden nafar herrietako ezizenak ere jaso ditut. Leitzako bizilagunei Leitzarrak edo Fanfarroiak deitzen diete inguruko herrietakoek. Goizuetarrak Apoak dira. Aresokoak Setosoak edo Temosoak. Eratsundarrak Ardatzak, bertako herritarrek munduaren ardatza zirela uste omen zutelako, baina Txindurriak ere deitzen zaie. Ezkurrakoek Eroak dute ezizena, baina beraiek badute horrela deitzen dietenean erantzuteko esaldi bat: Ezkurrak, izena; eta leitzarrak, izana. Azpirozkoak Karakolak dira. Uitzikoak, Bareak. Lekunberrikoak, Txakurrak. Saldiaskoak, Kaskailuak. Zubietarrak, Ijitoak. Albiasukoak, Tipulak. Labaiengoak, Arbi-buruak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina