SARRERA

SARRERA

Blog honen bidez nere helburua Berastegi eta bere inguruko natura eta historia jorratzea izango da.

2022(e)ko uztailaren 28(a), osteguna

BERASTEGIKO UNAI EDO BEHIZAINEN GATAZKAK


 


Erdi Aroan zehar gatazka eta liskar ugari izan zituzten Berastegi eta Elduaingo artzain eta unaiek inguruko herrietako abeltzainekin. Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko muga gaizkileen eremu zen garai haietan, eta ohikoak izaten ziren batzuen eta besteen abere-taldeei egindako erasoak. Goierri, Bortziriak eta Basaburua aldekoak izan zitezkeen Leitzaran, Araitz, Larraun, Aranatz eta Burundako bailaretan azioak egiten zituztenak, eta alderantziz. Ez abeltzainek abeltzainen artean bakarrik; abereak larrean mugaren alde batean eta bestean ibili ohi zirenez, mugaren alde bateko eta besteko gobernu-ordezkariekin ere gorabehera asko izan zituzten.


XVI. mendean, Gaztelako Erresumak Nafarroa konkistatu zuenean, nabarmen murriztu ziren liskar eta gorabehera haiek, hein batean ahozko tratuak alde batera utzi, eta idatzizko hitzarmenak egiten hasi zirelako, eta muga-herrien artean partzuergoak eratu zirelako.


Idatziz jasota geratu zen, esate baterako, 1519ko irailaren 27an, Gipuzkoako eta Nafarroako ordezkariek Aralarko mendietan gertatu ziren hainbat ganadu-bahiketaren erantzuleei zer zigor ekonomiko jarriko zizkieten. 1520ko martxoaren 31ko Carta partida izeneko agiria ere idatziz jasotako erabaki baten adibide dugu. Bertan, Nafarroako ordezkariek, nahiz eta Gipuzkoako ordezkariek 15 buru baino gutxiagoko artaldeen lapurreten kasuan zigorrik ez jartzea proposatu, lapurtutako abelburu handi bakoitzeko erreal-zilar 1eko zigorra ezartzea adostu zuten, eta abere txikien kasuan buruko 6 kornadu edo 3 marabediko zigorra.



Nafarroako Erresumak Berastegi eta Elduaingo unaien aurka zabaldutako auziak eta hartutako epaiak


1505ean mugaren alde bateko eta besteko agintariek Franki ingurua mugarritzea erabaki zuten; alde batetik, Leitzaren (Nafarroako Erresuma) eta, bestetik, Berastegi eta Elduainen (Gaztelako Erresuma) arteko muga zehaztea. Muga zehazteaz gain, Leitzaranera bidean izan zitekeen inor atxilotzeko araua baliogabetzea ere adostu zuten: ”Por manera que agora ni de aquí adelante et para siempre jamas el dicho Rio de Olasau sea limite et mojón dentre los dichos Reinos, vezinos, y frontteros de ellos, e por tal termino, dominio e Señorío e propiedad del dicho Reino de Navarra lo damos, y aplicamos el dicho Campo llano, et plaza, para agora et para siempre jamas: con que los vezinos. y moradores de la dicha Villa de Tholosa, e tierra de Berastegui y Elduaien, e de los dichos reinos de Castilla aian de tener et tenga permanentemente, et para siempre, paso e Camino por el dicho Campo et plaza para pasar libre y pazificamente, e sin inpedimento alguno, ansí yendo a pie como Cabalgando, e con bestias Cargadas, e barras, e con Carros, e faziendo qualquier Carreo de Vigas, y madera qualquiera para la dicha Villa de Tholosa e tierra de Berastegui y Elduaien como para las dichas sus Herrerías de Leizaran e otras qualquier partes, e sus ganados maiores y menores sin que por pasar por el dicho Campo plaza et tierra puedan ser presos calumniados ni prendidos ni se les pueda llevar inposizion, esaczion tributo, nin otro alguno deziendo que pasan por tierra de Reino et con que los ganados maiores y menores de qualquier calidad que sean de los del dicho Berasttegui y Elduaien puedan pazer y beber las aguas et andar por el dicho Campo llano et plaza de dia a vezindad de sol a sol, y que despues los recoja a sus terrenos”.


Garai haietan, Berastegi eta Elduaingo unaiek Nafarroako Beruete aldera eraman ohi zituzten abereak larrera, eta diru bat ordaintzen zuten hango larreak bazkarako erabiltzearen truke. Leitza aldetik garraiatzen zuten ganadua. Badirudi 1480az geroztik, behintzat, egiten zituztela abeltzainek tankera hartako joan-etorriak, Beruete herriko zenbait herritarrek emandako lekukotzaren arabera.


Auzi ugari izan zituzten abeltzain berastegiar eta elduaindarrek Nafarroako Erreinuko ordezkariekin, abelburuen larreetarako joan-etorriak eta joan-etorri horiei zegozkien bidesariak tarteko.


1531n, Bernat Cruzat izeneko larre-errentatzaile nafarrak Berastegi eta Elduaingo unaiak salatu zituen zegozkien bidesariak ez ordaintzeagatik, eta urtebete lehenagotik Nafarroako zerga-biltzaileek Berastegi eta Elduaingo unaiei bahituta zizkieten abelburuak, bere lursailetan zeudenak, larreetatik aterarazi zituen.


Juan Gorostizuk, Berastegi eta Elduaingo abelburuekin maizter zebilenak, bestalde, Martin Arano de Zavalo, Leitzako bidezain eta tenientea, salatu zuen, hark 1529 eta 1531 urteen artean 250 behi bahitu zizkiolakoan. Martin Arano de Zavalok, bere aldetik, adierazi zuen Gorostizu maizterrak ez ziola behar bezala aditzera eman behi-taldea Nafarroako larreetara eramateko asmoa zuela, eta hargatik bahitu zizkiola abelburuak.


Joan de Eslava zerga-biltzaile tuterarrak 70 dukateko isuna jarri zien Berastegi eta Elduaingo unaiei, abelburuak larre nafarretan sartuko zituztela ez adierazteagatik. Nafarroako kontseiluak ezarritako isuna ordaintzea erabaki zuten Berastegiko eta Elduaingo unaiek; eta, hala, bahituak zizkieten abelburuak aske geratu ziren. Auzi hartan Berastegi eta Elduaingo kontzejuek aurkeztutako lekukoek (leitzarrak ziren gehienak) adierazi zuten Berastegi eta Elduaingo unaiek betidanik izan zutela ganadua mugaren alde batetik bestera bidesaririk ordaindu gabe pasatzeko askatasuna. Auzi hartara Beruete aldetik bertaratutako lekukoek ere, akusatuen alde egin zuten hitz, eta zera eman zuten aditzera, Berastegi eta Elduaingo unaiek 40 urtetik gora zeramatzatela ganadua hango larreetara eramaten, eta beti ordaindu izan ziotela Berueteko kontzejuari larreen truke ordaintzea zegokiena.


1534an, artean konpondu gabe jarraitzen zuen Berastegi eta Elduaingo unaien auziak. Juan de Andueza, Anduezako jaunak, berretsi zuen ohitura zela Gipuzkoako abeltzainek uda partean beren behi, ardi, ahuntz, behor, zaldi eta txerriak Leitzako eta batez ere Aralar inguruko larreetara eramatea, eta bazkaren edo belarraren eta uraren truke diru bat ordaintzen zutela, baina ez beste ezerengatik; txerriak eramaten bazituzten eta gizentzeko asmoz eramaten bazituzten, orduan bai; gizendutako buru bakoitzeko gros bat (kobrezko txanpon zaharra, 6 marabediren baliokidea) ordaindu behar izaten zuela txerrizainak.


Gipuzkoako Batzar Orokorrek eta Foru Aldundiak ere ildo beretik egin zuten arrazoiketa, eta adierazi aspaldiko garaietatik, 100 urte baino lehenagotik, zetorrela udan ganadua Nafarroako larreetara eramateko gipuzkoarrek zuten ohitura; jana eta edana ordaintzen zutela; eta neguan atzera herrira itzultzen zituztela abereak.


Agintari gipuzkoarrek eskatzen zutena zera zen, zerbait ordaindu behar izatekotan, behi- eta ardi-taldeengatik ez, gainerako abere-taldeengatik ordaintzea. Zerga-biltzaile nafarrak, ordea, ez zetozen bat horrekin; abere edo azienda handien kasuan, taia bat (kobre eta zilarrezko diru zaharra, erreal-zilar laurdenaren balioa zuena) kobratzen jarraitu nahi zuten, eta azienda txikien kasuan, ardien kasuan, batez ere, 10-11 erreal-gaztelau edo espainiar (zilarrezko diru zaharra, 31 marabediren balioa zuena).


1534an ebazpen berri bat onartu zuten, ordenantza eraberrituen araberakoa; eta, hala, abeltzain gipuzkoarrei ganaduaren sarrera-irteerak behar bezala jakinarazteko agindua eman zieten; ganadua hazteko behar zuten belarraren eta uraren truke ere ordaintzen jarraitu beharko zuten, baina ez zuten bestelako ordainketarik egin behar izango. Gauzak horrela, Bernat Cruzatek Berastegi eta Elduaingo unaien eskutik jaso zituen 70 dukatak itzuli egin behar izan zituen azkenean. 1536ko ekainaren 2an onartu zen behin betiko ebazpena.


1537 eta 1539 urteen artean, berriz ere auzibidean jarri zituzten Nafarroako zerga-biltzaileek Berastegi eta Elduaingo unaiak, larreen truke zegokiena eta abelburuak hazteagatik egokitzen zitzaiena ez ordaintzeagatik. Bernat Cruzatek azienda handien kasuan buruko taia 1 ez, 3 taia ordain zezaten eskatu zuen. Cruzaten aldekoek eginiko kalkuluen arabera, azken 6 urteetan 800 abelburu, abere handi, sartu ziren urtero Nafarroako larreetara; eta, horrela, 800 erreal-zilar gehiago kobratzea zegokien nafarrei, abelburu haiek hazteari zegokiona gehituta. Berastegi eta Elduaingo prokuradoreak adierazitakoaren arabera, ordea, askoz ere gutxiago ziren urte haietan zehar Nafarroako larreetara eramandako abelburuak: “En los años que an entrado las vaquas de Verastegui y Elduayen en este reyno a herbajar del año de mil quinientos y treinta y dos a esta parte quando mucho an entrado en cada vn año dozientas y cinquenta cabezas de banado mayor e vacuno”.


Miguel de Veroz Berueteko herritarrak, 18 urte lehenago eta 2 urtez Berastegin, Ariaz izeneko lursailean, unai ibilitakoak, aitortu zuen berak ez zuela aparteko ezer ordaindu behar izan Nafarroako lurretan ganadua haztearen truke. Haren hitzetan, Berastegi eta Elduaindik 320 behi eta beste hainbeste txekor, guztira 640 buru, eraman zituzten Nafarroako larreetan bazkatzera.


Perusqui de Leitza, Leitzako herritarrak aditzera eman zuenez, berriz, 670 bat buru zituen ikusiak berak urtero, erdiak abere handiak eta beste erdiak txikiak, Berastegi eta Elduain aldetik Leitza, Ezkurra, Beruete eta Aralar aldeko larreetara bidean.


Martin de Eratsun, Eratsungo behizainak berretsi zuenez, berak entzuna zien Berastegi eta Elduaingo abeltzain nagusiei 3 taia ordaintzen zizkietela abelburuko Nafarroako ordezkariei, larreak baliatzeagatik.


Berastegiko lekuko batzuen arabera, berriz, Leitza eta Gorriti aldean urte eta bederatzi hilabete edo gutxiago zuten biga edo behi gazteen truke ez zuten ezer ordaindu behar izaten, amaren esnea edoskiz hazten zirelako, eta ez zutelako belarrik jaten. Urte eta bederatzi hilabete egin eta gero, banatzen zituzten nonbait bigak amengandik; ez Gipuzkoa aldean bakarrik, baita Leitzan, Goizuetan eta Berueten ere.


Joan de Amiria, Berastegin jaio eta Aresora bizitzera joandako arotzaren esanetan, baziren 45 bat urte abelburuak udan larre bila Gipuzkoatik Nafarroara eramaten zirela. Harrera egiten zieten herrietako herritarrek zenbatzen eta banatzen omen zituzten abelburuak bertako lursailetan.


Etengabe, behin eta berriz egin behar izan zieten aurre Berastegi eta Elduaingo unaiek haien aurka zabaldutako auzibideei, baina ez zuten ezer egiterik izan. Nafarroako erreinuak larreak erabiltzeagatik eta haietan abelburuak hazteagatik ezartzen zizkien zergak ordaintzen jarraitu behar izan zuten, baita abereek udan bazka-leku zituzten herrietako kontzejuei abelburuen jan-edanaren truke zegokiena ordaintzen ere.


Berastegi eta Elduainen eta Leitza eta Aresoren arteko hitzarmenak eta partzuergoak


Oso aspaldikoak dira mugaren alde bateko eta besteko herriek herri-lurren erabileraren inguruan adostutako hitzarmenak eta eratutako partzuergoak. Esan bezala, ahozko tratuak izan ziren hasiera batean; baina denbora batera eta ahozko hitzarmenak gatazka-iturri izaten zirenaz ohartuta, hitzarmenak idatziz jasotzeari eta erregistratzeari ekin zioten.


Partzuergoak mugakide ziren udalerriek adostu eta hartutako erabakiak biltzen zituzten hitzarmenak ziren, batez ere, elkarrenak zituzten eta elkarren artean erabiltzen zituzten natur baliabideak (larreak eta ura, besteak beste) nola baliatu zehazteko, eta lursail komunen inguruan sor zitezkeen arazoak saihestu edo konponbidean jartzeko. Bi herri edo gehiagoren artekoak izan zitezkeen partzuergoak, eta jurisdikzio edo lege-estaldura ezberdinetakoak izanda ere lotzen ziren herriak partzuergoetan. Berebiziko garrantzia izan dute historian zehar, oso antzinatik herriek partekatzen zituzten jarduerak balioztatzeko eta aurrera eramateko balio izan baitute.


Partzuergo hitzaren gaztelaniazko ordaina, facería hitza (Real Academia de la Lengua Española-ren arabera, batez ere, Nafarroa aldean erabili izan dena), pazer (baketu) edo pastar (bazkatu) hitzetatik dator, eta bi adierak biltzen ditu bere baitan: bata, nagusia, bazkatzearena; eta, bestea, baketzearena, mugaren alde bateko eta besteko herrien arteko gatazkak saihestu edo bake bidean jartzearena.


1630ean Berastegi eta Aresoko udalerriek partzuergoa eratzea adostu zuten. Abere-taldeak bahituta izateak kostu eta eragozpen handiak ekarri ohi zituelako, eta bi aldeen artean bakea eta adiskidetasuna bermatze aldera, kokaleku jakinetan jatekoa eta edatekoa ziurtatu beharko zieten abere-taldeei, eta haren truke zer edo zer ordaindu: “Ay an de tener y tengan las otras partes faceras de sus ganados granados y menudos de todo genero de dia y de noche en los terminos de las otras villas y gozaran de yerbas y agoas desde el punto llamado Liçardi y donde hasta Artalecu y desde el cerro arriba llamado Uligoroso y donde al sel de Hullicoy que esta confinande con el sel llamado Baçarreburu y que por ello sean obligados a pagar cosa alguna”. Idatzi berean jasota datorrenez, bahiketarik edo kontrabandorik bazen, gaizkileek 200 dukateko isuna ordaindu beharko zuten; eta, isuna ordaindu ezean, ondasunak bahituko zizkieten epaileek.


1680ko mugarritzeari buruzko idatzian, berriz, Berastegi eta Elduainek, alde batetik, eta Leitzak, beste aldetik, mugarri guztiak berrikustea adostu zuten, zer egoeratan zeuden eta nola kokatu ados jarri ezinik baitzebiltzan: “En razon de aprovechamiento y facerias de yerbas y aguas de ganado granado yeguas obejas y cabras y otros de cualquier genero y las jurisdiciones de las tres villas como confinantes de terminos señalando para ello los limites y paraje asta donde pudieren entender en el aprovechamiento de las yerbas y aguas reciprocamente asi en ynbierno como en berano y para los años que se conbenieren”.


1754an Leitzako kontzejuak Berastegiren eta Aresoren arteko partzuergoaren idatzia kopiatzeko baimen-eskaera egin zuen. Hala zioen idatziak: “Juan de Eraso vecino de Areso dice que esta interesado en los derechos de esta villa en los gozes y aprovechamientos que ahora mas de doscientos años se hizo y otorgo capitulas y concordias entre esta villa y la de Berastegui de esa Provincia de Guipuzcoa confinante”. Ez zuten, antza denez, agiria kopiatzerik lortu, hainbat orri falta zituelako eta orrietako asko oso kaltetuta zeudelako.


1890ean eratu zuten idatziz Berastegi eta Leitzaren arteko partzuergoa. Idatzian jasota datorrenez, luzaroan izan dira bi herrien arteko hitzarmenak, ahozkoak gehienak, Urepel menditik hegoaldera dauden Kondizaratz, Intxusu, Urkizu eta Zipillan eremuetako mendiko larre eta uren aprobetxamenduaren inguruan. Zalantza ugari zituzten artean bi herriak eta beren jurisdikzioak bereizten zituen mugaren eta, beraz, mugarrien inguruan. Jendaurrean erakutsi edo publiko egin gabe zuten partzuergo-hitzarmen bat ere hartarako oztopo zuten, itxura denez. Hala, aditu-talde edo batzorde bat sortzea adostu zuten, muga behar bezala definitzeko eta partzuergo-eremua eta eremu-mugakidea bereizteko.


BERASTEGIKO ZIPILLANGO PARTZUERGO-LURRAK

LEITZAKO PARTZUERGO-LURRAK

Hauexek partzuergo-lurren inguruan adostu zituztenak:


  1. Berastegi eta Leitzaren partzuergo-lurrak Urepeletik Urkizura bitarteko mendi-lerroaren alde batera eta bestera zabalduko ziren, Kondizaratz, Altzegi eta Intxusun barrena, eta azalera bera izango zuten bataren eta bestearen partzuergo-lurrek.


  1. Kondizaratz gainean dagoen kare-harrizko mugarria hartu zuten abiapuntutzat, Aranorako bidean ezkerretara dagoena. Handik mendebaldera, 530 metro aurrerago, dago hurrengo mugarria, Kondizaratzen magalean. Gorantz, norabide berean 430 metro aurrerago joanda, Altzegiko mugarria; eta, beherantz, 980 metro eginda, Urkizu gaineko mugarria. 290 metro beherago, berriz, gurutzea duen harkaitz bat pasa eta 40 metro aurrerago hurrengo mugarria, mugarri erdibitua, Intsusu bidea pasatzen den lekuan. Leitzako partzuergo-lurretan ere jarri zituzten seinaleak. Kondizaratz gaineko mugarritik abiatu, eta mendian behera 300 metro aurrerago jarri zuten abiapuntuko mugarria. Ekialderantz Bidegorrietako iturriraino marra zuzen bat marraztu eta handik gora, iparralderantz, Aranorako bideraino joanda jarri zuten hurrengoa, eta handik zuzen Kondizaratz gaineko mugarriraino, eta handik Intxusubidera eta Urkizuko mugarri erdibitura.


ABIAPUNTUKO MUGARRIA

  1. Berastegiko Zipillan mendia eta haren ingurua ere partzuergo-lur izendatu zuten. Urtoko zubitik abiatu eta Berastegi aldera Igesozuloraino hedatzen zen eremua, handik Zipillaneko gainera, Zipillantxiki pasa eta Erzabaletara, eta handik Plazaolako zubira, eta errekari jarraituz Plazaolatik Urtora.


  1. Urto eta Areso arteko lursailetan bide-zerbitzariak jarri zituzten, hitzarmenak iraun bitartean lanean aritzeko.


  1. Zipillango partzuergoaren truke, Leitzako Udalak 60 pezeta ordainduko zizkion urteko, martxoaren 14an beti, Berastegiko Udalari.


  1. Abereak udalerri bataren edo bestearen partzuergo-lurretan sartzen baziren, ez ziren bahituak edo harrapatuak izango, arau-haustearen berri eman beharko zuen zegokion udalak lehendabizi, eta 8 eguneko epea zabaldu abereak partzuergo-lurretatik ateratzeko. Ateratzen ez baziren, orduan bai, orduan atzemango zituzten abelburuak.


  1. Iraupen mugagabea izango zuen partzuergo-hitzarmenak, eta bi aldeek hala nahi izanez gero, indarrean izango zen. Alderen batek jarraitzeari uko egin nahi izanez gero, berriz, aldez aurretik, 4 hilabete lehenago jakinarazi beharko zuen.


Bibliografia:

Leitzako udal artxiboa: 3/14, 4/6, 21/15, 21/33.

Aragón Ruano, Álvaro (2015) “Relaciones ganaderas entre Navarra y Guipúzcoa durante la Baja Edad Media y el comienzo de la Edad Moderna”.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina