Ba omen zen Ollokoko errotan sen handia eta
usaimen hobea zituen zakur bat, azeri
eta mendiko katuek harrapa ez zitzatzen, oilategia eta oilaskoak ederki
zaintzen zituen zakurra.
Gauero, azeri zahar bat jaisten zen oilasko
bila Alloarre menditik izotzaldera. Azeri hark ederki ikasiak zituen sabela
betetzeko trikimailu guztiak. Egunak argitzerako, Alloarreko zulora itzuli
baino lehen, Ollokoko oilategitik pasatzen zen azeria, hurrengo eguerdiko
bazkarirako hango oilaskoren bat harrapatzea amesten baitzuen.
Baina hara hurbiltzen hasten zenerako,
errotako zakurrak sumatzen zuen eta atzetik zaunkaka zuela, ziztu bizian
bidaltzen zuen haren ezkutalekuraino sastraketan barrena. Hanka arinei esker
lortzen zuen alde egitea azeriak, artzain- zakur hark harrapatuz gero, berehala
txikituko zuen.
Zakurrak, azeria ezustean harrapatu nahian,
inon diren amarrukeria guztiak asmatzen zituen, baina hura baino azeriagoa
izan, denak asmatzen zizkion azeriak.
Bidebazterreko sasi artean ezkutatuta itxaron
zion gau oso batean, baina azeriak ikusi zuen nola zegoen zakurra makurtuta,
eta beste aldetik oilategira hurbilduta, oilaskorik gozoena lapurtu zion.
Beste behin, ilundu baino lehen, laster
aterako zela eta, azeriaren ezkutalekutik berta gorde zen zakurra. Azeria
konturatu egin zen, ordea, han zeukala zain, eta beste zulo batetik aterata,
ederki hustu zuen oilategia.
Beste zenbaitetan, oilategian bertan gordetzen
zen zakurra goizaldera arte. Halakoetan, arrimatu ere ez zen egiten oilategira,
zakurrak bezain usaimen ona izaki azeriak.
Errotariak ere jartzen zizkion tranpak eta
zepoak, hala ere, zepotik kanpo ateratzen zen jaki guztia harrapatu eta tranpa
ukitu ere egin gabe alde egiten zuen azeriak. Pozoindutako jakiren bat jartzea
ere alferrikakoa izaten zen, urrutitik usaitzen baitzuen pozoina eta, hanka
altxata, pixarraka eginda lasai ederrean urruntzen zen handik.
Nagusiak ezin jan hazitzen zituen oilaskoak
eta zakurrak ezin karraskatu hezur gozoak, ia erotzeraino eraman zituen biak
azeri maltzurrak; izan ere, jateko zeuzkaten oilo eta oilasko gizenenak
eramaten zizkien.
Hala, burutazio batekin zebilen jira eta bira
zakurra, egunak eta gau luzeak eman zituen plana ondo lotzen: oilategira
hurbiltzeko azeriak gustukoen zuen bide bazterrean geratuko zen etzanda, hankaz
gora, betilerik ere mugitu gabe, hilda balego bezala. Zakurrak azeria balitz
bezala pentsatzen zuen. Beti gorrotatu izan zuen zakur gaiztoa bide bazterrean
hilda ikusiko zuen azeriak, eta hala zela ziurtatzeko hurbildutakoan, salto batean
lepotik helduko zion bere hortz zorrotzekin.
Egun osoan lo egin zuen gauean logurerik ez
izateko, eta ekaitz beldurgarriko gaua aukeratu zuen bere heriotza antzezteko.
Bazekien gauerdia baino lehen ez zela
azalduko, eta euri jasa ari zuela bide zaharrerantz abiatu zen. Goroldioz
betetako losa gainean etzan zen, ahalik eta goxoen egoteko. Ordu bata aldera
hantxe jarri zen ahoz gora hildakoarena egiten. Gaueko ordu luzeetan zirkinik
ere egin gabe egon zen, hankek kalanbreak ematen zizkioten, baina nahiz eta
hezurretaraino blai eginda egon eta hotzak akabatzen, ile bakar bat ere ez
zitzaion mugitzen. Goizaldeko laurak aldera, sudur zuloetan barrena kiratsa
ekarri zion brisak.
- “Hor ote dago?”- xuxurlatu zion
bihotzak, eta geldi-geldirik egoten saiatu zen. Haizeak garbi ekarri zizkion
belarrietara udaletxeko erlojuaren lau kanpai-hots baxu eta, ondoren, beste lau
ozen eta indartsu.
- “Zentzuzko ordua piztiak euren zuloetara
itzultzeko”- esan zion barrenak, baina denbora luzea
pasa zen azeriaren zantzurik sumatu gabe. Berriro ere haize bolada batek
aurreko kirats ezagun eta berezia ekarri zion arte; ez, ordea, lehengo alde
beretik, bestetik baizik.
- “Hor ote dago?”-
esan zion berriz ere bihotzak, eta lehen baino intentzio handiagoz egin zuen
hildakoarena. Pasa zen denbora inongo zantzurik gabe. Halako batean, beste
haize bolada batek azeriaren kirats nazkagarria ekarri zion sudur zuloetaraino,
eta doministikuka ez hasteko arnasik hartu ere egin gabe egon behar izan zuen.
- “Hor daukazu aurrez aurre”- ohartarazi
zion bihotzak taupadak azkartuta, “geldi, geldi”, esaten zion barrenak.
Sastraka artetik, ilunpetan, azeria zelatan zuen eta hanka bat poliki-poliki
altxata, noizean behin pausu txiki bat ematen zuen aurreraka, ondoren,
ekaitzaren zarata artean, kanposantuetako isiltasuna zabaltzen zen.
Gau ekaiztsu hartan laino itxia besterik
ikusten ez bazen ere, sastraka artetik bide erdira itzal ilun bat jaitsi eta
bera zelatatzen ari zela sumatu zuen. Haizeak sudurretara zekarkion kirats
nazkagarriak ere horixe ematen zion jakitera.
Zakurrari senak esaten zion itzal hura, urrats
txiki isil bakoitza eman ondoren, begira geratzen zitzaiola tarte luzean.
Halako batean, belarrietara auri txiki bat
ailegatu zitzaion. “Geldiago!”, agintzen zion barrengo ahots gogor
batek. “Hor aurrean duzu, baina zaude geldirik!”.
Isiltasuna zabaldu zen berriro ere eta,
ondoren, auri indargabe batek burrunba egin zion belarrietan. Segidan, berriz
ere isiltasuna, aurien ondoren zakurra ez zitzaiola segika hasi eta hankaz gora
jarraitzen zuela ikusita. Benetan sinetsi zuen azeriak zakurrari heriotza
ailegatu zitzaiola, eta konfiantza osoarekin aurrean jarri zitzaion itzala
azken agurra emateko. Ezin ezkutatu barruan zuen poza, aurrez aurre jarri eta
saltoka hasi zen azeria, Azeri-dantza izeneko dantza eskaintzen ziolarik azken
omenaldi gisa.
Dantza bukatuta, azken otoitza egin zion: “Zenbat
amorrazio eman dizkidazun! Zenbat susto, korrika-saio eta estualdi! Orain,
apaizak bezala, intzentsu usaintsu artean, ur bedeinkatuarekin eta organoaren
puzker-soinu eta guzti egingo dizut hildakoen azken eskaintza mutur gainean
kaka eginda”. Esan eta egin, hanka altxata ur bedeinkatu zorrotadaz busti
zuen eta, makurtuta jarrita, indarka hasi zen muturrean kaka egiteko. “Hau
duk nirea!”, esan zion barneko ahotsak zakurrari, eta bat-batean, gaztari
helduko balio bezala, hortzak eta haginak sartu zizkion azeriari ipurtaldeko
haragian.
Azeriak garrasi latza egin zuen estualdi
hartan, eta biak borrokan hasi ziren auri eta marmar artean. Halaxe, errekaraino
iritsi ziren bueltaka. Azeriak indarrez tiratzen bazion ere, ezin zuen
ipur-masailetik askarazi zakurra, eta gero eta ubeldu gehiago, urratu eta zauri
sakon zituen isats inguruan.
Adar lodi batean harrapatuta geratu ziren
halako batean, bata bestearen ondoan, azeriak sekulako indarrez tiraka egin
zuen, eta zakurraren hortz artean utzi zuen isatsa, inguruko haragi guztiarekin
batera. Bere burua libre ikusita, aitaren batean, ziztu bizian, sastraka artean
ezkutatu zen mendian gora uluka eta aurika.
Goizak argitzean, errotariaren aurrean blai
eginda azaldu zen zakurra, hortz artean borrokan irabazitako saria zuela.
Sekula ezagutu gabeko gosaria eman zion nagusiak egun hartan: haragiz betetako
platera eta, postrerako, eltzekada esne taloarekin.
Handik aurrera oilaskorik ederrenak jan ahal
izan zituzten biek, nagusiak haragi mokadu samurrenak eta zakurrak hezur
goxoenak, haien muinekin batera. Ez baitzen gehiago agertu azeria oilaskoak
lapurtzera; akaso, isatsa errotik ateratakoan, zauria gaiztotu egingo zitzaion
eta, ezin miazkatuta, gangrena beltza zabaldu egingo zitzaion eta bere
kobazuloko hilobian geratuko zen betiko lurperatuta.