SARRERA
SARRERA
Blog honen bidez nere helburua Berastegi eta bere inguruko natura eta historia jorratzea izango da.
2018(e)ko urriaren 17(a), asteazkena
2018(e)ko abuztuaren 8(a), asteazkena
PEDRO MUÑAGORRI OBINETA
PEDRO MUÑAGORRI OBINETA |
Apezpiku
eta misiolari, 1865eko ekainaren 29an jaioa Berastegiko Gorrinea
etxean. Felix Pedro Muñagorri Loidi zuen aita eta ama Mª Dolores
Obineta Zaldua, bederatzi anai-arrebatan seigarren senidea zen.
1880ko
irailaren 12an, 15 urterekin, dominikar abitu-hartzea egin zuen Ocaña
eskolan, eta han eman zuen urtebete ikasten.
Boto
handiko profesioak hartu zituen 1884ko irailaren 14an Avilako Santo
Tomas komentuan. Ikasketak burututakoan, eta subdiakono
izendatutakoan, Manilako Santo Domingora destinatu zuten, eta han
jaso zuen diakonotza 1887ko irailaren 24an. Aitor-entzule izanik
misiolari joan zen, 1888ko ekainaren 14an, Tun-King zentralera.
1888ko
uztail hasieran Manilatik atera zen, eta hil horretan Oñate jaunaren
eskutik presbiterotza jaso zuen Phú Nhai herrian. Uztailaren 20an,
Manilako Santo Domingon apaiz izendatu zuten, eta misiolari ibili zen
lur haietan zehar. Jende asko kristautu zuen, ospitaleak eraiki
zituen eta Tun-Kingen egundoko tenplua ere eraiki zuen, Jesusen
Bihotz Sakratua. 1903an hasi ziren tenplu hori eraikitzen, eta 3
urteren buruan amaitu zuten.
1907ko
abuztuaren 13an, bikario izendatu zuten Vietnamko Tun-King bikariotza
apostolikoan. Handik urtebetera baino lehen, 1908ko urtarrilaren
5ean, gotzain izendatu zuen Maximo Velascok Pitsunda herrian,
Valentin de Berrío-Ochoa dohatsuaren oinordeko.
1924ko
martxoaren 12an, Vietnamko elizbarrutiei izena aldatu zien bertako
administrazioak, eta Pedro Muñagorri Bui Chu bikario apostoliko
izendatu zuten.
Hona
hemen El
Pueblo Vasco
egunkarian agertutako gertaera, 1926. urteko Berastegiko jaietan,
bertako seme eta gotzain zen Pedro Muñagorriri egin zioten ongi
etorria, 40 urtez Indotxinan ibili ondoren hangoak kristautzen.
Abuztuaren 9an, astelehena, arratsaldeko zortzietan egin zuen sarrera Berastegira. Herriko mugaraino ibilgailuan joan zitzaizkion harrera egitera udaleko ordezkariak: alkatea, idazkaria eta zinegotziak.
Arrosiko errota inguruan, errepidearen alde batetik bestera, pankarta bat jarri zuten: <<Berastegui postutzen da zure etorrera kin>>; herri sarreran, berriz, beste bat: <<Zure erriyak ongi artu zaitzala>>; eta herriko enparantzan lore uztai dotore bat idatzi honekin: <<Erri ontako seme agurgarriyeneri ongi etorriya>>. Etxe guztietako balkoi eta leihoak apainduak ageri ziren, ikusgarri zeuden.
Herriko enparantza jendez gainezka zegoen. Bertan, gurutzea altxatuta, gotzaina, hainbat apaiz eta Saturraran apaizgaitegiko ikasleak ere zain zeuden. Handik pixka batera, auto-ilara bat sartu zen herriko enparantzan, eta haietako auto batetik Pedro Muñagorri jaitsi zen aita dominikar bat lagun zuelarik. Herriko erretorea aurreratu zitzaion ongi etorria ematera eta bertako ordezkariak aurkeztera.
Javier Arregui apaizak zuzendutako abesbatza misto batek euskaraz abestu zuen gotzain jauna goraipatzeko. Geroago, batzorde guztia elizalderantz abiatu zen Tolosako danbolin-jole taldearen atzetik. Bide guztian abesbatza abesten joan zen. Elizaren sarreran, hostoz eginiko arku bat jarria zeukaten idatzi hau zuela: <<Filium episcopum salutat natalis ecclesia>>. Eliza ikusi ondoren, berriro ere plazara joan ziren denak batera. Plazan, haurtzaroko lagun eta familiartekoak aurkeztu zizkioten Pedro Muñagorriri. Ilunabarrean, gotzaina familiarteko zuen Juan Labayen apaizaren etxera erretiratu zen, bertan hartu baitzuen ostatu.
Asteartean, San Lorenzo patroiaren egunean, udalbatzarra eta gainerako agintariak Tolosako danbolin-joleen atzetik, Pedro Muñagorri buru zela, elizara joan ziren, meza pontifikala ospatzera.
Andres Viquendik zuzendu zuen meza, Javier Arreguik abesbatza eta organoa Norberto Almandozek jo zuen, Sevilla metropoliko katedraleko organo-jolea zen bera. Meza amaitu ostean, fededun guztiek erlikiari eta gotzain misiolariaren eraztunari musu eman zieten.
Zeremonia amaituta, plazako frontoian esku-pilota partidu interesgarria izan zen. Bertan, Azkoitiko Chiquito anaiek, Berastegiko Miguel Mari eta Andoaingo Saroberen aurka jokatu zuten. Gotzainak ere ikusi zuen partidu hartan Azkoitiko anaiek 25 eta aurkariek 20 tanto egin zituzten.
Ondoren, udaletxeko batzar-aretoan, otordu ofiziala egin zuten Pedro Muñagorriren ohorez. Bere inguruan berrogeita hamar mahaikide eseri ziren, eta menua Kako jatetxekoek zerbitzatu zuten. Bazkalostean, giro ezin hobean, esker oneko hainbat hitzaldi zuzendu zitzaizkion gotzainari, eta aretoan bertan zegoen haren erretratua sinarazi zioten P. Muñagorriri. Azkenik, gotzainak, eserlekutik altxatuta, eskerrak eman zituen omenaldi harengatik.
Jaioterrian
hiru egunez egon zen, eta urtebete eman zuen Espainian zehar bere elizbarrutirako baliabideak eskatzen hainbat agintariri, tartean,
Alfonso XIII.ri ere bai.
Pedro
Muñagorrik bideratzen zuen Bui Chu elizbarrutia izugarri handitu
zen, eta berak bakarrik eramateko lan handiegia zela-eta, bi zatitan
banatzea erabaki zuten. Hala, 1934. urtean, Pio XI. Aita Santuak bi
zatitan banatu zuen elizbarrutia. 1935eko martxoaren 3an, Ho Ngoc
Aita dominikarra Bui Chu-ko gotzain izendatu zuen Aita Santuak,
Pedro Muñagorriren ordezko; Thai Binh elizbarrutia, berriz,
gehienbat misiolari espainiarrez osatua geratu zen.
1936ko
ekainaren 17an hil zen Pedro Muñagorri 70 urte zituela, Vietnamko
Tun-King herriko Jesusen Bihotz Sakratua katedralean lurperatu zuten.
LONTXO ERASO OTXANDORENA
Lontxo
Erasorekin aritu gara berriketan, hainbat lan egin eta egiten ari den
herritarrarekin. Gure mendi, txoko eta inguruak oso ondo ezagutzen
dituen mendizale amorratua da, eta berak eginiko lanez hainbat
mendizaleri erosotasuna eskaintzea eta haiek urez hornitu izana
eskertzekoa da.
-
Noiztik edo nola sortu zaizu iturriak egin edo berreskuratzeko
afizio hori?
Nirea
beti mendia izan da. Kanpoko herrietara joaten naizenean, han ikusten
ditudan aterpe eta iturriak ikusita, nire buruari galdetzen nion:
Berastegin, zergatik ez?
Eta horrela mendian iturburu bat ikusten badut, hari begira egoten
naiz udazken aldera arte, ea lehortu edo agortzen den, iturri bat
egiteko.
-Lehendabizi
eginiko iturria zein izan zen ?
Autobia
azpitik pasa eta Gorosmendiko bidean egin nuen 2001. urtean, bere
askarekin eta guzti, abereek ere bertatik edan zezaten. Baina denbora
gutxira puskatu egin zuten, kanila konpondu zitzaion, baina aska ez
nuen konpondu.
-
Zenbat iturri berreskuratu eta zenbat sortu dituzu zaletasun honekin
hasi zinenetik?
Denera
hamarren bat momentuz. Hauek eginak: Gorosmendi bidekoa, Urdelar
azpikoa, Leitzarango bi, Plazaola bidekoa, Muga-Gorosmendi bidekoa.
Eta konponduak: Franko iturria, Errotakoa, Amasa bidekoa, Urepel
azpikoa.
-Egin
dituzun lan guztiak Berastegiko eremuetan izan dira ala herri
inguruetatik kanpo ere egin dituzu?
Herriko
eremuetatik kanpora ere egin ditut, Urdelar azpikoa eta Amasa
bidekoa; bi horiek Elduaingo mugetan daude.
-
Iturriez aparte, aterpeak, bideak eta bidezidorrak garbitu, idatziak
egin… Nondik lortzen duzu lan horiek denak egiteko materiala?
Kontrabandoko
bidea ere garbitzen dut: Ameraundik Abade Gurutzerako bideari San
Fermin inguruan ematen diot garbiketa, garorik gehien dagoenean, eta
Plazolatik Guardetxera Olizar aldera doanari ere bai; bide horiek
garbitu ezean galdu egingo lirateke eta.
Material
gehienak jendeari mesedeak eskatuz lortzen ditut, ijitoen moduan.
Hala ere, beti sortzen zaizkit gastuak: kanilak, porlana, erremintak,
horien matxurak...
-
Laguntza ekonomikorik jasotzen al duzu lan hauek aurrera eramateko?
Eskuz
bai, baina ekonomikorik ez. Esate baterako, Etxordeko Ildefonsok
mugako aterpearekin lagundu zidan. Gorosmendiko aterperako materiala
Antsoneko Luisitok eta nire anaia Luisek jarri zuten, eta gu hiru
anai, Torreko Juanito Rubio,
Elberdingo Eugenio, Zamargingo Aitor eta Jose Luis Saizar aritu ginen
lanean; agian, norbait ahaztu zait... Hori bai, bukatu genuenean
afari bat antolatu genuen geure artean bertan, eguraldi zoragarria
egin zigun, bertan afaldu, muturrak berotu eta goizeko hiruretan
oraindik inork presarik ez erretiratzeko! Ederki inauguratu genuen!
-
Iturri bat eraiki edo berritzerakoan dudaren bat sortzen bazaizu, ur
hori analizatzera eramaten duzu kontsumorako egokia den ikusteko.
Analitika hori garestia izaten al da? Nora eramaten duzu?
Analizatzera
eraman izan ditut bai, eta nahiko garesti ateratzen da. Amasako
iturrikoa, adibidez, burdin asko du eta nire baitan esaten nuen: Nik
hau egin det, baina norbaiti zerbait gertatzen bazaio? Erruduna ni!
Eta mesfidantza horrekin Tolosan, Nafarroa Etorbidean, dagoen
laborategira eraman nuen ur hori analizatzera. Bertan anekdota txiki
bat gertatu zitzaidan:
Laborategian
datuak hartzen ari zitzaidan, eta iturria non zegoen argibideak
ematen ari nintzaiola, bata txuridun gizon bat gerturatu zitzaidan,
eta honela esan zidan:
- Zein iturri da, azkena eginiko hori? Hor...horrela eta horrela?
- Bai.- erantzun nion.
- Baaaa...txarra ez da izango, lehengo igandean edan nuen hortik eta
oraindik bizirik nago!
-
Kalitate oneko ura al daukagu inguruetan?
Bai,
nahiko kalitate ona daukagu. Ur burdindu hori edan litekeela esan
zidaten laborategian, baina ez kantitate handia edo egunero.
-
Egin duzun lanetatik, zein da harroen sentiarazten zaituena? Edo zein
lanengatik goraipatu zaituzte gehien?
Nik
egina izan balitz Franko iturria izango zen gustuen geldituko
nintzena, baina ez da nik egina, lehendik han zen, berritu bakarrik
egin dut. Baina, halere, oso gustura geratu naiz.
Mugako
aterpea ere nahiko praktikoa geratu da, jende asko ikusten da bertan
atseden hartzen, eta askok esan didate oso ondo dagoela.
2017(e)ko abuztuaren 16(a), asteazkena
GERRA ZIBILAREN HASIERA BERASTEGIN
Berastegin
eta inguruetan gertatukoaren kontaketa da idatzi hau, hasi Iruñeko
estatu-kolpetik eta altxatutako gudarosteak Tolosa hartu zuen bitarte
artekoa. Errepublikarren aldeko informazio gutxi dago oso, horregatik
dira datu gehienak kolpea eman zutenen bandotik jasotakoak.
Gerra,
edo altxamendua, 1936ko uztailaren 18an hasi zen Espainian, ofizialki
behintzat; hurrengo egunean, uztailaren 19an, hartu zituen armak
Nafarroak. Iruñeko Gaztelu plaza pixkanaka-pixkanaka jendez betetzen
hasi zen; erreketez betetako autobusak iristen ziren Nafarroako
bazter guztietatik, baita falangista batzuk ere. Eguna bukatzerako,
milaka gerlari zeuden frontera abiatzeko prest, Espainiako bi
koloredun banderak, eta karlisten eta falangisten ikurrak hartuta.
Egun hartan, hiru urte iraungo zuen gerrarantz abiatu ziren
soldadu-ilarak Iruñetik. Ilara haietako batek Tutor zuen Komandante,
eta haren helburua Leitzara iristea zen Imaz Kapitainaren agindupean
zeuden 99 erreketerekin batera; gehienak Olite, San Martin de Unx eta
Beirekoak ziren. Arratsalde hartan bertan iritsi ziren helmugara.
Hilaren
20an, Leitzako Baleztena etxean ezarri zuten agintarien postua, eta
goizetik gehitu zitzaien San Miguel tertzioaren bigarren
kontingentea. Tolosatik joanak, 32 lagunek osatzen zuten taldea eta
Pantaleon Zabala zuten agintari. Handik ordu batzuetara beste 18
soldaduko talde bat iritsi zen Donostiatik Leitzara, Loiolako
kuartelean izandako altxamenduak porrot egin ondoren. Egunean zehar
Leitzako bertako erreketeak ere gehitu zitzaizkien. Egun horretan
bertan banatu zizkien Baleztenak txapel gorriak. Arratsaldean, hiru taldetan banatuta,
Uitzirantz eta Betelurantz abiatu ziren.
Hilaren
21ean, Tutor Komandatea, 150 gizonekin batera, Urtoko mikeleteen
postua hartzen saiatu zen. Baina Tolosatik etorritako gizon
asko zeuden postu hartan, eta bi bandoen arteko tiroketatik harago ez
zen besterik gertatu. Kolpistak Leitzara itzuli ziren.
22an,
erreketeen beste eraso baten beldur, Urtoko postuan mikeleteak,
errepublikarrak eta Batzokitik ateratako EAJren afiliatuak elkartu
ziren Juan Antonio Castroren agindupean; Tolosatik eta inguruko
herrietatik joanak. Kolpistak Urto zaintzen eta miatzen
egon ziren, baina Leitzara bueltatu
ziren erasorik egin gabe.
Uztailaren
23an, goizeko 11:00etan, kolpistek eskoletan gurutzeak jartzeko
agindua eman zuten eta plazan errepublikar bandera erre zuten.
Errekete nafar eta gipuzkoarrak plazan elkartuta, Tutor Komandanteak
honakoa esan zien lehen batailara abiatu aurretik: “Erreketeok,
mendi hauek distiraz bete zituzten heroi karlisten ondorengoak
zarete. Laster izango duzue haien seme duinak zaretela erakusteko
aukera”. Txistuaz lagunduta
Oriamendiren Himnoa
eta Gernikako Arbola
kantatu zituzten, eta “Viva España!”,
“Viva Navarra!”,
“Viva Cristo Rey!”
oihuak entzun ziren.
Arratsaldeko
ordu batean atera ziren Urtorantz, errepidean barrena, eta Aresora
doan bidegurutzera iritsitakoan, hiru taldetan banatu ziren:
lehenengoa, Tutor Komandantearen agindupean; Villanuevarenean,
bigarrena; eta, Zavalak aginduta, hirugarrena. Villanueva eta harenak
mikelete-postura zuzendu ziren, gainerakoek mendira jo zuten: Tutor
Uli aldera; Zabala, berriz, Gazpillo-txikiko parajeetara, Gorri
tenientearekin batera.
Gorri
Tenientearen esku zegoen sekzio bat Mikelete-etxea erasotzera bidali
zuen Tutorrek. Menditik azkar batean jaitsita egin zuten eraso, eta
mikeleteak zeuden postutik eusten saiatu baziren ere , mikeleteen
postutik Joakin Muruzabal kolpista hil zuten.
Errepublikarren bandoan 5 lagun hil ziren, frontean bertan batzuk,
ospitalean besteak, Urton zaurituta eramanak (Jesus Murua, Polikarpo
Izaeta, Balentin Arregi, Juan Goenaga eta Nikolas Bahon). Mikeleteen
eta Tolosako Nazionalisten artean 5 lagun hartu zituzten preso;
horietako bat, EAJko Pedro Ignazio Gonzalez tolosarra, Iruñean egon
zen preso eta, ondoren, fusilatu egin zuten. Etxea defendatzen zuten
gainerakoek Tolosara egin zuten ihes errepidean barrena. 12 Mauser
mosketoi, 9 pistola, 2 errifle eta hainbat eskopeta harrapatu
zituzten kolpistek. Lehenengo oztopoa gaindituta, Berastegirantz jo
zuten; baina gaua mendian eman zuten badaezpada, herrian topatuko
zituzten gorrien beldur.
Hilaren
24an, goizaldera, Gorospe eta Villanueva aurretik zituztela,
Berastegi hartzera abiatu ziren mendian behera. Udaletxetik bandera
batekin egin zieten seinale bidea libre zutela, eta halaxe sartu
ziren herrian, inongo oztoporik gabe, kafesnea ere eskaini zieten
udaletxeko tabernan. Tutor Komandanteak agindu hau inposatu zuen:
“Hiru orduren buruan herri honetako
udaletxean entregatuak behar dute suzko arma guztiak, eta
jakinarazten da, denbora-tarte hori pasata, etxebizitza guztiak
miatuko direla eta, bakarren batean armarik aurkitzen bada, jabea
erahila izango dela Militarren Batzar Gorenak hala aginduta”.
Arratsaldean erreketez betetako beste kamioi bat etorri zen
Iruñeatik, Imaz zutela kapitain. 280 gizonezko baziren ordurako
Berastegin, halaxe osatu San Miguel tertzioa.
Hilaren
25ean, Santiago Patroiaren egunean, erreketeek meza entzun zuten San
Martin Parrokian, eta Gipuzkoako Karlisten buruaren ordezkariak, Juan
Mª Gorospek, agindu hau eman zuen: “Goizeko
11:00etan, iraultza sektarioak kendutako Kristo Gurutziltzatuaren
irudiak berriro jarriko dira herri honetako ikastetxean. Boluntario
nafar eta gipuzkoarrei agintzen zaie ordu horretan herriko plazara
azaltzeko Kristo Erregea gurtzera eta herriko bizilagunak ere
gonbidatuak daude halako ekintza ikusgarrian parte hartzera”.
Eguerdian
Tutorren zutabea bitan banatu zen. Talde batek, Tolosako errepidean
barrena jaitsita, Elduain eta Berrobi hartu zituen, inolako
erresistentziarik gabe; besteak, berriz, mendiz joanda, Belauntza
hartu zuen. Han eman zuten gaua, kanposantuan, mendian eta baserri
batzuetan postuak hartuta.
26an
Belauntzan eta Leaburu inguruan zabaldu ziren kolpistak,
errepublikarrek hartua baitzuten Leaburu. Izaskungo ermita ere hartu
nahi izan zuten, baina lortu ez zutenez, inguruetan geratu behar izan
zuten.
Belauntzan
Tutorren soldaduak eta Bezerrenarenak elkartu ziren, azken horiek
Lizartza hartzetik etorriak. Bi talde horien agintari Rafael Latorre
jarri zen, eta errekete, falangista eta goardia zibilez osatutako
bando hartan 386 lagun zeuden.
Hilaren
28an Leaburu hartu zuten eta hurrengo helmugatik, Tolosatik,
kilometro gutxira geratu ziren.
Uztailaren
29an Salterainen txaletean jarri zen Latorre, eta Belauntzan,
Leaburun, Gaztelun eta Ibarra inguruan zaintza-lanak egiteko agindua
eman zuen.
Bataila
Tolosara hurbiltzen zihoan bitartean, Berastegin zaintza-puntu
estrategikoak jarri ziren. Lan horretan aritutakoak errekete
boluntarioak ziren.
30ean
kolpistek Belauntzako elizan entzun zuten meza. Talde hura indartuz
joan zen:120 falangista gehiago, 18 karabinero eta Zaragozatik
etorritako 18 goardia zibil. Berastegitik hasi eta Tolosa ingururaino
kolpistak ziren nagusi, eta miaketek eta errepideetako kontrolek ez
zuten etenik..
Abuztuaren
3an, arratsaldeko 16:00etan, Berastegi inguruetan 28 urteko mutil
gazte bat , Atarrabiako Pablo Perez de Osada, tiroka hila agertu zen.
Abuztuaren
6an Gipuzkoako Karlisten Batzarretik agindu bat iritsi zen
Berastegira: Martin Arregi Artola, Jose Mª Maiz Irigoien eta Jose Mª
Intxaurrondo Danboreneak euren zinegotzi-karguak utzi behar
zituztela, eta haien lekua beteko zutenak Ursino Aranalde Esnaola,
Jose Joakin Azpiroz Lasarte eta Jose Placido Domintxin Zuloaga izango
zirela. Horrela, Karlisten Batzarraren nahira osatua geratu zen
Berastegiko Udala: Alkate, Luzio Etxeberria; alkateorde, Domingo
Labaien; bigarren alkateorde, Luis Garziarena; eta zinegotziak,
Miguel Joaquín Olaetxea, Gabino Lizarza, Jose Antonio Azpiroz, Jose
Joaquín Azpiroz, Ursino Aranalde eta Jose Plazido Domintxin.
Hilaren
8an Tutorren gudalostea atseden hartzera eta indarrak berritzera
Berastegira etorri zen Tolosa menpe artu aurretik.
Gau hartan Pio Etxeberriaren tabernan eta Arregi Etxean 415 afari
eman zituzten.
Belabieta
aldera atera ziren abuztuaren 9ko goizaldean, eta 09:30erako iritsi
ziren gailurrera,
ordurako alde eginak ziren errepublikarrak handik. Uzturre aldera
jarraitu zuten eta, bitartean, Leaburutik Izaskungo ermitara eta
Orieta baserrira artilleria-erasoa egin zuten, han zeuden
errepublikarren aurka. Uzturrera iritsi zirenek, hango gurutzea hartu
ondoren, ermitari egin zioten eraso, eta errepublikar batzuk preso
hartu zituzten.
San
Lorentzo eguna mugitua izan zen oso bi bandoentzat eta baja asko izan
ziren bi alderdietan, punturik estrategikoenak hartu nahian,
tiroketak etengabeak baitziren. Kolpisten esku zeuden postuetara
bonbak bota zituzten hegazkin errepublikarrek.
11n
kolpisten ejertzitoak, erreketeak gehienak, Tolosa hartu zuen fronte
batetik baino gehiagotatik sartuta.
Gerra
Zibilak iraun zuen hiru urteetan, Berastegiko 144 bizilagunek egin
zuten borroka frankisten alderdian, gehienak behartuak eta boluntario
gutxi batzuk; 12 hil ziren, frontean batzuk, ospitaleetan besteak.
2017(e)ko apirilaren 13(a), osteguna
MUSTARKO ZUBIA
1755.urteko urtarrilaren 26ean, Juan
Bautista Lizarza Berastegiko alkate eta ohiko epaia, eta Josseph
Antonio de Ormaechea Elduaiengo Alkate eta ohiko epaia, hau bien
errejidoreekin Bideraun izeneko lekuan elkartzen dira.
Leitzaran bailaran dagoen Herrerias
Jermadas de Mustar-en ondoan, bi herrien jabetza izanik,
harrizko zubi berri bat eraikitzeko adosten dira. Miguel de Irisarri
eta Francisco Zelaia bi herrietako hargin eta perituak,
oroitz-txosten batean adierazten dute eraikitzeko forma eta modua.
Andres de Aguirrek bereganatzen du
eraikuntza 249,5 eskudu eta 15 belloneko erreal-gaitik, eskaintza
hoberena izateagatik.
Perituek ezarritako baldintzetan,
eraikuntzan honako hau esaten dute:
Lenengo, bertan dagoen egurrezko zubia
desegin, zubi berria eraikitzeko.
llevando en su mitad, un arco
que tenga de largo o de gueco quarenta
y ocho pies, de ancho once
pies, que el enunciado arco devera
ser sacado en seis pies de medio punto.
Harri-hormarako hormatzarra eraman beharko du arkua babesteko.
Eraikuntzarako beharrezko egurra, bi herrien kostura joango da, eta
bertako basotik atera beharko da.
Ordainketa lau epetan izango da, eta
kopuru berdinekoak izango dira lau zatiak.
El primero el dia en que se
otorgara la referida escritura para la execucion, el segundo al
tiempo que se diese principio a asentar y poner las piedras del arco
del puente, el tercero guando concluiere
esta obra y se hiciere la primera entrega
de ella, y el cuarto y ultimo al tiempo que se hiciere
la entrega formal ultima de esta obra despues del año y dia.
2016(e)ko abenduaren 3(a), larunbata
XVIII. MENDEKO JAIOTZAK, HILDAKOAK ETA EZKONTZAK BERASTEGIN.
Berastegi hiribilduaren azken 500 urtetako biztanleen informazioa bilduz, XVIII.mendean hutsune handi bat aurkitu nuen. Baina, R. Historia Akademiako zuzendari eta itxas armadako ofizial zen Jose de Vargas y Ponzek eginiko lan zehatz bat aurkitu nuen, Estados de Vitalidad y Mortalidad de Guipúzcoa en el siglo XVIII, 1805.urtean idatzia.
Liburu honek datu ekarpen handia dauka. Egilea probintziko erretoreengana joaten da informazio eske ikerketa demografiko bat egiteko asmoz. Honela lehen eskutik lortzen ditu datu ugari. Funtsezko hiru aldaera demografiakoen egitura sortuko du: jaiotzak, hildakoak eta ezkontzak. Informazio oso garrantzitsua da, herri guztietako eliz-liburuetatik ateratako akta sakramentalak direlako.
Berastegirekin erlazionatutak lauki honetan, urtez-urteko jaiotzak, hildakoak eta ezkontzak deskribatzen dira. Bertan, 3.834ko jaiotzako balantzea osatzen da, 2.009 gizonezkok eta 1.825 emakumezkok osaturik XVIII.mendean. Hildako balantzetan berriz, 1.585 hildako, hauetarik 796 gizonezkoak eta 789 emakumeak izanik. Azkenik, 841 ezkontza agertzen dira, 1.700.urtetik 1.800.urtera.
Hauek
dira jaiotza datuak hamarkadaka.
URTEAK | GIZONAK | EMAKUMEAK |
1710 | 175 | 157 |
1720 | 140 | 124 |
1730 | 150 | 167 |
1740 | 261 | 173 |
1750 | 237 | 205 |
1760 | 199 | 172 |
1770 | 225 | 222 |
1780 | 207 | 201 |
1790 | 186 | 185 |
1800 | 229 | 219 |
Hauek
dira hildakoak hamarkadaka.
URTEAK | GIZONAK | EMAKUMEAK |
1710 | 39 | 39 |
1720 | 55 | 47 |
1730 | 57 | 84 |
1740 | 77 | 94 |
1750 | 77 | 63 |
1760 | 91 | 88 |
1770 | 95 | 75 |
1780 | 96 | 75 |
1790 | 106 | 104 |
1800 | 103 | 120 |
Azkenik,
ezkontzekin erlazionatutako datuak hamarkadaka.
URTEAK | EZKONDUAK |
1710 | 67 |
1720 | 58 |
1730 | 83 |
1740 | 81 |
1750 | 83 |
1760 | 82 |
1770 | 95 |
1780 | 88 |
1790 | 96 |
1800 | 108 |
2016(e)ko azaroaren 23(a), asteazkena
BERASTEGIKO BIZTANLERIA, AZKEN 500 URTEAK.
Aintzinako
biztanlegoari dagokioenez erreferentzi gutxi dago Gipuzkoako
lurraldeari buruz, gehinetan lortutako datuak zeharkako informazioak
izan dira. Berastegiko kasuan ere berdina gertatzen da, XVI. eta XIX. mende bitartean oso datu demografiko gutxi aurki daiteke, baina
dauden datu murritzekin ikus daiteke bertako biztanlegoaren
eboluzioa azkeneko bost mendeetan.
XVII.
mendeko demografiaren ezaugarrietako bat biztanleriaren
bizi-itxaropena luzatzea izan zen, izurria asko murriztu baitzen. Mundu hiritarrera sortutako aldaketa,
laborantza eta artoaren ekoizpena areagotutzeak landa-eremuak
sortarazi zituen. Beste ezaugarri bat azpimarratu behar da,
nekazaritzako lurraldeetan eta hirietan jaiotze-tasak desberdinak
zirela, lehenengoan hirietan baino haur gehiago jaiotzen baitziren.
Horrela, hiri barneko biztanle-kopurua jaisten hasi zen.
Halaber,
mende honetan izurrite izugarriek biztanleen kontra jo zuten;
handienak 1626-32koak eta 1652-55ekoak izan ziren.
XVIII.
mendean bi eredu demografiko desberdinek jarraitzen zuten: barneko
lurraldeak (Nafarroa eta Araba, bereziki) eta kostakoa (Bizkaia eta
Gipuzkoa). Lehenengoei dagokienez, hazkunde-prozesua indartzen hasi
zen, nahiz eta Erregimen Zaharreko ezaugarriekin; hau da, heriotza
eta jaiotze tasa altuekin. Bigarren lurraldeei dagokienez,
biztanle-dentsitatea handia zen; esate baterako, estatuaren
batez bestekoa %20,6koa zen eta Gipuzkoakoa %59,8koa. Heriotza-tasa
gainerako euskal lurraldeetakoa baino txikiagoa zen. Haurren
heriotza-tasa ere txikia zen, txertoak erabiltzen hasi zirelako
bereziki. Hala ere, Bizkaian eta Gipuzkoan biztanleria zahartzen ari
zen eta ezkongabeen kopurua handia zen. Bi datu hauen ondorioz,
jaiotze-tasa txikia zen oso. XVIII.
mendeko demografiaren ezaugarrietako bat biztanleriaren
bizi-itxaropena luzatzea izan zen.
XIX.mendetik
aurrera hazkundea goruntz zihoan,krisis jakin batzuk eduki arren.
Halaber goruntz jarraitzen zuen biztanle hazkundeak ez baizuten
antikonzeptiborik erabiltzen, eta heriotzak gutxitzen joan ziren ere.
Hauen eraginez biztanle hazkundeak gorantza handia egin zuen .
1850
urtetik aurrera hazkunde demografiko aldaketa nabarmena ikusten da.
Gipuzkoako hazkunde tasa altua zen, baina Bizkaian industri
garapenaren eragitearekin handiagoa zen hazkunde tasa eta biztanleak
sakabanatu ziren lurralde guztian. Immigratearen etorrera Donostin
bakarrik sumatu zen, ez beste lurraldeetan.
XX.mendean
egoerak berdin jarraitu zuen, 1918ko urtean gripe izurriteak, gerra
zibila eta
gerra ondorengo urte gogorrak ez zuen aldaketa handirik sortu
biztanle hazkundearengan.
Gipuzkoak
50ko ,60ko eta 70ko
hamarkadetan immigrazio handia jasan zuen, honek biztanleri
gipuzkoarra ugaritzea ekarriz. Diktaduraren amaieran erabateko
aldaketa etorri zen.
70ko
hamarkadaren
bukaeran krisis ekonomiko larri baten ondorioz eta
sozietatearen pentsaera erradikalagatik, emakumea merkatu laboralean
sartzen da eta antikonzeptiboak erabiltzen hasten da. Honek
jaiotze-tasan izugarrizko beherakada sortu zuen.
Egoera
hau bi hamarkada baino gehiagoan mantendu zen, beherakada handienak
XX.mende amaieran emanik. XXI.mendetik aurrera errekuperazio txiki
bat sortzen da immigrazioarengatik. Horrela mantentzen da lendabiziko
hamarkadan. Gaur egun, azken urteetan krisis ekonomikoarengatik
egoera aldatu da, jaiotze-tasa jaitsiera sortu du eta biztanlego
heldua kopuruz hedatuz.
GIPUZKOAKO BIZTANLE KOPURUA
URTEAK | BIZTANLEAK |
1500 | 60000 |
1596 | 69665 |
1700 | 87284 |
1750 | 108759 |
1787 | 120716 |
1803 | 104491 |
1822 | 110073 |
1826 | 126784 |
1857 | 156493 |
1877 | 167207 |
1887 | 181845 |
1900 | 196531 |
1910 | 221427 |
1920 | 260504 |
1930 | 296269 |
1940 | 325003 |
1950 | 371024 |
1960 | 473951 |
1970 | 626049 |
1981 | 694681 |
1991 | 676488 |
2000 | 678131 |
2010 | 708197 |
2015 | 716676 |
BERASTEGIKO BIZTANLE KOPURUA
URTEA | BIZTANLEAK | URTEA | BIZTANLEAK |
1587 | 760 | 1948 | 1070 |
1594 | 1000 | 1949 | 1081 |
1614 | 1116 | 1950 | 1090 |
1618 | 1078 | 1951 | 1109 |
1826 | 1280 | 1954 | 1162 |
1829 | 1386 | 1955 | 1164 |
1850 | 1339 | 1960 | 1124 |
1860 | 1586 | 1970 | 1058 |
1898 | 1093 | 1981 | 942 |
1900 | 1173 | 1986 | 958 |
1906 | 1111 | 1987 | 964 |
1909 | 1100 | 1988 | 962 |
1910 | 1150 | 1989 | 958 |
1915 | 1168 | 1990 | 966 |
1920 | 1132 | 1991 | 969 |
1924 | 1137 | 1992 | 952 |
1925 | 1136 | 1993 | 951 |
1926 | 1164 | 1994 | 948 |
1927 | 1171 | 1995 | 956 |
1928 | 1192 | 1996 | 932 |
1929 | 1227 | 1998 | 956 |
1930 | 1146 | 1999 | 973 |
1931 | 1163 | 2000 | 977 |
1932 | 1178 | 2001 | 986 |
1933 | 1188 | 2002 | 990 |
1934 | 1144 | 2003 | 982 |
1935 | 1147 | 2004 | 994 |
1936 | 1193 | 2005 | 995 |
1937 | 1130 | 2006 | 1003 |
1938 | 1118 | 2007 | 1003 |
1940 | 1043 | 2008 | 1031 |
1941 | 1049 | 2009 | 1033 |
1942 | 1050 | 2010 | 1051 |
1943 | 1050 | 2011 | 1061 |
1944 | 1046 | 2012 | 1062 |
1945 | 1034 | 2013 | 1067 |
1946 | 1027 | 2014 | 1056 |
1947 | 1049 | 2015 | 1061 |
Grafiko honetan ikus daiteke azken 500 urtetako egonkortasuna.
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)