SARRERA

SARRERA

Blog honen bidez nere helburua Berastegi eta bere inguruko natura eta historia jorratzea izango da.

2012(e)ko abuztuaren 6(a), astelehena

OTSOAK BERASTEGIN


Euskal Herrian ez ezik, gainontzeko lurraldeetan ere beti sortu izan ditu otsoak sentimendu kontrajarriak; erakargarri bezain gaitzetsia izan da. Batetik, otsoaren babesleak daude, haren balio ekologikoaren aldekoak; eta, bestetik, abeltzainak, otsoak egiten dien kaltea besterik ikusten ez dutenak.
Otsoa animalia harraparia da, horren erakusle da haren gorpuzkera: 42 hortz ditu baraila indartsuetan, bular-kaxa zabala eta gihar indartsuak.
Hogeita hamar bat otso-mota daude munduan zehar zabaldurik. Gure lurraldean otso iberikoa (canis lupus signatus) eta otso italiarra (canis lupus italicus) bizi dira; azken hori, Pirinioetatik etorria, urriagoa bada ere.
Garai batean ia Euskal Herri osoan aurki zitekeen otsoa; baina XIX. mendean galtzen hasi zen, eta Berastegin eta inguruko mendietan erabat desagertu zen 1800 urtearen azken hamarkadan eta 1900. hasieran.
Artxiboetan ageri da 1596 urteaz geroztik harrapatzen zela otsoa Berastegin. Udalek saritu egiten zuten kaltegarriak izan zitezkeen animaliak harrapatzeagatik, horien artean otsoak, azeriak, arranoak, basurdeak, azkonarrak, etab.
XVIII. eta XIX. mendeetan, zabaldu egin zen abelazkuntza, eta otsoek egiten zuten kalteari aurre egin nahian, 1817 urtean kofradia bat eratu zen. Bederatzi herri elkartu ziren kofradia horretan, eta herri bakoitzak bere prezioa zuen hildako otso bakoitzeko: Leitzak 17 zentimo; Elduain, Uitzi, Arano, Orexa eta Gazteluk 5 zentimo; Berastegi eta Goizuetak 13,5; eta 6 Aresok. Bi urtez iraun zuen kofradia horrek, ez da inon ageri gehiago iraun zuenik.
1819tik aurrera herri bakoitza arduratzen zen haren lurretan hildako animalien kudeaketaz. Berastegiren kasuan, udalak urteko kuota bat ordaintzen zion ehiztariari kaltea eragiten zuten animaliak harrapatzeagatik.
Hala ere, modu batera eta bestera saiatu arren, ezin zuten arazoarekin burutu; horrela bada, anaiarteko elkarte bat eratu zen 1871n. Leitza, Arano, Goizueta, Artikutza, Oiartzun, Lesaka, Aranaz (Arantza gaur egun) eta Berastegiren artean. Elkartutako herrien lursailetan harrapatutako otso bakoitzeko 170 erreal jartzen zituen udal bakoitzak. Gainera, artzainek ere bazuten elkarte horretan sartzeko aukera, eta horrela egin zutenek ordainketan parte hartu behar izaten zuten: artzainak zeukan ardi-buru bakoitzeko proportzioan ordaintzen zuen.
Baldintza horiek beste herrietako ehiztariak erakarri zituzten, eta horrek ekarri zuen otsoen desagertzea denbora gutxian.
Europako bazter gehienetan bukatu da otsoarekin, eta nekez aurkituko dugu gaur egun. Iberiar Penintsulan, Italian, Eskandinavian, Alpeetan eta Alemania ekialdean bakarrik aurkitu daiteke. Euskal Herrian, gaur, honako lurraldeetan ikus daiteke: Araban, Valderejon, Bovedan, Gorbeian, Guibion, Salvadan, Badayan, Arreton eta Karkamun; Bizkaian, Enkarterrietan, Balgerri mendizerran eta Karrantzako aranean; Gipuzkoan, ia batere ez dago, Aralarren agertzen dira noizbehinka ar gazteak lurralde berrien bila; eta Nafarroan, Pirinioetan ale gutxi batzuk besterik ez.

Abeltzainek mastin arrazako zakurrak erabiltzen dituzte abereen zaindari, eta arrakasta handia dute otsoaren aurka.

ELDUAIENGO TXOKOAK

                                                            Elduaien herria

                              
                                                     Gorrane borda ondoko karobia

                                            

Urteen eragina

Naturaren bitxikeria

Zelai erreka



Garai bateko zubi eroria



Zelaiko ur-saltoak

Arrosiko ur-saltoa

Arrosiko ur-saltoa

2012(e)ko uztailaren 24(a), asteartea

URTOKO MIKELETE-ETXEA


Gipuzkoako Foru Aldundiak, Aurrezki Kutxa Probintzialaren administrazioak lagunduta, sortu zuen mikelete-taldea 1839ko irailaren 24an. Ordena publikoa bermatzea zen talde horren helburua.

1933tik aurrera zabaldu ziren mikeleteak Gipuzkoa osoan, eta 61 talde inguru eratu ziren. Horien artean Urtokoa. Nafarroa eta Gipuzkoa artean pasatzen zen merkantziagatik zergak kobratzea eta istripuren edo ezbeharren batean zauritutakoei laguntza ematea zen haien betebeharra.

1891ko irailaren 20an, udaletxean, enkantea egin zen Urtoko mikelete-etxearen lanak egiteko. Beasaingo Jose Angel Lasak hartu zuen beregain zeregin hori, eta 9.558,74 pezeta kosta zen. Hilabete gutxiren buruan lau mikelete ziren bertan.

Juan Mujika mikeletea eta Martina Aurkia ezkondu zirenean, mikelete-etxera joan ziren bizitzera.  Gazteluarrak ziren biak,  Prasenea baserrikoa Juan eta Argaratekoa Martina. Lau alaba izan zituzten: Maria, Francisca, Josefa eta Cristina.

36ko gerra
36ko gerran, errepublikanoak zetozela-eta, bi alaba zaharrenei fusila eta eskopeta oilategian gordetzeko agindu zien Juan Mujikak. Urte hartan bertan, uztailaren 23an, Tutor komandantearen agindupean, Leitzatik abiatu eta Indianaborda baserriaren inguruetan jarri ziren errekete nafarrak; Gipuzkoako aldean, berriz, mikeleteak eta errepublikanoak. Tiroak izan ziren alde bateko eta bestekoen artean, eta han hil zen San Martin de Unx-eko Joakin Muruzabal erreketea. 
Mikelete eta errepublikanoek atzera egin behar izan zuten, Berastegi aldera, baina Artaleku inguruan erreketeek enboskada egin eta hantxe, Juan Mujikaren ondoan, hil zen mikelete bat. Ondoren, errenditu egin ziren fusil baten puntan zapi zuria jarrita. Atxilotutako guztiak Iruñeako San Cristobal kartzelara eraman zituzten.

Urtoko borrokaldia hasi baino lehentxeago, Martina ama eta bere lau alabak Berastegiko Elaundeazpi baserrira ihes egin zuten, han bizi baitzen Martinaren ahizpa. Elaundeazpin zegoela jakin zuen Martinak izandako liskarrean mikelete bat hil zela. Senarraren deskribapena egin behar izan zuen hildakoa Juan ote zen jakiteko.

Iruñeako Beleztenatarrek egin zuten Juan Mujikaren alde, eta kartzelatik ateratzea lortu zuten.  Beleztena familiak uda Leitzan pasatzen zuen eta, telefonoz deitu behar zutenean, Urtoko mikelete-etxera joan ohi ziren. Handik ezagutzen zuten Juan Mujika.

Bi bandoen arteko gerra bukatu zenean, ama eta lau alabak etxera itzuli ziren. Hutsik aurkitu zuten, mikeleterik ez zegoela aprobetxatuta, hustu egin baitzuten. Bala-zuloak zeuden paretetan, han gertatutakoaren berri ematen zutenak.
Etxeko bizilagunak
Muntuate mikeletearekin eta haren familiarekin batera bizi izan ziren Mujikarrak lehen urteetan. Ondoren, Nikolas izeneko bat etorri zen, eta atzetik Mariezkurrena eta haren sendia. Hurrengoa Jose Zurutuza izan zen, Juan Mujikaren alaba Josefarekin ezkondu zena. Azkenengoa, Enrique Palacios bere familiarekin.

Juan Mujika 65 urterekin hil zen, eta haren emaztea geratu zen etxearen kargu. Urte batzuk pasa ondoren, Aldundiak etxea utzi behar zutela esan zieten, bertan drogarekin arazoak zituztenak sendabidean jartzeko zentro bat egin behar zela-eta. Hala, 74an, Juan Mujikaren familiakoek Indianabordako lursail bat erosi eta etxea egin zuten Leitzako Erreka auzoan. 80 urterekin hil zen Martina, haren alabak, berriz, bizi dira.


Etxearen suntsiketa
Drogazaleen zentroak ez zuen kudeaketa ona izan, eta Aldundiak, etxearen egoera kaxkarra ikusita, botatzea erabaki zuen. 1989ko abuztuaren 10ean onartu zen mikeleteen etxea behera botatzea 379,998 pezetatan. Handik egun gutxira, liskarrak saihesteko asmoz, gauez txikitu zuten eraikina.