SARRERA

SARRERA

Blog honen bidez nere helburua Berastegi eta bere inguruko natura eta historia jorratzea izango da.

2020(e)ko irailaren 1(a), asteartea

1973ko Tolosako Inauterietako aizkolari gazteen lehen torneoaren 47. urteurrena


1973 AIZKOLARI GAZTEEN LEHEN TORNEOA

2018ko Salontzoetarako prestatu nuen argazki-zaharren erakusketan, bazen argazki bat atentzioa eman zidana: Luis Eraso herritarrak erakusketarako utzitako argazki bat. Bertan bost aizkolari gazte ageri ziren Tolosako zezen-plazan, hiru leitzar eta bi berastegiar. Tolosako Inauterietako aizkolari gazteen lehen torneokoa zen argazkia, eta argazkikoak Jose Ramon Villabona, Iñaki Perurena, Gabriel Saralegi, Luis Eraso eta Eugenio Apezetxea.

Duela sei hilabete, argazkiko protagonistekin bildu eta hitz egitea pentsatu nuen. Ea berriz ere bostak elkartu eta erakustaldi txiki bat egiteko aukerarik bazegoen ikusteko, 1973koa gogoratuz.

Luis Erasori eman nion lehendabizi nire ekimenaren berri, eta hark Jose Ramon Villabona hila zela adierazi zidan; 2014ko abuztuaren 7an utzi gintuela, zoritxarrez. Hala ere, ekimen polita eta bideragarria zela iruditu zitzaidan, 47 urteren ondoren aurtengo Salontzoetan protagonista haiek elkartzea. Saio hartan parte hartu zuten gainerakoekin hitz egin eta aizkoran proba txiki bat egiteko prest agertu ziren guztiak, ia mende erdi lehenago egindako ekinaldia gogoratuz.

Ondoren, Berastegiko udal-gobernuari aurkeztu nion nire ekimena eta hark ere begi onez hartu zuen. Aurtengo Salontzoetako egitarauaren zirriborroan idatzita geratu zen aizkora erakustaldia egiteko plana.

1973ko martxoaren 11an jokatu zen Tolosako Inauterietako aizkolari gazteen norgehiagoka haren berri zehatz izan dezazuen, Diario Vasco egunkarian Zuloaga kazetariak jasotako artikulua ekarri dizuet, euskarara itzulita:

Gaur arratsaldeko 5etan Inauterietako aizkolari gazteen lehen torneoa jokatuko da Tolosako ekimen-zentroak antolatuta. Hona hemen parte-hartzaileen zerrenda:

  • Jose Ramon Villabona, leitzarra, 17 urtekoa, gazte mailako txapelduna. 12 erakustalditan hartu du parte eta sei irabazi ditu. Kamiseta zuriarekin arituko da.


  • Iñaki Perurena leitzarra, 16 urtekoa. Hasi berria aizkoran; proba bakar batean hartu du parte eta irabazi egin du. Kamiseta gorriaz jardungo du.


  • Gabriel Saralegi, Leitzakoa bera ere, 16 urtekoa. Erakustaldi gehien egin dituena, 20 aldiz atera baita plazara, eta 14tan izan da garaile. Kamiseta urdina jantzita lehiatuko da.


  • Luis Eraso, berastegiarra, 17 urtekoa. 5 erakustalditan hartu du parte eta 5ak irabazi ditu. Kamiseta berdearekin arituko da.


  • Eugenio Apezetxea, Berastegikoa bera ere, 17 urtekoa, 4 erakustalditan parte hartu eta bat irabazita. Kamiseta morearekin lehiatuko da.


Jokoan izango diren sariak eta garaikurrak hauexek:

1. saria: 10.000 pezeta, txapela eta garaikurra.

2. saria: 8.000 pezeta eta garaikurra.

3. saria: 6.000 pezeta.

4. saria: 4.000 pezeta.

5. saria: 2.000 pezeta.


Eta egin beharreko lana 54 ontzako 3 enbor eta 45 ontzako beste 3 ebakitzea izango da.

Zalantzarik gabe jende asko biltzea espero da ikuskizun honetan, aizkolari gazteak ezagutzera emateko balioko baitu; jakina da, gainera, Ascensio Mindegiak, Miguelen anaia gazteak erronka jo eta desafioa botako diola saioko irabazleari. Apustua, beraz, egina dago.

Bi egun beranduago, 1973ko martxoaren 13an, Zuloagak berak jaso zuen aipatutako egunkarian Inauterietako lehen aizkolari gazteen torneo hartan gertatutakoa:

Perurena, aizkolari gazteetan txapeldun.


Giro ederrean ospatu zen igande arratsaldean Tolosan, Inauterietako aizkolari gazteen lehen torneoa, Tolosako Ekimen Zentroak antolatua.

Lehendabizi, bertsolariak aritu ziren kantuan, eta bertaratutakoek gogotsu txalotu zituzten haien ateraldiak. Jarraian, parte hartu behar zuten bost aizkolariak atera ziren plazara, beren laguntzaileek lagunduta, eta haien artean profesional gisa aritzen diren asko ikusi ahal izan genituen, ikuskizunak zeukan mailaren erakusgarri.

Aizkolarien egitekoa 54 ontzako 3 enbor eta 45 ontzako beste 3 ebakitzea zen.

Aurkezpenean bertan argi ikusi zen Leitzako morroskoa, Perurena Gartziarena, jakin ahal izan dugunez Gartziarena aizkolari famatuaren iloba dena, nabarmen gailentzen zela fisikoki, gorputzez, gainerako lehiakideekiko. Berehala bete eta baieztatu ziren bertaratutakoen aurreikuspenak.

Perurena gaztea 1,85 metro eta 86 kilo da 16 urterekin; eta asko daki, gainera, aizkoraz. Garaipen argi eta ukaezina eskuratu zuen igandeko saioan. Bigarren postuan Saralegi sailkatu zen, bere osabak, abizen bereko Leitzako erakusle famatuak, lagunduta.

Hauxe azken sailkapena:

1. sailkatua Perurena (Leitza), 20 minutu eta 10 segundoko denborarekin.

2. sailkatua Saralegi (Leitza), 22 minutu eta 44 segundoko denborarekin.

3. sailkatua Apezetxea (Berastegi), 24 minutu eta 35 segundoko denborarekin.

4. sailkatua Villabona (Leitza), 24 minutu eta 36 segundoko denborarekin.

Eta 5. sailkatua Eraso (Berastegi), 25 minutu eta 20 segundoko denborarekin.

Saio gozagarria eta arrakastatsua Tolosako Ekimen Zentroak lortutakoa, datozen urteetan ere jarraipena izango duela espero dugu; izan ere, gure ustez, kanporaketa moduko bat egin daiteke Nafarroako eta Gipuzkoako hainbat herritan, eta finala Tolosako inauteri-jaiekin batera egin.

Hala, eta lehentxeago aurreratu bezala, COVID 19aren pandemiak uzten badu, behintzat, orduko 5 aizkolari protagonistetatik 4 plazan ikusteko aukera izango dugu berriz, Berastegiko plazan eta Salontzoetan, aizkoran saioa eta erakustaldia egiteko prest baitira Perurena, Saralegi, Eraso eta Apezetxea. Ea horrela den.




2020(e)ko abuztuaren 27(a), osteguna

BERASTEGIKO ARGAZKIRIK ZAHARRENA?

 

1890eko abuztuaren 20ko argazkia, Berastegiko plazan.

Hau izango da, ziurrenik, dagoen Berastegiko argazkirik zaharrena. Udal-aktak jasota dakarren bezala, udal-gobernuak 1890eko abuztuaren 20an ikasketengatik edo lanagatik herritik kanpo bizi ziren berastegiarrak bildu zituen.

1890eko abuztuaren 17ko udal akta.

Alkateak adierazi du hilaren 20an ikasketa- eta lan-kontuengatik Espainiako hainbat tokitan dabiltzan herriko seme-alabak biltzea erabakia dagoela. Hori dela eta, udalbatzak herritarrei jai egiteko gonbita luzatzea erabaki du; lehenik, elizkizunera joan ahal izateko; eta, gero, plazan elkartzeko, berdin beren familien eta herriaren ohore diren eta merezi bezala omendu nahi dituen herriko seme-alaba kuttunei ere, udaletxeko aretoan eskainiko den bazkarira etor daitezen. Danbolin-joleari jai egunetan bezala jotzeko aginduko zaio; eta udaletxeko fatxada “Viva Berastegui” leloaz apaindu eta argiztatuko da; Lastenio Gastacari emango zaio argiak jartzeko enkargua. Jaiegun honek eragindako gastuak udal funtsetatik eta udal aurrekontuko ustekabeko gastuetarako den ataletik ordainduko dira.



Berastegin bi urte zehatzetan martxan zeuden enpresa eta zerbitzuak

 

Etxaberen autobusak Tolosa-Leitza bidea osatzen zuen. Berrobiko udala

1860an eta 1918an, bi urte horietan, Berastegin martxan zeuden enpresa eta zerbitzuen berri emango dizuegu taula batean.

Hara non, 1860ko otsailaren 6an Gipuzkoako Foru Aldundiaren zirkular bat iritsi zen udaletxera, esanez Berastegiko herriak 1.520 erreal kuarto ordaindu behar zizkiola Aldundiari, herrian martxan zeuden merkataritza- eta industria-jarduerei zegozkienak. Berastegiko Udalak, ordea, aipatutako kopuruarekin ados ez, eta idatzi bat igorri zion Aldundiari, herrian merkataritza eta eskuzko industria-jarduerarik ia ez zegoela argudiatuta, eta kopuru hura murrizteko erregutuz.

Abuztuaren 27an batzorde bat eratu zen udaletxean, ofizio, artisautza edo industriaren batean lanean ari ziren eta hargatik diru-ekarpena egin behar zuten pertsonen zerrenda osatzeko. Hortxe dituzue zerrendatuta aipatuta geratu ziren garaiko enpresa eta zerbitzuen jabeen izenak.

1860. urtean Berastegiko hiribilduak 1.586 bizilagun zituen; herriak inoiz izan duen biztanle-kopururik altuena zuen orduan, eta industria jarduerarengatik ordaintzen zen zerga biztanle-kopuruan oinarritzen zen. Hartatik nonbait garaiko udal-gobernuaren kexa eta ezadostasuna, biztanleak bai, baina industria-jarduera eskasa zuelako orduan herriak, haien esanetan.