SARRERA

SARRERA

Blog honen bidez nere helburua Berastegi eta bere inguruko natura eta historia jorratzea izango da.

2015(e)ko abuztuaren 5(a), asteazkena

BAKARDADEKO ANDRE MARIARI ESKAINITAKO ERRETAULAREN HISTORIA LABURRA




Berastegiko San Martin Toursekoaren elizan bada erlijio-artelan bat erretaula nagusiaren ezkerretara: Bakardadeko Andre Mariari eskainitako erretaula txikia.

1872ko maiatzaren 29an, Iruñeko herritar zen Maria Cruz Muñagorrik, Baleztena jaunaren alargunak, Bakardadeko Andre Mariari eskainitako erretaula egiteko eta zurgintza eta eskultura lanak ordaintzeko dohaintzan 5.096 erreal kuarto (reales de vellón) emango zizkiola adierazi zion, eskutitz batean, San Martin elizako Andres Antonio Obineta erretoreari.

Ordurako Berastegiko herria elizaren patroi eta nagusi zenez, 1872.urteko ekainaren 20an alkatea eta udalbatza herriko erretorearekin elkartu ziren, Maria Cruz Muñagorrik dohaintzan emango zuen erretaularen gainean hitz egiteko. Hala, lanak aurrera eramateko, Andres Antonio Obineta erretoreak udalbatzak ezarritako planoa onartu behar izan zuen.

Iturri bezala erabili dugun dokumentuan, Udalak lehendabizi Baleztenaren alargunaren dohaintza eta eskuzabaltasuna eskertzen ditu; eta, ondoren, Jose Maria Gonzalez jaunak egindako 14 baldintza edo puntuz osatutako planoa onartzen eta hark dioena betetzeko agindua ematen du:

1.- Erretaula 3 edo 4 hazbeteko (pulgada) tartearekin kokatu beharko zen, hezetasunak hondatu ez zezan.

2.- Erretaula eraikitzeko, kalitate oneko gaztainondoa erabili beharko zen.

3.- Bistan gera zitezkeen beste material mota guztiak bazterturik geratu beharko zuten.

4.- Muntai-lanak eta bestelakoak ezin hobeki egin beharko ziren, kontu handiz artelanak pitzadura edo akatsik izan ez zezan.

5.- Lan guztia eta xehetasun guztiak eraikin onek bete beharreko arauen arabera egin beharko ziren.

6.- Material guztiak entzute handiko aditu batek ikuskatu eta ontzat eman beharko zituen.

7.- Ager zitekeen edozein zailtasun nola konpondu planoaren egileak erabaki beharko zuen.

8.- 5.096 erreal kuartoko aurrekontuan sarturik egon beharko zuten zurgintza eta eskultura lanek.

9.- Lana, amaitu ostean, hiru epetan ordaindu beharko zen, eta ez zen onartuko aurrekontuari eginiko igoerarik.

10.- Ordainketak honela egin beharko ziren: lehenengo herena (⅓), derrigorrezko eskriturak sinatutakoan; bigarren ⅓-a, lana entregatzean; eta, azken ⅓-a, lana amaitu eta handik urtebetera.

11.- Lanak urte hartako urriaren 1erako amaitua egon beharko zuen.

12.- Ugazabek 6., 7. eta 11.baldintzetan jakintsu bat izendatzeko eskubidea izango zuten.

13.- Ugazabek konfiantzazko pertsona bat aurkeztu beharko zuten lanak hasi aurretik, lehenengo ordainketari erantzuteko.

14.- Eta, lana amaitzean, akats edo biziorik agertzen bazen, urtebeteko bermea edukiko zuen erretaulak.


Iturria: …………

Berastegiko Udal Artxiboa

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina