SARRERA

SARRERA

Blog honen bidez nere helburua Berastegi eta bere inguruko natura eta historia jorratzea izango da.

miércoles, 8 de agosto de 2018

PEDRO MUÑAGORRI OBINETA


PEDRO MUÑAGORRI OBINETA

Apezpiku eta misiolari, 1865eko ekainaren 29an jaioa Berastegiko Gorrinea etxean. Felix Pedro Muñagorri Loidi zuen aita eta ama Mª Dolores Obineta Zaldua, bederatzi anai-arrebatan seigarren senidea zen.

1880ko irailaren 12an, 15 urterekin, dominikar abitu-hartzea egin zuen Ocaña eskolan, eta han eman zuen urtebete ikasten.

Boto handiko profesioak hartu zituen 1884ko irailaren 14an Avilako Santo Tomas komentuan. Ikasketak burututakoan, eta subdiakono izendatutakoan, Manilako Santo Domingora destinatu zuten, eta han jaso zuen diakonotza 1887ko irailaren 24an. Aitor-entzule izanik misiolari joan zen, 1888ko ekainaren 14an, Tun-King zentralera.


1888ko uztail hasieran Manilatik atera zen, eta hil horretan Oñate jaunaren eskutik presbiterotza jaso zuen Phú Nhai herrian. Uztailaren 20an, Manilako Santo Domingon apaiz izendatu zuten, eta misiolari ibili zen lur haietan zehar. Jende asko kristautu zuen, ospitaleak eraiki zituen eta Tun-Kingen egundoko tenplua ere eraiki zuen, Jesusen Bihotz Sakratua. 1903an hasi ziren tenplu hori eraikitzen, eta 3 urteren buruan amaitu zuten.


1907ko abuztuaren 13an, bikario izendatu zuten Vietnamko Tun-King bikariotza apostolikoan. Handik urtebetera baino lehen, 1908ko urtarrilaren 5ean, gotzain izendatu zuen Maximo Velascok Pitsunda herrian, Valentin de Berrío-Ochoa dohatsuaren oinordeko.

1924ko martxoaren 12an, Vietnamko elizbarrutiei izena aldatu zien bertako administrazioak, eta Pedro Muñagorri Bui Chu bikario apostoliko izendatu zuten.


Hona hemen El Pueblo Vasco egunkarian agertutako gertaera, 1926. urteko Berastegiko jaietan, bertako seme eta gotzain zen Pedro Muñagorriri egin zioten ongi etorria, 40 urtez Indotxinan ibili ondoren hangoak kristautzen.

Abuztuaren 9an, astelehena, arratsaldeko zortzietan egin zuen sarrera Berastegira. Herriko mugaraino ibilgailuan joan zitzaizkion harrera egitera udaleko ordezkariak: alkatea, idazkaria eta zinegotziak.
Arrosiko errota inguruan, errepidearen alde batetik bestera, pankarta bat jarri zuten: <<Berastegui postutzen da zure etorrera kin>>; herri sarreran, berriz, beste bat: <<Zure erriyak ongi artu zaitzala>>; eta herriko enparantzan lore uztai dotore bat idatzi honekin: <<Erri ontako seme agurgarriyeneri ongi etorriya>>. Etxe guztietako balkoi eta leihoak apainduak ageri ziren, ikusgarri zeuden.



Herriko enparantza jendez gainezka zegoen. Bertan, gurutzea altxatuta, gotzaina, hainbat apaiz eta Saturraran apaizgaitegiko ikasleak ere zain zeuden. Handik pixka batera, auto-ilara bat sartu zen herriko enparantzan, eta haietako auto batetik Pedro Muñagorri jaitsi zen aita dominikar bat lagun zuelarik. Herriko erretorea aurreratu zitzaion ongi etorria ematera eta bertako ordezkariak aurkeztera.
Javier Arregui apaizak zuzendutako abesbatza misto batek euskaraz abestu zuen gotzain jauna goraipatzeko. Geroago, batzorde guztia elizalderantz abiatu zen Tolosako danbolin-jole taldearen atzetik. Bide guztian abesbatza abesten joan zen. Elizaren sarreran, hostoz eginiko arku bat jarria zeukaten idatzi hau zuela: <<Filium episcopum salutat natalis ecclesia>>. Eliza ikusi ondoren, berriro ere plazara joan ziren denak batera. Plazan, haurtzaroko lagun eta familiartekoak aurkeztu zizkioten Pedro Muñagorriri. Ilunabarrean, gotzaina familiarteko zuen Juan Labayen apaizaren etxera erretiratu zen, bertan hartu baitzuen ostatu.



Asteartean, San Lorenzo patroiaren egunean, udalbatzarra eta gainerako agintariak Tolosako danbolin-joleen atzetik, Pedro Muñagorri buru zela, elizara joan ziren, meza pontifikala ospatzera.




Andres Viquendik zuzendu zuen meza, Javier Arreguik abesbatza eta organoa Norberto Almandozek jo zuen, Sevilla metropoliko katedraleko organo-jolea zen bera. Meza amaitu ostean, fededun guztiek erlikiari eta gotzain misiolariaren eraztunari musu eman zieten.



Zeremonia amaituta, plazako frontoian esku-pilota partidu interesgarria izan zen. Bertan, Azkoitiko Chiquito anaiek, Berastegiko Miguel Mari eta Andoaingo Saroberen aurka jokatu zuten. Gotzainak ere ikusi zuen partidu hartan Azkoitiko anaiek 25 eta aurkariek 20 tanto egin zituzten.
Ondoren, udaletxeko batzar-aretoan, otordu ofiziala egin zuten Pedro Muñagorriren ohorez. Bere inguruan berrogeita hamar mahaikide eseri ziren, eta menua Kako jatetxekoek zerbitzatu zuten. Bazkalostean, giro ezin hobean, esker oneko hainbat hitzaldi zuzendu zitzaizkion gotzainari, eta aretoan bertan zegoen haren erretratua sinarazi zioten P. Muñagorriri. Azkenik, gotzainak, eserlekutik altxatuta, eskerrak eman zituen omenaldi harengatik.


Jaioterrian hiru egunez egon zen, eta urtebete eman zuen Espainian zehar bere elizbarrutirako baliabideak eskatzen hainbat agintariri, tartean, Alfonso XIII.ri ere bai.

Pedro Muñagorrik bideratzen zuen Bui Chu elizbarrutia izugarri handitu zen, eta berak bakarrik eramateko lan handiegia zela-eta, bi zatitan banatzea erabaki zuten. Hala, 1934. urtean, Pio XI. Aita Santuak bi zatitan banatu zuen elizbarrutia. 1935eko martxoaren 3an, Ho Ngoc Aita dominikarra Bui Chu-ko gotzain izendatu zuen Aita Santuak, Pedro Muñagorriren ordezko; Thai Binh elizbarrutia, berriz, gehienbat misiolari espainiarrez osatua geratu zen.


1936ko ekainaren 17an hil zen Pedro Muñagorri 70 urte zituela, Vietnamko Tun-King herriko Jesusen Bihotz Sakratua katedralean lurperatu zuten.


LONTXO ERASO OTXANDORENA


Lontxo Erasorekin aritu gara berriketan, hainbat lan egin eta egiten ari den herritarrarekin. Gure mendi, txoko eta inguruak oso ondo ezagutzen dituen mendizale amorratua da, eta berak eginiko lanez hainbat mendizaleri erosotasuna eskaintzea eta haiek urez hornitu izana eskertzekoa da.



- Noiztik edo nola sortu zaizu iturriak egin edo berreskuratzeko afizio hori?

Nirea beti mendia izan da. Kanpoko herrietara joaten naizenean, han ikusten ditudan aterpe eta iturriak ikusita, nire buruari galdetzen nion: Berastegin, zergatik ez? Eta horrela mendian iturburu bat ikusten badut, hari begira egoten naiz udazken aldera arte, ea lehortu edo agortzen den, iturri bat egiteko.

-Lehendabizi eginiko iturria zein izan zen ?

Autobia azpitik pasa eta Gorosmendiko bidean egin nuen 2001. urtean, bere askarekin eta guzti, abereek ere bertatik edan zezaten. Baina denbora gutxira puskatu egin zuten, kanila konpondu zitzaion, baina aska ez nuen konpondu.



- Zenbat iturri berreskuratu eta zenbat sortu dituzu zaletasun honekin hasi zinenetik?

Denera hamarren bat momentuz. Hauek eginak: Gorosmendi bidekoa, Urdelar azpikoa, Leitzarango bi, Plazaola bidekoa, Muga-Gorosmendi bidekoa. Eta konponduak: Franko iturria, Errotakoa, Amasa bidekoa, Urepel azpikoa.

-Egin dituzun lan guztiak Berastegiko eremuetan izan dira ala herri inguruetatik kanpo ere egin dituzu?

Herriko eremuetatik kanpora ere egin ditut, Urdelar azpikoa eta Amasa bidekoa; bi horiek Elduaingo mugetan daude.

- Iturriez aparte, aterpeak, bideak eta bidezidorrak garbitu, idatziak egin… Nondik lortzen duzu lan horiek denak egiteko materiala?

Kontrabandoko bidea ere garbitzen dut: Ameraundik Abade Gurutzerako bideari San Fermin inguruan ematen diot garbiketa, garorik gehien dagoenean, eta Plazolatik Guardetxera Olizar aldera doanari ere bai; bide horiek garbitu ezean galdu egingo lirateke eta.
Material gehienak jendeari mesedeak eskatuz lortzen ditut, ijitoen moduan. Hala ere, beti sortzen zaizkit gastuak: kanilak, porlana, erremintak, horien matxurak...



- Laguntza ekonomikorik jasotzen al duzu lan hauek aurrera eramateko?

Eskuz bai, baina ekonomikorik ez. Esate baterako, Etxordeko Ildefonsok mugako aterpearekin lagundu zidan. Gorosmendiko aterperako materiala Antsoneko Luisitok eta nire anaia Luisek jarri zuten, eta gu hiru anai, Torreko Juanito Rubio, Elberdingo Eugenio, Zamargingo Aitor eta Jose Luis Saizar aritu ginen lanean; agian, norbait ahaztu zait... Hori bai, bukatu genuenean afari bat antolatu genuen geure artean bertan, eguraldi zoragarria egin zigun, bertan afaldu, muturrak berotu eta goizeko hiruretan oraindik inork presarik ez erretiratzeko! Ederki inauguratu genuen!




- Iturri bat eraiki edo berritzerakoan dudaren bat sortzen bazaizu, ur hori analizatzera eramaten duzu kontsumorako egokia den ikusteko. Analitika hori garestia izaten al da? Nora eramaten duzu?

Analizatzera eraman izan ditut bai, eta nahiko garesti ateratzen da. Amasako iturrikoa, adibidez, burdin asko du eta nire baitan esaten nuen: Nik hau egin det, baina norbaiti zerbait gertatzen bazaio? Erruduna ni! Eta mesfidantza horrekin Tolosan, Nafarroa Etorbidean, dagoen laborategira eraman nuen ur hori analizatzera. Bertan anekdota txiki bat gertatu zitzaidan:
Laborategian datuak hartzen ari zitzaidan, eta iturria non zegoen argibideak ematen ari nintzaiola, bata txuridun gizon bat gerturatu zitzaidan, eta honela esan zidan:

- Zein iturri da, azkena eginiko hori? Hor...horrela eta horrela?
- Bai.- erantzun nion.
- Baaaa...txarra ez da izango, lehengo igandean edan nuen hortik eta oraindik bizirik nago!

- Kalitate oneko ura al daukagu inguruetan?

Bai, nahiko kalitate ona daukagu. Ur burdindu hori edan litekeela esan zidaten laborategian, baina ez kantitate handia edo egunero.



- Egin duzun lanetatik, zein da harroen sentiarazten zaituena? Edo zein lanengatik goraipatu zaituzte gehien?

Nik egina izan balitz Franko iturria izango zen gustuen geldituko nintzena, baina ez da nik egina, lehendik han zen, berritu bakarrik egin dut. Baina, halere, oso gustura geratu naiz.
Mugako aterpea ere nahiko praktikoa geratu da, jende asko ikusten da bertan atseden hartzen, eta askok esan didate oso ondo dagoela.