SARRERA

SARRERA

Blog honen bidez nere helburua Berastegi eta bere inguruko natura eta historia jorratzea izango da.

viernes, 4 de septiembre de 2015

MARTIN AGIRRE, Motela ijitoa.

Ijito bat alde banatara bi zaldi dituela.


Pertsonaia bitxi baten istorioa duzue segidan: Motela ijitoa Berastegin harrapatu zuteneko pasadizoa.

Martin Agirre, Motela, Berastegin harrapatu zutenekoa.

Pedro Jose Ibarrola, Berastegiko alkatearen aitormena:
1780ko urriaren 11n, iluntzeko zazpietatik zortzietara bitartean, Aintzergako teilerian ijito-kuadrilla bat zegoela jakinarazi zidaten. Bi zaldi ere ba omen zituzten, eta haietako bat Motela ijitoarena izan zitekeela esan zidaten. Juan Antonio Labaien aguazilari agindu nion hamar bat gizonezko biltzeko udaletxean eta ijitoak harrapatzera joateko.

Aguazila etxez etxe joan zen konfiantzazko gizonen bila, eta udaletxean elkartu ziren Martin Lujanbio, Manuel Labaien, Miguel Etxeberria, Domingo Iparragirre, Juan Ignacio Goikoetxea, Santiago Iparragirre, Martin Arrue, Martin Iparragirre, MartinGartziarena, Andres Gartziarena, Juan Berastegi eta Juan Bautista Bidasola.

Udaletxeko pleno-aretoan fusil bana, bolbora eta bina bala eman zitzaizkien. Armak kargatu eta herritik 4 bat miliatara dagoen teileriarantz abiatu ziren, bizirik edo hilik harrapatzera ijitoak. Ilargi beteko gaua zen, eta ez zuten ijitoek alde egiterik nahi. Alkateak, taldearen buru zihoanak, lau gizonezkori Cristobal Saizarren terrenoaren bidegurutzean jartzeko agindu zien, eta gainerakoak, Ibarrolaren agindupean, teilerian sartu ziren.

Ilun samar zegoen teileria barruan, hala ere, nabari zen lau lagun lo sakonean zeudela. Alde batean, gizonezko bat eta emakumezko bat zeuden eta, beste aldean, bi gizonezko. Alkateak dei egin zienean,Motela, salto batean, paretaren kontra zuen eskopeta hartzen saiatu zen.Domingo eta Santiago Iparragirre haren gainera joan eta eskopeta kendu zioten; orduan, Motelak punta zorrotzeko labana atera zuen eta Ibarrolari labankada sartu nahian hasi zen, Andres Gartziarenak besotik heldu zion, baina Motelak labana beste eskura pasa eta Andres Gartziarena eta Jose Antonio Labaieni ebakiak egin zizkien eskuetan. Miguel Etxeberriak lortu zuen labana kentzea, fusilarekin besoan kolpea emanda. Motelak ahaleginak egin zituen askatzen, baina Domingo Etxeberriak Motelaren beraren eskopetaren kulatarekin buruan eman zion kolpearekin bota zuen lurrera. Hala, eskuak bizkarrera lotu zizkioten.

Kartzelara bidean jende asko atera zen ikustera, eta emakumeak alde egitea lortu zuen jendartean ezkutatuta; herri guztian barrena haren bila ibili baziren ere, ez zuten aurkitu. Udaletxeko kartzelan sartu zituzten gizonezkoak. Ez zitzaien asko inporta emakumeak alde egin izana, helburua Martin Agirre Motela harrapatzea baitzen. Izan ere, herrietan beldur zioten harenekintzengatik. Maiz eramana zen kartzelara, baina beti alde egitea lortzen zuen.


Leitzako alkateak, Juan Miguel Oterminek, Berastegiko Udalari zuzendutako gutuna (1780-10-16).

Berastegiko kartzelan Martin ijitoa preso duzuela jakin dut. Petrikiloa dela esaten du, baina alferra, gaizkilea, hiltzailea eta lapurra da. Baionako kartzelatik beste batzuekin batera egin zuen ihes gaizki ibiltzeko. Goizuetako alkateak eta nik gure kartzeletara ekartzeko eskatzen dugu, eta Jose Ibarrolari, Berastegiko alkateari, eskatzen diot nirekin elkartzeko Franki baserrian.

Tolosako kartzelara eramateko eskaera Berastegiko alkateak (1780-10-18)

Kartzela honetan behar adinako segurtasunik ez dagoenez, Martin Agirre MotelaTolosako kartzelara eramatea eskatzen dut.

Mendizabal lizentziatuaren eskaera informazioa jasotzeko (1780-10-18). Martin Agirre Motelaren aitortza.

Aranazko Francisco Agirre eta Maria Bautista Indazabalen semea naiz, Arbizun jaio nintzen eta 58 urte ditut. 9 urterekin amaren ondotik joan nintzen, Sunbillara, nekazari aritzeko Juan Antonio Alzuanterekin, Ondagoanena etxera, eta han egon nintzen lau urtez. Ondoren, nire aitak Aranazera eraman ninduen, eta han ere lurra lantzen aritu nintzen 17 urtetik 18ra. Handik Inurainera joan nintzen eta han bizi izan nintzen bi urtez, bizi nintzen etxeko nagusiaren alabarekin harremanetan hasi nintzen arte. Orduan, Nafarroako kontseiluak preso hartu ninduen eta Afrikako Orango kartzela batean lau urte eman nituen. Handik aterata, Sunbillara itzuli nintzen eta abadearen morroi ibili nintzen bertako parrokian. Sunbillan ezkondu nintzen Catalina Erasunekin, eta ezkonduta Jauntsaratsen jarri ginen bizitzen. Ardandegia hartu genuen errentan, sei urte eman nituen han. Handik Gorritira joan nintzen, berriro ere nekazari aritzera.

Gorritin jaio ziren bi seme eta alaba. Emaztea eta seme bat hildakoan, Bizkaira joan nintzen, Arratia aldera, beste semearekin eta alabarekin. Ardi mozten lau urtez ibili ondoren, berriro Nafarroara itzuli nintzen, Araitzera. Etxez etxe ibili nintzen malaria sendatzen eta petrikilo. Bedaiora joan nintzen handik, Elizetxean bizi izan nintzen beste lau urtez, nire iloba Francisca Hubizi neskame nuela. Feliciana Nabarlazekin harremanak izan nituen, eta beste seme bat izan nuen Zornotzan bataiatu zutena; Azkaraten bataiatutako alaba bat ere izan nuen. Biak Felicianarekin daude.

Felicianak nirekin ezkondu nahi zuen, baina Maria Etxeberria eta beste aholkulari batzuk trabak jarri zizkioten.

Orain dela hilabete eta erdi, Kapero izengoitia duen gazte bat agertu zen nire etxean. Bere anaia zaharragoarekin etorri zen, gaixo baitzegoen.Nire erremedioak emateko eskatu zidan, eta sendatuta itzuli ziren Frantziara. Duela 21 egun, berriro etorri zen Kapero, Juanis izeneko Ziburuko marinel batekin, hura ere gaixorik zegoela-eta. 8-9 egunetan sendatu zen, baina ahul samar zegoelako Azkaraten Miguel Olageri zaldi bat hartu genion errentan, eta Gaztelu aldera abiatu ginen.

Gaztelura iritsitakoan, ostatura bidali nuen Juanis ardo, ogi etabakailo bila. Herri honetako teilerian gaua emateko asmoz abiatu ginen Berastegirantz. Goizean besteak Andoain aldera joatekotan ziren eta ni, berriz, Tolosara erdi hondatua nuen eskopeta konpontzera, eta handik Bedaiora. Gaztelun Maria Josefa izeneko neskatxa bat zegoen, 18-19 urtekoa, lehendik ere ezaguna nuena, eta esan zidan Aresora zihoala eta ea gurekin etor zitekeen, gaua teilerian pasa eta biharamunean Aresora joateko. Halaxe iritsi ginen laurok teileriara.

Presoak Tolosako kartzelara.

1780ko urriaren 20an, Berastegiko aguazilak, Juan Antonio Labaienek, Domingo Arrondo Tolosako aguazil eta kartzelazainari entregatu zizkion Martin Agirre Motela, Juanis frantsesa eta Pedro Etxeberria Kapero.


1780-10-24an hamahiru lekukoren testigantza jaso zen atxilotuen kontra.

Andres Txurdangi, Martin Gartziarena eta Juan Ignacio Goikoetxea lekukoek esaten dute orain dela 30 urte baino gehiago ezagutzen dutela Martin Agirre Motela, ez duela lanbiderik eta Bedaion bizi izan dela azken laur urteetan. Badakite Orango kartzelan egon zela lau urtez, baita Baionakoan ere, eta handik alde egin zuela. Emagaldu askorekin izan zuela harremana eta ezkondua egon zela ere badakite, ez dakite zenbat seme-alaba dituen.

Duela hiruzpalau urte ikasle bat Iruñera zihoan estudiatzera, Beizamako Miguel, Aian bizi dena. Elduainen zihoala hiru gizonezko atera zitzaizkion, Motela haien artean, atzetik jarraitu zioten eta gaztea, ikaratuta, zaldia eta maleta utzi eta herrira jaitsi zen korrika. Martin Gartziarenarekin elkartu zen eta honek eta beste batzuk lagundu zioten Goio mendira. Han zegoen zaldia, baina gazteak esan zuen liburuak eta maleta barruan zeraman guztia falta zela.

Jose Luloagaeta Juan Bautista Gartziarena lekukoak. Juanek esan du badirela 32 urte Motela eta haren ama Mª Bautista ezagutzen dituela, Torrea etxeko ijitoa bera. Badakiela Donostiako kartzelan egon zela frantses batekin eta handik alde egiten saiatzeagatik luzatu egin ziotela kondena. Luloagak esan du orain dela 16-17 urte Urkizutik behera Plazaolakoburdinolara joan zela, eta bueltakoan, AintzerganMotela ikusi zuela bere anaia danbolin-jolearekin batera eta zaldi bat zeramatela. Geroxeago Juan Bautista Gartziarenarekin elkartu zela eta hark esan ziola zaldi bat falta zitzaiola. Baina ez zituzten gehiago ikusi. Juan Bautistak Motelaren kontrako salaketa jarri zuen eta handik urte eta erdira-edo zaldiaren balioa kobratu zuen, baina ez besterik.

Miguel Antonio Etxarren, Andres Lasarte eta Juan Bautista (JuanitoGorostazurenartzaina) lekukoak. Uli mendian gindoazen hirurok eta hiru gizonezko ikusi genituen ahari bat zeramatela. Motela zen haietako bat, galdetu genien ea aharia beraiena zen eta gizon batek eman egin ziola esan zigun. Kendu egin genion aharia, ez baitzigun esan nork eman zion.

Agustin Alkain, Martin Kortajirena, Joaquin Olaondo eta Ignacio Garaialde lekukoak. Agustin Ibin mendian zegoela hiru gizonezko ikusi zituen, Motela haien artean. Fardelak zeramatzaten Ollokiko burdinola bidean. Ondoren Alsua etxeko artzaina ikusi zuen, Ignacio, eta Goikoetxeakoa, Juan Bautista. Haiek esan zioten bordetan lapurreta egin zietela: kobrezko pertz bat eta taloak erretzeko burdinazko txapa bat.

Juan Esteban Urroz eta Juan Martinez Etxeberri lekukoak, Belabietan borda dutenak. Igande goiz batean herrira jaitsi zen meza entzutera eta arratsaldean igo zenean 4 ardi falta zitzaizkiola ikusi zuen, leku berean zeukan artaldea Juan Martinezek eta hari ere hiru ardi falta zitzaizkion. Bedaioko Juan Bautista Zabalak esan zion ekainaren 25ean Motela ikusi zuela zazpi ardi eramaten Santi Tolosako harakinari. Juan Martinez de Etxeberriak esan zuen igande hartan bertan bere bordatik bi alkandora eta olio ontzi bat faltatu zirela.

1780-10-29an Motelaren zaldiak enkantean jarri ziren.

Juan Antonio Labaien, Berastegiko aguazilak, enkantean jarri zituenMotelaren bi zaldiak. Lehenengo enkantea Miguel Gartziarenak irabazi zuen 151 erreal kosta zitzaion zaldia;bigarrena, berriz, Arribeko Juan Angel Gartziarenak lortu zuen 136 errealen truke.

1780-11-29an Gazteluko eta Leitzako lekukoen aitortza jaso zen.

Sebastian Mugarza lekukoak esan zuen urriaren 11n Santa Kruz ermita ondoan zegoela Motela ikusi zuela mutil frantses batekin, eta haiekin batera emakume bat eta bi zaldi. Motelari galdetu ziola ea ezagutzen zuen aurretik zakur batekin zihoan gizonezkoa eta esan zion Villafrankakoa zela eta erantzun zuen ezetz, Azkaratekoa. Harengana arrimatu ziren eta eztabaidan aritu ziren. Frantsesak aizkorakada batzuk bota zizkion eta Azkaratekoak alde egin zuen.

Martin Arrillaga lekukoak esan zuen Gazteluko bere ostatuan zegoela Juanis frantsesa etorri zela ardo bila eta ordaindu zuela.

Bautista Zabala lekukoak esan zuen Motela Bedaioko beste gaizkile batzuekin elkartzen zela eta herritik kanpo denbora asko ematen zutela gaiztakeriatan eta bide lapurretan. Herri askotatik bidali izan dutela adierazi zuen eta behin baino gehiagotan alde egin izan duela preso egon den kartzeletatik.

Aiako Pedro Irastorza, haren emazte Catalina eta alaba Ana Ignacia, eta Juan Antonio Izeta lekukoak. Duela lau urte Gazteluko ostatuan zeudela Motela etorri zen beste ijito batekin eta Vicente izeneko mutil kozkor batekin. Ardoa edaten ari zirela beste bi gizonezko etorri zitzaizkien: Aiako Miguel eta Zaragozako mediku bat. Vicente gaztea ostatutik atera eta Nafarroarantz abiatu zen, geroxeago Miguel eta medikua ere bide hartatik joan ziren eta, azkenean,Motela eta ijitoa ere atera ziren. Goizeko 12:00ak inguruan Goio mendian Migueli eta medikuari hiru gizonezko atera zitzaizkien eskopetak eskuetan zituztela,Motela zen haietako bat. Zaldiak eta medikuaren maletak utzi eta Berastegirantz ihes egin zuten. Gizonetako batek tiro egin zien, baina ez zuen harrapatzerik lortu.

Leitzako Juanabordako Juan Bautista Mauleon, haren Andrea Mª Ignacia Lizarza eta Miguel semea lekukoak. Etxera itzuli zenean, andreak esan zion gizonezko bat etorri zela pipa pizteko su eske. Geroxeago zuriz jantzitako fraide bat agertu zen zeharo ikaratuta bi gizonezkok tabakoa eta zeukan diru gutxia lapurtu zizkiotela esanez. Miguelek, semeak, esan zuen ganadu bila zihoala Motela ikusi zuela beste gizon batekin eta zuriz jantzitako fraide batekin hizketan. Santuleku, Artaleku eta Urzuriagan ikusita ezagutzen zuela Motela esan zuen.

Biharamunean Leitzan hiru gizonezko armekin ijitoen bila abiatu ziren. Bezperan Urtoko burdinolan lan egiten zuten ikazkinak Urkizun lanean ari zirela Motela ikusi zuten beste gizon batekin batera, Navarrillo izenekoa, eta badakite Navarrilloren bila dabiltzala Bilbon.

Motelak bere lagunekin batera ihes egin zuen Tolosako kartzelatik.

Tolosako Santa Clara edo Naparrako zubiaren aspaldiko irudia.
Zumalakarregi museoko argazkia. ZM:P;1.

Martin Agirre eta haren bi kideak Plaza Zaharreko kartzela publikoan zeuden. Urtarrilaren erdi aldera Plaza Berriko kartzelatik Plaza Zaharrekora hiru preso eraman zituzten: Vicente Astiz, Jose IgnacioSanberro eta Martin Murua. Hirurak Motelarekin-eta batera jarri zituzten. Handik pixka batera bi marinel portugaldar sartu zituzten kartzelan.

1781eko otsailaren 1ean, gaueko 23:00ak inguruan oheratu ziren bakoitza bere lekuan, nahiko ardoeta pattar edanda. Goizaldeko 02:00ak inguruan Vicente Astizesnatu egin zen, soinuak entzunda, eta Motela eta besteak atetik ateratzen ikusi zituen. Juanis frantsesa konturatu egin zen ikusi egin zituela, eta labana aterata mehatxu egin zion isilik egoteko, bahitu egin zuen eta ate nagusitik atera ziren. Santa Klara zubia pasa eta komentu ondoan neskatxa bat agertu zen, Motelaren laguna bera, behin baino gehiagotan joan izan zitzaion kartzelara bisitan eta, ondoren, ikusi izan zuen Domingo Arrondokartzelazainaren logelan sartzen. Lizartzatik pasa eta legoa batera-edo taberna batean sartu ziren, han ospatu zuten ihes egin izana. Arribe pasatakoan, Vicentek alde egitea lortu zuen, eta pare bat orduz sasi artean gordeta egon ondoren, Lizartzara bueltatu eta hangoekin hitz egin zuen.Lizartzarrek esan zioten neskatilak hartu zituela kartzelako giltzak eta hark ireki ziela atea. Vicente kartzelan aurkeztu zen bere errugabetasuna erakusteko.

Kartzelazainaren semeak ateak irekiak zeudela ikusi zuen, aitari hots egin zion, eta han bi portugaldarrak lotan zeudela ikusi zuten. Esnatu zituztenean esan zuten ez zirela ezertaz jabetu, ondo edanda hartu zutela lo-eta.

Kartzelazainakpreso egin behar izan zituen egun batzuk, eta fidantza ordainduta atera zen. Berastegiko herriak ordaindu behar izan zituen presoen mantenua, Tolosako kartzelarako lekualdatzea, abokatuak eta kasuaren instrukzioak. Denera: 2163 erreal.