SARRERA

SARRERA

Blog honen bidez nere helburua Berastegi eta bere inguruko natura eta historia jorratzea izango da.

miércoles, 16 de agosto de 2017

GERRA ZIBILAREN HASIERA BERASTEGIN


Berastegin eta inguruetan gertatukoaren kontaketa da idatzi hau, hasi Iruñeko estatu-kolpetik eta altxatutako gudarosteak Tolosa hartu zuen bitarte artekoa. Errepublikarren aldeko informazio gutxi dago oso, horregatik dira datu gehienak kolpea eman zutenen bandotik jasotakoak.

Gerra, edo altxamendua, 1936ko uztailaren 18an hasi zen Espainian, ofizialki behintzat; hurrengo egunean, uztailaren 19an, hartu zituen armak Nafarroak. Iruñeko Gaztelu plaza pixkanaka-pixkanaka jendez betetzen hasi zen; erreketez betetako autobusak iristen ziren Nafarroako bazter guztietatik, baita falangista batzuk ere. Eguna bukatzerako, milaka gerlari zeuden frontera abiatzeko prest, Espainiako bi koloredun banderak, eta karlisten eta falangisten ikurrak hartuta. Egun hartan, hiru urte iraungo zuen gerrarantz abiatu ziren soldadu-ilarak Iruñetik. Ilara haietako batek Tutor zuen Komandante, eta haren helburua Leitzara iristea zen Imaz Kapitainaren agindupean zeuden 99 erreketerekin batera; gehienak Olite, San Martin de Unx eta Beirekoak ziren. Arratsalde hartan bertan iritsi ziren helmugara.



Hilaren 20an, Leitzako Baleztena etxean ezarri zuten agintarien postua, eta goizetik gehitu zitzaien San Miguel tertzioaren bigarren kontingentea. Tolosatik joanak, 32 lagunek osatzen zuten taldea eta Pantaleon Zabala zuten agintari. Handik ordu batzuetara beste 18 soldaduko talde bat iritsi zen Donostiatik Leitzara, Loiolako kuartelean izandako altxamenduak porrot egin ondoren. Egunean zehar Leitzako bertako erreketeak ere gehitu zitzaizkien. Egun horretan bertan banatu zizkien Baleztenak txapel gorriak. Arratsaldean, hiru taldetan banatuta, Uitzirantz eta Betelurantz abiatu ziren.




Hilaren 21ean, Tutor Komandatea, 150 gizonekin batera, Urtoko mikeleteen postua hartzen saiatu zen. Baina Tolosatik etorritako gizon asko zeuden postu hartan, eta bi bandoen arteko tiroketatik harago ez zen besterik gertatu. Kolpistak Leitzara itzuli ziren.

22an, erreketeen beste eraso baten beldur, Urtoko postuan mikeleteak, errepublikarrak eta Batzokitik ateratako EAJren afiliatuak elkartu ziren Juan Antonio Castroren agindupean; Tolosatik eta inguruko herrietatik joanak. Kolpistak Urto zaintzen eta miatzen egon ziren, baina Leitzara bueltatu ziren erasorik egin gabe.

Uztailaren 23an, goizeko 11:00etan, kolpistek eskoletan gurutzeak jartzeko agindua eman zuten eta plazan errepublikar bandera erre zuten. Errekete nafar eta gipuzkoarrak plazan elkartuta, Tutor Komandanteak honakoa esan zien lehen batailara abiatu aurretik: “Erreketeok, mendi hauek distiraz bete zituzten heroi karlisten ondorengoak zarete. Laster izango duzue haien seme duinak zaretela erakusteko aukera”. Txistuaz lagunduta Oriamendiren Himnoa eta Gernikako Arbola kantatu zituzten, eta “Viva España!”, “Viva Navarra!”, “Viva Cristo Rey!” oihuak entzun ziren.

Arratsaldeko ordu batean atera ziren Urtorantz, errepidean barrena, eta Aresora doan bidegurutzera iritsitakoan, hiru taldetan banatu ziren: lehenengoa, Tutor Komandantearen agindupean; Villanuevarenean, bigarrena; eta, Zavalak aginduta, hirugarrena. Villanueva eta harenak mikelete-postura zuzendu ziren, gainerakoek mendira jo zuten: Tutor Uli aldera; Zabala, berriz, Gazpillo-txikiko parajeetara, Gorri tenientearekin batera.

Gorri Tenientearen esku zegoen sekzio bat Mikelete-etxea erasotzera bidali zuen Tutorrek. Menditik azkar batean jaitsita egin zuten eraso, eta mikeleteak zeuden postutik eusten saiatu baziren ere , mikeleteen postutik Joakin Muruzabal kolpista hil zuten. Errepublikarren bandoan 5 lagun hil ziren, frontean bertan batzuk, ospitalean besteak, Urton zaurituta eramanak (Jesus Murua, Polikarpo Izaeta, Balentin Arregi, Juan Goenaga eta Nikolas Bahon). Mikeleteen eta Tolosako Nazionalisten artean 5 lagun hartu zituzten preso; horietako bat, EAJko Pedro Ignazio Gonzalez tolosarra, Iruñean egon zen preso eta, ondoren, fusilatu egin zuten. Etxea defendatzen zuten gainerakoek Tolosara egin zuten ihes errepidean barrena. 12 Mauser mosketoi, 9 pistola, 2 errifle eta hainbat eskopeta harrapatu zituzten kolpistek. Lehenengo oztopoa gaindituta, Berastegirantz jo zuten; baina gaua mendian eman zuten badaezpada, herrian topatuko zituzten gorrien beldur.





Hilaren 24an, goizaldera, Gorospe eta Villanueva aurretik zituztela, Berastegi hartzera abiatu ziren mendian behera. Udaletxetik bandera batekin egin zieten seinale bidea libre zutela, eta halaxe sartu ziren herrian, inongo oztoporik gabe, kafesnea ere eskaini zieten udaletxeko tabernan. Tutor Komandanteak agindu hau inposatu zuen: “Hiru orduren buruan herri honetako udaletxean entregatuak behar dute suzko arma guztiak, eta jakinarazten da, denbora-tarte hori pasata, etxebizitza guztiak miatuko direla eta, bakarren batean armarik aurkitzen bada, jabea erahila izango dela Militarren Batzar Gorenak hala aginduta”. Arratsaldean erreketez betetako beste kamioi bat etorri zen Iruñeatik, Imaz zutela kapitain. 280 gizonezko baziren ordurako Berastegin, halaxe osatu San Miguel tertzioa.




Hilaren 25ean, Santiago Patroiaren egunean, erreketeek meza entzun zuten San Martin Parrokian, eta Gipuzkoako Karlisten buruaren ordezkariak, Juan Mª Gorospek, agindu hau eman zuen: “Goizeko 11:00etan, iraultza sektarioak kendutako Kristo Gurutziltzatuaren irudiak berriro jarriko dira herri honetako ikastetxean. Boluntario nafar eta gipuzkoarrei agintzen zaie ordu horretan herriko plazara azaltzeko Kristo Erregea gurtzera eta herriko bizilagunak ere gonbidatuak daude halako ekintza ikusgarrian parte hartzera”.

Eguerdian Tutorren zutabea bitan banatu zen. Talde batek, Tolosako errepidean barrena jaitsita, Elduain eta Berrobi hartu zituen, inolako erresistentziarik gabe; besteak, berriz, mendiz joanda, Belauntza hartu zuen. Han eman zuten gaua, kanposantuan, mendian eta baserri batzuetan postuak hartuta.

26an Belauntzan eta Leaburu inguruan zabaldu ziren kolpistak, errepublikarrek hartua baitzuten Leaburu. Izaskungo ermita ere hartu nahi izan zuten, baina lortu ez zutenez, inguruetan geratu behar izan zuten.

Belauntzan Tutorren soldaduak eta Bezerrenarenak elkartu ziren, azken horiek Lizartza hartzetik etorriak. Bi talde horien agintari Rafael Latorre jarri zen, eta errekete, falangista eta goardia zibilez osatutako bando hartan 386 lagun zeuden.

Hilaren 28an Leaburu hartu zuten eta hurrengo helmugatik, Tolosatik, kilometro gutxira geratu ziren.

Uztailaren 29an Salterainen txaletean jarri zen Latorre, eta Belauntzan, Leaburun, Gaztelun eta Ibarra inguruan zaintza-lanak egiteko agindua eman zuen.

Bataila Tolosara hurbiltzen zihoan bitartean, Berastegin zaintza-puntu estrategikoak jarri ziren. Lan horretan aritutakoak errekete boluntarioak ziren.


30ean kolpistek Belauntzako elizan entzun zuten meza. Talde hura indartuz joan zen:120 falangista gehiago, 18 karabinero eta Zaragozatik etorritako 18 goardia zibil. Berastegitik hasi eta Tolosa ingururaino kolpistak ziren nagusi, eta miaketek eta errepideetako kontrolek ez zuten etenik..

Abuztuaren 3an, arratsaldeko 16:00etan, Berastegi inguruetan 28 urteko mutil gazte bat , Atarrabiako Pablo Perez de Osada, tiroka hila agertu zen.

Abuztuaren 6an Gipuzkoako Karlisten Batzarretik agindu bat iritsi zen Berastegira: Martin Arregi Artola, Jose Mª Maiz Irigoien eta Jose Mª Intxaurrondo Danboreneak euren zinegotzi-karguak utzi behar zituztela, eta haien lekua beteko zutenak Ursino Aranalde Esnaola, Jose Joakin Azpiroz Lasarte eta Jose Placido Domintxin Zuloaga izango zirela. Horrela, Karlisten Batzarraren nahira osatua geratu zen Berastegiko Udala: Alkate, Luzio Etxeberria; alkateorde, Domingo Labaien; bigarren alkateorde, Luis Garziarena; eta zinegotziak, Miguel Joaquín Olaetxea, Gabino Lizarza, Jose Antonio Azpiroz, Jose Joaquín Azpiroz, Ursino Aranalde eta Jose Plazido Domintxin.




Hilaren 8an Tutorren gudalostea atseden hartzera eta indarrak berritzera Berastegira etorri zen Tolosa menpe artu aurretik. Gau hartan Pio Etxeberriaren tabernan eta Arregi Etxean 415 afari eman zituzten.

Belabieta aldera atera ziren abuztuaren 9ko goizaldean, eta 09:30erako iritsi ziren gailurrera, ordurako alde eginak ziren errepublikarrak handik. Uzturre aldera jarraitu zuten eta, bitartean, Leaburutik Izaskungo ermitara eta Orieta baserrira artilleria-erasoa egin zuten, han zeuden errepublikarren aurka. Uzturrera iritsi zirenek, hango gurutzea hartu ondoren, ermitari egin zioten eraso, eta errepublikar batzuk preso hartu zituzten.

San Lorentzo eguna mugitua izan zen oso bi bandoentzat eta baja asko izan ziren bi alderdietan, punturik estrategikoenak hartu nahian, tiroketak etengabeak baitziren. Kolpisten esku zeuden postuetara bonbak bota zituzten hegazkin errepublikarrek.

11n kolpisten ejertzitoak, erreketeak gehienak, Tolosa hartu zuen fronte batetik baino gehiagotatik sartuta.




Gerra Zibilak iraun zuen hiru urteetan, Berastegiko 144 bizilagunek egin zuten borroka frankisten alderdian, gehienak behartuak eta boluntario gutxi batzuk; 12 hil ziren, frontean batzuk, ospitaleetan besteak.